Etxebizitzaren arazoa konpontzeko eskatu du milaka jendek Baionan

8.000 lagunek manifestazioa egin dute etxebizitza eskubide bat dela aldarrikatzeko

Milaka pertsona elkartu ziren atzo arratsaldean Baionako karriketan, etxebizitza eskubidearen aldeko manifestazioan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Manifestazio jendetsua egin zuten atzo Baionan, etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra, 32 eragilek babestuta. Etxebizitzaren arazoa areagotu egin da azken urteetan Ipar Euskal Herrian, eta botere publikoei neurriak hartzeko eskatu zieten. Etiketa politiko ezberdinetako hautetsi andanak parte hartu zuen protestan: horien artean zen Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakaria ere.

Anita Lopepe EH Baiko bozeramailearen hitzetan, Ipar Euskal Herriko gizartearen «oihu bat» balitz bezala ikusi behar da atzoko manifestazioa, «hautetsiei konpreniarazteko populazioa prest dela neurri ausartagoetarako». Haren hitzetan, «urte luzeetan izan den immobilismo edo utzikeriari» aterabideak atzeman behar zaizkio. Prekaritatean bizi direnak laguntzen ditu Atherbeak: «Sistema liberal honetan osoki baztertuak dira», salatu du Pantxika Ibarboure egiturako zuzendariak. Tresna politikoen bidez etorriko dira aterabideak, haren ustez ere.

«Garrantzitsua zen mobilizatzea», Argitxu Dufau LAB sindikatuko kidearen hitzetan: «Biziki zaila zaigu etxebizitza duin bat lortzea gure herrian». Xebas Cristy Alda mugimenduko kideak manifestazioaren balorazio baikorra egin du: «Indar harreman bat sortu nahi dugu, ondoko hilabeteetan aldarriak eta proposamenak plazaratzen ditugunean jakin dezaten sostengu azkar bat dela gibelean».

Askotariko aldarrikapenak eta mezuak entzun dira manifestazioan. Etxebizitza eskubide bat dela oihukatu dute batzuek; Euskal Herria ez dela salgai besteek, eta baita etxebizitza urririk izan behar dela ere. Manifestazioa Paulmy etorbidera iritsi denean, giltzak eskuetan hartu eta airean astindu dituzte manifestariek. Euskal Hirigune Elkargoaren eta Baionako suprefeturaren artean egin dute ekintza sinbolikoa. Izan ere, manifestazioaren antolatzaileek eskatzen dituzten neurrietako batzuk Euskal Hirigune Elkargoak berak har ditzake, baina, beste batzuentzat, legedi aldaketa beharrezkoa da, eta hori Frantziako Asanbleari dagokio.

Ibilbidean, ezezagun batzuek eskuorriak bota dituzte teilatu batetik, espekulazioa «bide oroz» borrokatzeko gomita eginez: «Agentziak, bankuak, eraikuntza enpresak, bide bazterretako publizitateak... ahal bezain usu kolpatu beharko ditugu», idatzia da aldarrikapen testuan.

Jean Daniel Elixiri eta Maialen Elosegi mintzatu dira antolatzaileen izenean. Eskaintza eta eskaeraren arteko «diskurtso eroek» erakusten dute, haien hitzetan, «merkatua koadratuko duten neurriak» beharrezkoak direla. Bi elementu azpimarratu dituzte hori lortzeko: mobilizazio herritarra eta ausardia politikoa.

Aterabideak badirela uste dute, gainera: «Botere publikoek askoz ere parte hartze handiagoa izan behar dute merkatuan», egin dute aldarri. Bigarren etxebizitzen kontra ere mintzatu dira. «Etxebizitza horiek bertan bizi nahi dutenei lapurtuak zaizkie». Eta egoeraren larritasunaz abisua eman dute: «Neurri indartsurik gabe, biztanleriaren zati handi bat etxerik gabe edo gaizki aterpetua geldi liteke».

Milaka pertsona bildu izana eskertu dute, azkenik, eta deialdia zabaldu duten 32 eragileek elkarlanean segitzeko borondatea dutela jakinarazi dute. «Lan kolektiboa, batasuna eta lankidetza behar ditugu, merkatu libreari eta haren ondorioei aurre egiteko. Bakoitzak bere herrian bizitzeko eskubidea ukan behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.