Albistea entzun

DARWIN ETA GU

Zenbat papaia, zenbat mango

Jose Mari Pastor -

2023ko maiatzak 20

Inoiz ez naiz folklorezalea izan. Ez oso, modu leunean esanda. Hala ere, lehengoan dantza talde bat ikusi nuen, igande goizez, etxeko leihotik. Txaloka hasteko egon nintzen. Ez naiz dantzari horiek eusko lur idiliko garbian bizi direla pentsatzeko bezain inozoa. Baliteke neska-mutil horietako batzuek metamorfosi erabatekoa izatea agerraldia bukatu eta segituan: dantzari arropa tradizionala erantzi eta beste muturrekoa jantzi. Bestelako musika eta erritmoak dantzatu eta gozatu. Eskubide osoa dute. Hemengo dantzen berri badute, behintzat. Ez da gutxi.

Natalia Lafourcade kantari mexikarrak reggaetona ulertzen ez duela adierazi du El País egunkarian. Hark esan duenez, musika horrek egungo kultura islatzen du. Milioika eta milioika gizaki batzen ditu. «Zerbait izan behar du, nik ulertzen ez dudana. Lengoaia bat da, garai bat... ondo dagoen edo ez, hori ere ezin dut esan. Ni ez naiz inor, hori esateko». Dena den, erritmo hori «biziki» errespetatzen duela esan du.

Nik ere ez dut ondo ulertzen reggaetona. Batez ere, haren inguruan igortzen dizkiguten mezuak. Musika hori —edozein musika— mundua aldatzeko baliagarria izan daitekeela esatea. Are gutxiago reggaetonak ahalduntzeko balio dezakeela pentsatzea. Izango da reggaeton musika asmo horrekin sortzen duenik. Reggaeton ahaldundua. Zenbat kantari ditugu halakoak, baina? Zer oihartzun dute hemen eta munduan? Seme-alabek etxean besterik ez dutela entzuten esan dit lagun batek. Akaso aditzen dituzten kantek, oro har, ahalduntzea aldarrikatzen dute? Zalantza egiten dut.

Bai, aldaketa izan da. Nabari da: oraingo ausardiak arauak hautsi ditu. Emakumea aktibo azaltzen zaigu dantzan. Aktibo eta proaktibo perreo-an. Hor daude, elkar igurzten, ipurdi tontorra eta hankarte gogorra. Bukatu da sasoi lehorra. Eta gorputzak hala mugitzen diren bitartean, ustez ahalduntzearen apologia egiten duen kanta dugu airean: segi horrela, urdanga horrek, kuleroak urratuko dizkizut lau hankatan ipinita. Mundu berria aurkitu dugula dirudi. Askatu egin gara. Omen. Hain seguru gaude nere herriko neskatxa maite hark perreo-a gustukoa ez zuela lau hormaren artean? Soilik kalean pinpirin airos maitagarri ikusten genuelako?

Lehen, Pantxoa eta Peioren kantak hedatzen zituzten mitinetan. Edo Mikel Laboarenak. Hau da fandango, biba Berango! Orain reggaetona TikToken. Gazteak erakartzeko modua. Zenbat papaia eta zenbat mango, hemengo eta hango! Hobe hori bikote frantsesa baino. Frantsesa, gure EAE autonomikoko ikasle euskaldun batek baino gehiagok, askoz gehiagok, halaxe sailkatuko bailituzkete bi abeslariak.

Bada, izan, reggaetona euskaraz kantatzen duenik. Ongi etorria. Hauteskundeen atarian izan dugu eztabaida. Ez dut inor larrutuko horregatik. Iraindu edo mehatxatu? Inondik inora ez. Kritikatu? Horretarako gogorik ere ez. Euskarak dena behar du. Reggaetona ere bai. Ordea, ez gaitezen itsutu: zenbat abeslari ditugu, soinu hori ahoan euskaraz dutenak? Euskaldun bakoitzeko mila ditugu bestelako. Ez Dok Amairuk ez zuen euskara salbatu. Arantzazutik etorri ez zen miraria ez zaigu Santo Domingotik helduko, euskaraz izanagatik ere.

Errealistak izan gaitezen: reggaetona geurean dugu. Betirako izango ote da? Auskalo. Hori argitu arte, hobe dugu lasaitu. Aska ditzagun gerriak, dantzan jarriak: emadazu dena, aitatxo, emadazu dena / hementxe duzu nire popalde lerdena / emadazu dena, aitatxo, emadazu dena / zorroztu zure eztena, ez izan pena.

Goizeko trenean doaz hiru emakumeak. Lanera, antza. Berrogei urte pasatxo izango dituzte. Horietako bi, gutxienez, amak ditugu. Batzuetan, umeak dituzte hizpide. Ez dute gustuko etxeko txikiek entzuten duten musika. Alabarekin kontuz ibili behar duela esan die andreetako batek lagunei. Lehengo batean zur eta lur utzi zuen haurrak: «Ama, zer da estoy caliente?». Eta hark zer erantzun jakin ez. «Esaiozu sukarra izatea dela», esan dio aurreko lagunak. Sukarra. Horixe. Eta zereko zerean, garra.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, gaurko osoko bilkuran. ©Eusko Legebiltzarra

Oposizioak uste du Jaurlaritzak «pribatizazioa» hautatu duela itxaron zerrendak laburtzeko

Xabier Martin

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek «osasun profesionalen gabeziari» buruzko zuzenketa bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, baina EAJren eta PSEren gehiengoak bere idatzia onartu du, Osasun Sailari eskatzeko martxan dauden «LEPak burutzeko». Gaur jakin da Osakidetzak alor pribatura bideratuko dituela ebakuntza sorta batzuk, itxaron zerrendei aurre egiteko.

Kilometroak festaren aurkezpena, gaur, Errenterian. ©Maialen Andres /Foku

Lau gune eta hiru azpigune urriaren 1ean Kilometroak ospatzeko

Iker Tubia

Willis Drummond, Gozategi, Dupla, Goazen!, Andoni Ollokiegi eta Janus Lester ariko dira, besteak beste.

Isabel Rodriguez eta Miquel Iceta ministroak itzulpen zuzena aditzeko kaskoa belarrian dutela, gaur, Espainiako Kongresuan. ©Juan Carlos Hidalgo / Efe

Araudia aldatuta, Espainiako Kongresuan euskaraz egin ahal izanen da aurrerantzean

Iker Tubia

EH Bilduk euskararen zonifikazioa bertan behera uzteko eskatu dio PSNri Madrilen, eta EAJren zuzenketa onartu dute, itzulpenek balio juridikoa izan dezaten.

Gorenak ebatzi du Iruñeko Udalak etxez etxeko langile guztiak berriz onartu behar dituela

Berria

Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Iruñeko Udalak aurkeztutako kasazio errekurtsoa, eta etxez etxeko arreta zerbitzuko 160 bat langile berriz onartzera behartu du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.