21. Korrika

Lur idorrean euskara ereiten

Korrikak beste urrats bat egin du Nafarroako hegoaldean, herri guztietan babesa lortuta. Lasterketa ari da «normaltasuna» lortzen, aurkako jarrera batzuk badiren arren. Iruñera helduko da gaur Korrika

Jende ugari ibili zen lekukoaren atzean, batez ere haur eta gazteak. IÑIGO URIZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
Tafalla
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Euskal Herriko lur idorrenetara jo du Korrikak, Nafarroa hegoaldera. Lugorria da euskararentzat ere: irabazteko lur eremua, ereitekoa. Bide horretan beste urrats bat egin du Korrikak: herriz herri lortu du babesa, batez ere belaunaldi berrien eskutik. Klika leloak erabileratik haragoko esanahia dauka eremu horietan. Euskaldun dentsitatea txikia da, eta erabiltzeko aukerak, urriak. Ezagutza ari da aurrerantz, batik bat gazteen bidez, eskolan. Giltzarria da jarrera, eta horretan eragin nahi du, hain justu, Klika leloak. Korrika ari da bidea zabaltzen, herritarren begietan «normalizatzen», lur idorrean ereiten, nahiz eta euskararen aurkako jarrera oldartua den.

Nafarroa izan du abiapuntu 21. Korrikak, eta orain arteko bidea herrialde horretan egin du. Garesen hasita, Lizarra aldera jo zuen herenegun arratsean, eta hegoaldera gauean. Tutera izan zuten goizaldeko gune nagusia atzo, Erriberako hiriburua: bitan igaro zen, 06:30ean eta 08:30ean. Belaunaldi berrien eskutik bete zituzten kaleak. Arratsaldean, berriz, iparralderantz jo zuen lasterketak, eta Tafalla izan zen bilgune nagusia: harrera beroa jaso ohi du Korrikak, eta, ostiral arratsaldea izanik, are jendetsuagoa izan zen.


Jende ugari ibili zen Tuteran, lekukoaren atzean, batez ere haur eta gazteak. IÑIGO URIZ / FOKU

Herri batetik besterako bideak, hala ere, bakartiagoak izan ziren. Kilometro ugari bospasei lagunen babesean egin zituen Korrikako lekukoak. Ispilua da, euskararen errealitatearen ispilua. Eta kemenaren ispilua: euriari eta haizeari etengabe eutsi zioten lagun talde horiek, animoz, euskarazko jotak eta bertsoak kantatuz. «Oso ongi joan da. Oso animatuta». Emaitzarekin pozik zen Alizia Iribarren, Erriberako AEK-ko arduraduna.

Jende kopuruari dagokionez ez dute aparteko aldaketarik sumatu azken urteetan. Lehenago izan zen hori: orain hurrena Korrika Nafarroan hasi zenean, 2009an, Tutera izan zuen abiapuntu. «Orduan bai, nabaritu zen aldaketa jende kopuruaren aldetik». Beste aldaketa bat izan da orain, kopuruaz haragokoa, sakonekoa: «Jendea gero eta lasaiago irteten da Korrikara, normaltasunez: ez du beldurrik ondokoari esateko Korrikara doala. Hori da aldaketa».


Arturo Goldarazena Tafallako alkatea lekukoarekin. IDOIA ZABALETA / FOKU

Arrotza, «kanpokoa»

Jendeak adeitsu jokatu ohi du Korrikarekin: txalo egiten dute zenbaitzuek, edo sakelako telefonoarekin argazkiak egin, edo autoan pasatzean klaxona jo. Gutxiengoa da keinu zabarrak egiten dituena. «Kontrako jarrera badago, noski. Askorentzat, euskara oso arrotza da; kanpokotzat hartzen dute», azaldu du Iribarrenek. Kontrako jarrerak hauspoa hartu duela dio azken inkesta soziolinguistikoak: eremu ez-euskaldunean igo egin da aurka daudenen portzentajea.

Gobernuko aldaketarekin bat egin du horrek. Biak lotu ditu Mikel Arregik, Euskarabideko zuzendariak —Alesbesen egin zuten lasterka Euskarabideko kideek—: «Aldaketarekin batera, inposizioari buruzko mezu irmoak bidali ziren, eta horrek eragina izan lezake inkestetan». Iribarrenen iritziz, norabide orokorra positiboa da, baina irmoago daude kontrakoak: «Gero eta gutxiagok daukate aurkako jarrera, baina zarata handiagoa ateratzen dute».

Erriberan, Nafarroako eremu ez-euskaldunean egin zuen biderik gehiena atzo Korrikak. Euskarak lege babesik ez duen lekuan. Hori aldatzeko eskariarekin abiatu zuen bidea AEK-k, zonifikazioa gainditzeko aldarriarekin. Datorren legealdian izango ote den, itxaropentsu dago Arregi. «Parlamentuko batzordearen emaitza ikusita, baikor naiz: hauteskundeetako emaitzak berretsiz gero, aukera egon daiteke zonifikazioa gaindituko duen lege bat egiteko». Ofizialtasunaren aldeko aldarriak maiz egin zituzten atzo Korrikan.

Errigora Erriberan

Lege babesik gabe, gizarte eragileak ari dira euskara hauspotzen Nafarroako hegoaldean. Errigora egitasmoak, esate baterako, indar handia hartu du. «Bi ekoizlerekin hasi ginen, eta 24 dira orain». Ibai Sueskun mintzo da, proiektuko partaidea. Korrikako 200. kilometroa egin zuen Errigorak atzo, Arguedasen. Erriberako ekoizleen produktuak saltzen dituzte, eta irabaziak euskalgintzara bideratzen. Zubigintzan ari dira, beraz; lurra ereiten. Klika eragiten. «Hasieran, ekoizleek arraro ikusten gintuzten, baina ohartu dira jende normala garela. Herrigintza ariketa bat da hau: Aragoira eta Errioxara beharrean, iparraldera begira jarri ditugu ekoizleak. Sekulakoa da harreman natural horiek pixkanaka berreskuratzea».

Nafarroan egin du orain arteko bidea 21. Korrikak, eta gaur ere herrialde horretan segituko du. Hiriburuan izango da, Iruñean; bertan bukatu zen aurreko Korrika, Batzuk lelopean. Euskarara batzeko deia zabaldu zuten. Batu, jendetza batuko da gaur Iruñean. Klika izango dute orain lelo: aldaketa egitea, eta aldaketa eragitea.

KORRIKARI BURUZKO WEBGUNE BEREZIA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.