Estatu indarkeriaren bost biktimatik lauk ez dute aitortza ofizialik izan

Foro Sozialak txosten bat landuko du, jatorri horretako indarkeriaren biktimei «ahotsa» emateko

Estatu indarkeriaren bitkima ugariren senideak, atzo, Foro Sozial Iraunkorrarekin eginiko bileran. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jon olano
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Estatuaren estamentu ofizialen indarkeriaren eraginez hildako 364 herritarretatik 82k baino ez dute jaso aitortza ofizialen bat; alegia, %22,5ek, Foro Sozial Iraunkorrak jakinarazi duenez. Hori dela eta, erakunde horrek txosten bat prestatuko du datozen asteetan, estatuaren indarkeriaren biktimen egoera jaso eta ezagutarazteko. Izan ere, uste du biktima horiek bizi izandakoa «ezezaguna» zaiela herritar askori, «urteetako lubakien» ondorioz; hori zuzentzeko, konpromisoa hartu du dokumentu hori landu eta biktimei «ahotsa» emateko. Agiria prest edukitzean, erakundeen eta alderdi politikoen esku utziko dute.

Foro Sozial Iraunkorra osatzen duten eragileetako hemeretzi ordezkarik eta estatuaren hainbat indarkeria motaren biktima izan diren hemezortzi herritarrek bilera bat egin zuten atzo, Donostian, jite horretako indarkeria jasan dutenen errealitateaz mintzatzeko. Hemezortzi horien artean, indarkeria era anitzen biktimen senideek hartu zuten parte: Poliziak, gerra zikinak edota presoak sakabanatzeko eta urruntzeko politiken ondorioz hildakoenak, torturaren biktimak, deportatuta zeudelarik hildakoak...

Foro Sozial Iraunkorraren arabera, topaketaren helburu nagusia izan zen «lehen eskutik» jasotzea pertsona horiek zer egoeratan dauden «biktima izaeraren aitortza ofizialari dagokionez». Era berean, biktima horiei azaldu zien «ezinbestekoa» iruditzen zaiola aitortzarik ez dutenen errealitatea «sozializatzea»: «Beharrezkoa da euskal gatazka esaten zaionaren testuinguruan gertatutako sufrimendu guztiak ezagutzea, ezagutaraztea, aitortzea eta erreparatzea».

«Biktimizazio bikoitza»

Atzoko bileran hitz egindakoarekin, zenbait ondorio bildu zituen Foro Sozial Iraunkorrak. Batetik, biktima horiek «babes soziala» sentitu dutela baina «erabat baztertuta» sentitu direla erakunde publikoen aldetik. Gainera, «biktimizazio bikoitza» nozitu dute, sektore politiko, sozial eta komunikatibo jakin batzuen aurrean «susmagarri» sentitu direlako. Egiari Zor fundazioak atzoko bilkuran aurkeztutako datuei erreparatuta, Foro Sozialak azpimarratu du estatuaren erakundeetatik eratorritako indarkeriaren biktimek «ageriko diskriminazioa» jasaten dutela «aitortzaren eta erreparazioaren» esparruetan: «Guztiz kontziente gara zaila dela maila instituzionalean pausoak ematea Poliziaren indarkeriaren, gerra zikinaren, eskuin muturraren biolentziaren eta beste batzuen biktimen aitortzan».

Aitzitik, Foro Sozial Iraunkorrak uste du aitortza hori «beharrezkoa» dela eta ekarpena egingo liokeela «elkarbizitza demokratikoari»: «Soilik indarkeria bakarra egon dela dioten sektore negazionisten kontakizuna apurtzea ahalbidetuko luke». Kontakizun horrek «oinazea» eragiten die biktimei, eta «berriro egiten ditu biktima», Foro Sozial Iraunkorraren esanetan. Horrez gain, aitortza horrek «egia poliedrikoa marrazten» lagunduko luke, «errealagoa eta gizarteak sufritutako esperientzietara egokituagoa».

Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan tramitazioan dira Poliziaren indarkeriari buruzko legeak, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak atzera bota eta gero bi legebiltzarrek aurrez onartutako arauak. Herenegun, esaterako, Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean onartu zuten 2016ko araua aldatzen duen txostena. Eztabaida fasean dauden legegai horiek «aurrerapausotzat» dauzka Foro Sozial Iraunkorrak, uste baitu baliagarriak izango direla biktima batzuei aitortza emateko, baina arbuiatu du ez duela guztientzat balioko: «Ildo horretan, ikusi dugu ezinbestekoa dela lanean jarraitzea, ortzimugak, perspektibak eta lan markoak zabaltzea, eremu inklusibo, plural eta zabal bat lortzeko, indarkeria guztien biktimek lekua izan dezaten». Horretarako, premisa bat jarri du erreferentzia gisa: «Urraketa berdinentzat, aitortza bera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.