Baionako herriko kontseiluak Etxegarai izendatu du auzapez

Axuantak izendatu dituzte. Elkargoko lehendakaritzara aurkeztuko den «gogoetatu» behar du

Jean Rene Etxegarai, atzo egin zuten ekitaldian, herriko kontseiluan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Baionako elkarteen etxean bildu ziren atzo hautetsi guztiak, eta ofizialki izendatu zuten auzapeza. Aurreko sei urteetan bezala, Jean Rene Etxegarai izango da Baionako auzapeza. Berrogeita bost hautetsietatik berrogeita hiru bildu ziren lehen kontseilura. Gehiengoa Jean Rene Etxegaraien zerrendako 38 hautetsik osatzen dute. Oposizioan Henri Etxetoren (PS) zerrendako zazpi hautetsi daude, eta Mathieu Bergeren zerrendako hiru. Herriko bozen bigarren itzulian, Jean Rene Etxegarai zentro-eskuineko hautagaiak 1.027 bozen aldea atera zion Henri Etxeto eta Mathieu Bergek aliantza bidez osaturiko zerrendari. Etxetoren oposizioko taldeak deliberatu zuen bozketan ez parte hartzea, «auzapezaren hautaketa gehiengoari» dagokiola argudiatuta.

Hala ere, emaitza argia izan zen: 38 kontseilarik eman zuten euren botoa; horietarik 35ek bozkatu zuten Etxegarairen alde; beste hiruk, zuri. Etxetok eta Bergek «ohitura errepublikanoa segitzeko xedez», auzapez berria zoriondu zuten. Koronabirusak eragindako osasun egoera izan zuen gogoan auzapezak lehen hitzartze ofizialean, eta eskerrak eman zizkien osasun langileei eta zerbitzu publikoei. Egoera zailei aurre egiteko hiri bat eratzeko beharra azpimarratu zuen, «elkartasunez».

Auzapeza izendatu orduko, axuantak izendatu behar izan zituen kontseiluak. Lehen eztabaida piztu zuen horrek herriko kontseiluan. Etxegaraik Baiona lau auzotan banatzea proposatu zuen, haietako bakoitzean auzoko kontseiluak egiteko, eta lau axuant izendatu. Bergek eta Etxetok ez zuten bat egin zatiketa horrekin, «artifiziala» dela iritzita. Auzapezordeen izendatzeko bozketan ez parte hartzea deliberatu zuten. Hala ere, Etxegaraik proposatutako zerrenda onartu zuen gehiengoak.

Legez, hamahiru axuant ukan ditzake 45 hautetsiz osaturiko kontseiluak, baina, auzoko kontseiluen eratzea onartuz gero, lau axuant gehiago izenda ditzakete auzo bakoitzeko axuant bat. Auzapezordeak nortzuk izanen diren erran bazuten ere, oraindik finkatu beharko dute alor bakoitza nork kudeatuko duen.

Elkargoari so

Etxegarai auzapez izendatu zuten ofizialki atzo, eta ez zen sorpresa handirik gertatu. Euskal Hirigune Elkargorako lehendakaritzara aurkeztuko denez galdetuta, ihes egin zuen auzapez izendatu berriak: «Minutu gutxi pasatu dira auzapez izendatu nautenetik, betebeharreko baldintza bat zen. Bete dut. Elkargora aurkeztuko naizen pentsatuko dut orain. Gogoetatzeko denbora bat behar dut erabakia hartu aurretik. Erabaki inportante eta pisutsu bat da. Lankide askok galdetzen didatenire asmoa zein den».

Uztailaren 17an egingo dute Euskal Elkargoaren lehen biltzarra Baionan, eta lehendakaria hautatzeko bozkatuko dute bertan. Pentsa liteke Etxegarai izango dela hautagai nagusia, orain arte hark eraman baitu kargu hori. 2017an sortu zenean, Ipar Euskal Herriko auzapezen itzulia eginik lortu zuen gehiengoa lehendakari izateko. Ikusteko dago Baionako alkatetzaren eta Elkargoko buruzagitzaren artean aukeratuko duen ala ez, zenbaitek kritikatu izan baitute bi karguetan batera aritzeagatik.

Bestalde, Alain Iriarten hautagaitza aipatu dute batek baino gehiagok, ofizialki aurkeztu ez bada ere. Etxegaraik ez du iritzirik lehia horri begira. «Ez dut erreakzionatu beharrik, edonor aurkezten ahal da elkargorako lehendakaritzara. 233 hautetsi izango ditu; beraz, oraingoz, 233 lehendakari posible ikusten ditut».

Baionan ez ezik, Ipar Euskal Herriko beste hainbat tokitan ere auzapezak izendatu zituzten herenegun eta atzo. Sorpresarik ez zen gertatu Lapurdin: Ziburun, Eneko Aldana; Urruñan, Filipe Aramendi; Uztaritzen, Bruno Karrere; Itsasun, Mikel Hiribarren. Miarritzen, Maider Aroztegi izanen da auzapeza, eta Hendaian, Kotte Ezenarro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.