Euskararen lege «integral» bat aldarrikatu du Kontseiluak

Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko beharra eztabaidagai izan dute hainbat adituk Iruñean, UEUk antolatutako jardunaldietan

UEUk antolatutako topaketa, atzo. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideak juridikoki aitortuak izan daitezen, bide bakarra ikusten du Kontseiluak: euskararen ofizialtasuna. «Ez dago beste aukerarik, instituzioek eskubideak bermatzeko betebeharra izan dezaten». Nafarroako Legebiltzarrean euskararen lege berri bat idazteko batzorde berezia lanean dela baliatuz, proposamen propioa ondu du Kontseiluak, eta horren aurkezpena egin zuten atzo Iruñean, UEU Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Hizkuntza eskubideak bermatzeko Legearen bidean jardunaldien barruan.

Euskararen lege «integral» bat ezartzearen beharraz hitz egin zuen Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak bere hitzaldian: «Eremu guztietan eragingo duen legea behar da; administrazioan, hezkuntzan, hedabideetan, kulturan, eremu sozioekonomikoan...». Bilbaok garrantzitsutzat jo zuen, halaber, herritarrak «legearen eztabaidaren erdigunera» eramatea: «Legeek herritarrei eragiten diete, beraz, lege berriak amaitu beharko du gaur egun herritarren artean dagoen bereizkeria».

Euskal hiztunen protagonismoa nabarmentzeko, esan zuen Kontseiluak hainbat egitasmo abiatu dituela azken hilabeteetan, «nafarrek euskaraz bizitzeko dituzten ezintasunak eta oztopoak» agerian utzita. Herritarrek eginiko ekarpenez gainera, Kontseiluak oinarri gisa hartu du Hizkuntza Eskubideen Babeserako Protokoloa, lege proposamen propioa ontzeko tenorean.

Bilbaoren esanetan, ofizialtasuna Nafarroa osora zabaltzea «ezinbestekoa» izanen da, lege proposamenaren helburuak betetzeko bidean: «Batetik, herritar guztiei eskubide berak aitortzeko, eta, bestetik, ofizialtasunak ezartzen dituen ondorio juridikoak betetzeko politikei heldu ahal izateko». Gogoratu zuen, halaber, euskararen legea garatu ahal izateko, beste zenbait arau eta irizpide aplikatu beharko direla: «Horietan, malgutasuna eta progresibitatea aplikatu beharko dira, baina ofizialtasuna ezartzea eta horren ondorio juridikoak aintzat hartzea izan beharko dute aldaketarako lege berriaren ardatz».

Valentzieraren ispiluan

Kontseiluaz gainera, beste hainbat eragilek ere parte hartu zuten UEUren mintegian. Egun indarrean dagoen euskararen legearen iraganaz mintzatu zen Roldan Jimeno NUPeko Zuzenbidearen Historia irakaslea. Horren ostean, euskararentzako «marko juridiko berri baten beharraz» aritu zen Iñigo Urrutia Zuzenbidean doktore eta EHUko irakaslea; eta Olatz Altunak, berriz, Nafarroako egungo egoera soziolinguistikoa izan zuen hizpide, zonifikazioaren ikuspegitik. Azkenik, egungo legediaren gabeziak mintzagai izan zituzten Koldo Colomo euskara teknikariak, Ivan Gimenez kazetariak, Iulen Urbiola Baztango udal idazkariak eta Iñigo Orella nekazari ingeniariak.

Euskal Herritik kanpoko ekarpenik ere egon zen: valentzieraren erabilerarako legean ere zonifikazioa badagoela gogoratu zuen Alfons Esteve Valentziako Unibertsitateko hizkuntza politikako zerbitzuburuak.Valentziera deitzen zaio Valentziako Autonomia Erkidegoan erabiltzen duten katalanari. Nafarroakoak bezalaxe, hango legeak ere ia anbiziorik ez duela azaldu zuen: «Ez da valentziera normalizatzeko xedea duen legea». Estevek adierazi zuen azken urteetan aldaketak izan direla hizkuntza politikan, «baina oraindik ez da ausardiazko urratsik egin». Gogorarazi zuen, Nafarroan bezala, Valentzian ere posible dela hizkuntza propioa ikasgai gisa ere ez izatea, gurasoek hala hautatzen badute. Aurrera begira zonifikazioa gaindituko duen legea aldarrikatzeaz gainera, lege horrek izan beharreko edukiak ere aletu zituen unibertsitateko adituak: besteak beste, valentziera gizartean orokortzea, administrazioko erabilera hizkuntza bihurtzea, langile publikoek bi hizkuntza ofizialetan lan egiteko gaitasuna akreditatzeko beharra ezartzea, berezko hizkuntzaren ezagutza pasiboaren derrigortasuna eta valentzieraren eremu sozioekonomikoa nahiz kultura indartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.