ETAren desegitearen lehen urteurrena (eta IV). Elkarbizitza

«Konponbide osoan» aurrera egitera deitu dute EH Bilduk eta EH Baik

Arnagan irekitako bidearekiko konpromisoa berretsi dute bi indarrek. Preso, iheslari eta deportatuen auzia konpontzeko eskatu dute

EH Bilduk eta EH Baik atzo Donostian egindako agerraldia. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain.
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Duela urtebete Arnagako Adierazpenak irekitako bidean aurrera egiteko konpromisoa berretsi dute EH Bilduk eta EH Baik, agiri bateratu batean. Bi indar abertzaleek ekitaldi bat egin dute Donostiako Miramar jauregian, Arnagako Adierazpenaren urtemugaren karietara, eta konponbidearen alde lanean jarraituko dutela ziurtatu dute. Gogora ekarri dute Arnagan (Kanbo, Lapurdi) «konponbide oso, justu eta iraunkorra lortzeko» deia egin zutela, eta esan dute bide horrekin engaiatuta jarraitzen dutela.«Bakea eta bizikidetza demokratikoa eraikitzeko» erabateko ardurari eutsiko diotela berretsi dute, halaber.

Arnaldo Otegik eta Anita Lopepek irakurri dute testua, EH Bilduren eta EH Bairen izenean. Haiekin batera, beste kide batzuk ere izan dira agerraldian; besteak beste, Maddalen Iriarte, Pello Urizar, Xabi Larralde eta Adolfo Araiz. Otegik eta Lopepek nabarmendu dute duela urtebete ETAk hartutako erabaki historikoak ziklo baten amaiera eta berri baten hasiera ekarri zuela, eta orain «arduraz» aritzeko garaia dela.

Izan ere, «kezka» agertu dute denbora tarte horretan Espainiako eta Frantziako estatuak «oztopoak jartzera» mugatu direlako. Ohartarazi dute «tamalez» preso, iheslari eta deportatuen auziak konpondu gabe dagoela oraindik ere. «Sakabanaketa eta urrunketa mantentzea, gaixo dauden presoen egoera bere horretan mantentzea, gradu progresiboen ukatze sistematiko eta bidegabea, salbuespenezko legediari eustea eta zigor bikoitzen aplikazioa», salatu dituzte. Alde horretatik, gaitzetsi egin dute bi estatuek ez heldu izana «bakea eraikitzeko duten ardurari», eta aitzineko jarreretan «gotortu» direla. Horregatik, testuinguru berriak eskatzen duen aldaketan sakontzera deitu dituzte bi estatuak.

Kontakizunen mosaikoa

Bizikidetzaren eta biktimen esparruan, berriz, «kontakizunaren inguruko lehian» katramilatuta ikusten dituzte bi estatuak. Horri aurre egiteko, EH Bilduk eta EH Baik «arduraz eta errespetuz» aritzera deitu dute: «Guztion artean memoria eta kontakizun anitzen mosaikoa osa dezagun».

Biktima guztien aitorpena, eta haien «egiarako, justiziarako eta erreparaziorako» eskubidea gauzatzeko beharra ere nabarmendu dute indar subiranistek. Hala, biktima guztiekiko begirunea eta sufrimendu guztien aitorpena adierazi dute, eta, haiekiko gertutasuna agertu ez ezik, giza eskubide guztiekiko konpromisoa ere berretsi dute. Proiektu politiko guztiak defendatzeko eta gauzatzeko aukerarekin ere engaiatu dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.