Torturaren hariak josten hasteko deia

Nafarroako Torturatuen Elkartea aurkeztu dute Iruñean. Tratu txarrak jasan dituztenen errolda osatuko dute, «justizia eta ordaina» lortzeko

JAGOBA MANTEROLA / @FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2021eko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak 2011ko urtarrilean eraman zuen Jon Patxi Arratibel Xafan, Ekin erakundeko kide izatea egotzita. Bost egunez izan zuten inkomunikatuta, eta denbora horretan bortizki torturatu zutela salatu zuen epailearen aurrean: poltsa, kolpeak, elektrodoak, lagun eta senideen aurkako mehatxuak... Tratu txarrei gehiago eutsi ezinik, Poliziak prestatutako deklarazioa sinatu zuen azkenerako, baina, bere izenaren ordez, Aztnugal idatzi zuen agirian (Laguntza, alderantziz).

Gloria Bosque Ezker bi aldiz atxilotu eta beste horrenbestetan torturatu zuen Polizia frankistaren Brigada Politiko Sozialak. Lehen aldiz, 1973ko ekainaren 19an, Iruñean. Bigarrenez, handik bi urtera, Valladoliden (Espainia). Bigarrenean, hamar egunez eduki zuten inkomunikatuta. Eskuak lotuta izan zituen ia une oro, biluzik egonarazi zuten, trapu bat ahoan sartu eta burua estali zioten toalla batekin, eta kolpeak eta irainak jaso zituen. Inkomunikazio aldiaren bukaeran, baso batera eraman zuten, eta fusilatuko zutela sinetsarazi zioten.

Bi testigantza horiek eta halako beste askok osatzen dute tortura polizialaren mosaikoa Euskal Herrian. Arratibelek eta Bosquek aspaldi eman zuten lehen pausoa: kontatzea. Orain, bizipen eta testigantza indibidual horiek guztiak josi nahi dituzte, beste askorekin batera ehundu, kontakizun ñabar eta osoago bat osatzeko. Torturaren errealitatea azaleratu eta justizia egiteko, alegia. «Nafar torturatuak gara», adierazi zuten atzo Iruñeko Zabaldi elkartean egin zuten agerraldian. «Gure historia hurbileko une batean zein bestean tortura geure azalean jasan dugunon testigantza bizia gara». Beren ahotsa isilarazi duen «60 urteko inpunitatea» errotik erauzi nahi dute, eta, horregatik, Nafarroako Torturatuen Sarea sortu zuten. Orain, elkarte izaera eman diote. Bosquek eta Arratibelek hitz egin zuten sarea osatzen duten guztien izenean.

Milatik gora torturatu

«Nafarroa osoko pertsonak gara, iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera. Izan ere, gure datuen arabera, Nafarroako 80 herritan baino gehiagotan bizi izan dute torturaren gaitza, eta 80 udalerri horietan, gutxienez, tortura kasu edo salaketa bat dago ikertu, aitortu eta ordaina jaso gabe», azaldu zuen Arratibelek. Guztira, milatik gora izan daitezke 1961etik 2012ra Nafarroan torturatutako pertsonak.

Beren sufrimendua «isildua, estigmatizatua eta ahanzturara kondenatua» izan dela diote. «Kuarteletan eta komisarietan gertatutakoaren ebidentzia argia izanik ere, erakundeetako zenbait arduradunek, hainbat alderdi politikok eta hedabide jakin batzuek beste alde batera begiratu dute». Bosqueren irudiko, isiltasun hori «susmo» bihurtu da askotan: «Gu kriminalizatzeko eta zigor bikoitza ezartzeko arrazoia ere izan da». Are: torturaren praktika «sistematikoa eta jarraitua» izan dela salatu zuten atzo, «eta ez soilik frankismo garaian».

Hori guztia salatzeko eta gizarteratzeko xedez sortu dute Nafarroako Torturatuen Sarea. Hiru helburu nagusi zehaztu zituzten atzoko agerraldian: «Torturatuen bozgorailu izatea, Estatuko segurtasun indarrek Nafarroan eragindako torturen eta tratu txarren errolda ahalik eta zabalena eta zehatzena egitea, eta pertsona horien guztien aitortzaren eta ordainaren alde lan egitea». Plangintza horri segika, Nafarroako Torturatuen Sarea hasia da torturak eta tratu txarrak pairatu dituztenen errolda osatzeko lanetan: formulario bat prestatu dute, biktimek izena eman eta beren kasua azal dezaten. Hil honetan eta hurrengoan, egitasmoaren berri emanen dute Nafarroako zenbait herritan, eta agerraldi horietan zerrenda osatzen hastea espero dute sustatzaileek. «Auzolan erraldoia egin nahi dugu, gure sarea zabaldu eta Nafarroan torturatuen errolda ahalik eta zehatzena osatu ahal izateko».

Hilaren 15ean hasita, testigantzak bilduko dituzte Iruñeko Zabaldi elkartean (asteazkenero, 18:00etatik aurrera), Altsasuko Kukuerreka elkartean (ostegunero, 19:30etik aurrera), Etxarri-Aranazko kultur etxean (ostegunero, 19:30etik aurrera), Leitzako Torrea tabernan (ostegunero, 18:00etatik aurrera), eta Barañaingo Akelamendi elkartean (ostegunero, 18:00etatik aurrera).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.