Abisua Baionan: ez dute bigarren etxebizitza gehiago onartuko

3.500 pertsonatik gora elkartu dira Herrian Bizi plataformaren mobilizazioan. Manifestu bat aurkeztu dute, aldaketarako irizpide zehatzekin

Milaka herritarrek parte hartu zuten protestan, atzo, Baionan. PATXI BELTZAIZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
«Aski!». Haserre mezua zabaldu dute milaka herritarrek Baionan. Eta abisua eman dute: 2024ko urtarrilaren 1etik aitzina ez dute bigarren etxebizitza berri gehiago onartuko Ipar Euskal Herrian. «Tokiko biztanleek herrialdean ostatu hartzeko eta bizitzeko duten eskubidearen aurkako eraso zuzen eta onartezintzat hartuko dugu».

Etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioa egin zuten atzo arratsaldean, berrogeitik gora eragile biltzen dituen Herrian Bizi plataformak deituta. Antolatzaileen hitzetan, 3.500 pertsonatik gora bildu ziren etxebizitzaren krisiari erantzuteko neurri eraginkorrak eskatzeko. Suprefeturatik abiatu, eta Xaho plazaraino ibili ziren, «Airbnb aski, herrian bizi!» eta «Lurra saldua, betiko galdua!» gisako oihuen artean. Bi erronka nagusi azpimarratu zituzten: bigarren etxebizitzen ugaltzearen aurka eta denei eskuragarri zaizkien bizitegien alde borrokatzea. Orain dela aste batzuk aurkeztu zituzten bizitegi sozialei begira plataformak egiten dituen proposamenak. Atzo, bigarren etxebizitzen kontrako manifestua aurkeztu zuten.

Ipar Euskal Herriko bost etxebizitzatik bat bigarren etxebizitza da, Euskal Hirigune Elkargoak zabaldutako datuen arabera. 45.000 inguru dira gaur egun, lurralde berean dauden bizitegi sozialak halako bi. Lapurdi kostaldeko herri batzuetan, etxebizitzen erdiak baino gehiago dira. Egoerak «marra gorriak» gaindituak ditu, plataformako kideen iritziz. «Gaur egun, lurralde honetako herritarrentzat bizitoki bat eskuratzeko eskubidea zalantzan ezarria da guti batzuek bizitoki bat baino gehiago dituztelako», dio manifestuaren testuak. Saltzaileengana jo nahi dute, baina baita Ipar Euskal Herrian bigarren etxebizitza bat eskuratzeko asmoa duten pertsonengana ere; mezu argi batekin: «Aski!».

Hiru bizitoki mota aipatu dituzte: gaur egun bizitoki nagusi gisa erabiliak direnak,bertako biztanleen beharrei erantzuteko eraiki diren bizitoki berriak, etaturismorako alokairuak murrizteko xedea duen konpentsazio neurriaren indarrean jarri ondotik berriz merkaturatu diren bizitokiak. Ez dute onartuko horietako bakar bat ere bigarren etxebizitza bilakatzea.http://herrianbizi.com/eu/ helbidean irakurri eta izenpetu daiteke manifestua.

Hautetsiei eta Parisi deia

2021eko azaroan egin zuten etxebizitza eskubidearen aldeko lehen manifestazioa, eta orduko mobilizazioak ekarritako lorpenak azpimarratu zituzten atzo. «Egoera konpondua izatetik oso urrun da. Merkatu libreak eragin kaltegarriak ditu», adierazi zuten atzo plataformaren izenean Txomin Hegi antzerkilariak eta Maialen Errotabehere kantariak. «Segitu behar dugu, tokiko hautetsiengandik ekintza sendoak erdiesteko, eta esku artean dituzten tresnak osoki erabil ditzaten».

Aurten, lurralde antolaketari lotutako hainbat dokumentu onartuko dituzte Ipar Euskal Herrian, hala nola tokiko hirigintza planak eta SCOT lurralde koherentzia eskema. Horietako bakoitzean bizitegi sozialei «leku osoa» egiteko eskatu zuten atzo protestaren antolatzaileek. «Bereziki erne egonen gara hautetsien engaiamenduak ondorio zehatzetan jarraituak izan daitezen, tokiko hautetsien ardura osoa baita».

Baina Parisi begira ere izan zuten mezua, hainbat arlotan eragiteko Frantziako legea aldatzea ezinbestekoa baita. «Frantzia mailako arduradun politikoak, Frantziako Gobernua eta Asanblea behartu nahi ditugu». Manifestazioan parte hartu zuen, besteak beste, Iñaki Etxaniz PSko diputatuak, eta Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariak ere babesa erakutsi zion.

Hemendik aitzina ere lanean segituko dutela berretsi zuten behin eta berriz. «Kontzientzia hartzea eta lehen garaipenak pasa eta, erritmoa azkartzeko asmoa dugu. Denak ukituak gara!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.