Autodeterminazio eske, Pirinioak argiztatuko dituzte 2022an

Gure Esku-k, ANCk eta Federacio d' Entitats Excursionistes de Catalunyak antolatu dute. Aiako Harria argiztatuz aurkeztu dute

Aiako Harria argiztatu zuten atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2021eko uztailaren 11
00:00
Entzun

Datorren urteko uztailaren 2an Pirinioetako 400 gailur baino gehiago argiztatzea. Horixe da Pirinioetako Bidea 2022, askatasunaren eta autodeterminazioaren alde Euskal Herriko eta Kataluniako gizarte erakundeek elkarrekin antolatutako lehen mobilizazioa. Gure Esku-k, ANCk eta FEEC Federacio d'Entitats Excursionistes de Catalunyak antolatu dute, eta atzo eman zuten egitasmoaren berri. Bidelagun izango dituzte Omniun Cultural eta Artistes de la Republica.

Aurkezpena bera datorren urtean egin asmo duten ekintzaren aurrerapen bat izan da. Alde batetik, ekitaldi politiko bat egin dute Orereta ikastolaren (Gipuzkoa) inguruan. Bertan izan dira Euskal Herriko eta Kataluniako ordezkariak: Gure Esku-ren bozeramaile Josu Etxaburu, ANCko presidenteorde David Fernandez, Omnium Culturaleko zuzendaritzako kide Blanca de Llobet eta Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkaria. Beste aldetik, hainbat herritarrek Aiako Harria argiztatu dute. Katalunian ere egin dute aurkezpena, eta Pedraforca mendia argiztatzearekin batera, Euskal Herriko eta Kataluniako ordezkaritza batek ekitaldia egin du.

Azkorbebeitiak jakinarazi ditu datorren urteko mobilizazioaren nondik norakoak: «2022ko uztailaren 2an, 400dik gora gailur argiztatuko ditugu, Pirinioetako luzerako 430 kilometroetan, mutur batetik bestera zeharkatuko duen argi lerro bat sortuz, Mediterraneoa eta Atlantikoa elkarri lotuz». Pirinioak Higer lurmuturretik Creuseraino argiztatu nahi dituzte. Ziurtatu du «parte hartzea ardatz» izango duen ekintza egin asmo dutela, baina herritar bakoitzaren mailaren araberako erronkak egongo direla. Bertaratu nahi dutenek izena eman beharko dute.

Bi herri bat eginda

Euskal herritarrek eta kataluniarrek elkarlanean antolatutako ekinaldia izango dela nabarmendu du Etxaburuk: «Mobilizazio eusko-katalan bateratu honen bidez, burujabetzako bidean elkarlanean aritu eta indarrak batzeko konpromiso herritarra nabarmendu nahi dugu». Herriari hitza ematea eta haren erabakiak errespetatzea eskatuko dute, azaldu duenez: «Lurralde bateko herritarren gehiengoak estatu berri bat sortzea hautatuz gero, posible izan behar du herri borondate demokratiko hori bururaino eramatea». Jose Antonio Agirre eta Lluis Companysek erbestera jotakoan zabaldu zuten mezua kontuan hartzea nahi du: «Mezu argi bat utzi ziguten ondorengo belaunaldiei: gure borrokak partekatuak dira, beraz, parteka dezagun ere askatasunerainoko bidea».

Euskal Herriko ordezkariek ez ezik, Kataluniakoek ere hartu dute hitza ekitaldian. Fernandezek azaldu du zein izango den ekintzaren xedea: «Nazioarteko komunitatearen arreta piztu nahi dugu herrien autodeterminazio eskubidearen aldeko kausa justuari begira, harresiak bota eta irtenbide demokratikoak irekitzen lagundu gaitzan». Mezu argia hedatuko dute: «Ez dugu indarrez ezarritako mugarik nahi, aski da errepresioarekin, herri borondateari oztopo antidemokratiko gehiagorik ez, eta, azken batean, Europako herriak izan daitezen izan nahi dutena».

Euskal Herriari eta Kataluniari antzekotasunak ikusten dizkio de Llobetek, eta haiek bistaratu ditu: «Balioak eta helburuak partekatzen ditugu, baita oztopo eta zailtasunak ere, gainditu nahi ditugunak, elkarlan, inteligentzia kolektibo eta esfortzuaren bidez». Pirinioak ere lotunetzat ditu, ez mugatzat; Espainia, berriz, beste aldean dagoela deritzo: «Beste aldean, Espainiako Estatuak indarkeria, kartzela eta errepresioaren bidez erantzuten dio oinarrizko eskubideak eta bozkatzeko eskubidea erabiltzeari». Nabarmendu duenez, «bidezko helburu demokratikoei, askatasun nahiari eta guztiontzat etorkizun hobeago baten alde borrokatzeari» uko egitea bilatzen du horrela, baina, haren hitzetan, errepresioak legitimatu baino ez du egiten, «kausa justu gisa, autodeterminazio eskubidea erabili eta estatu independente bat lortzeko borroka». Herritarren babesa ere badutelakoan dago: «Ez, ez dute lortuko guk amore ematea, jendearen indarra alde dugulako, jendea prest dagoelako ibiltzen jarraitzeko eta oztopoak gainditzeko, gailurrera iritsi arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.