EHUk genero ikuspegia landuko du gradu guztietan, ikasgai baten bidez

Berdintasunerako III. Plana onartu berri du unibertsitateak. Bortxa matxisten aurkako protokoloa berritzeak kasu asko azaleratu ditu

Gradu ikasketa guztietan jarriko dute genero ikuspegiari buruzko ikasgaia. GORKA RUBIO / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitateak pauso esanguratsu bat emango du datozen urteetan irakaskuntzaren eremuan genero ikuspegia txertatzeko: gradu ikasketetan teoria feminista lantzeko ikasgai bat eskainiko du, euskaraz eta gaztelaniaz. 2022. urtea baino lehen martxan nahi dute neurria. Hain zuzen, EHUren Berdintasunerako III. Planak jaso duen lehentasunetako bat da irakaskuntzaren arloan genero ardatza aplikatzea.

2019-2022 aldirako berdintasun plana onartu berri dute unibertsitatean. Berrikuntzaren, Gizarte Konpromisoaren eta Kulturgintzaren arloko errektoreorde Idoia Fernandez Fernandezek BERRIAri azaldu dionez, aurreko bi planen jarraipena da oraingoa: «Lehen biek balio izan dute berdintasunaren gaia unibertsitatearen agendan sartzeko, lehenengo sentsibilizazio fase bat egiteko eta egitura batzuk emateko —Berdintasun Zuzendaritza, teknikariak...—».

Oinarriak ezarrita, jauzi bat egin nahi izan dute hirugarren planarekin. Prestakuntzaren arloan, gainera, bazegoen zoru bat: «Aurreko bi planetan, irakasleei formakuntza ematen hasi ginen, hasieran presentzialki eta gero birtualki. Online ikastaroek arrakasta handia izan zuten, eta zabaldu egin genituen, gainerako langileentzat eta ikasleentzat —bi kredituren truke—». Bi urtean ia 1.700 pertsonak gainditu dute ikastaroa; datua ikusita, «beste pauso bat» emateko garaia dela ikusi du Fernandezek: «Ikasgai bihurtzea: ikasgai luzeago bat eskaini nahi dugu, sei kreditukoa».

Ikasgai hori gradu guztietan emango dute, baina edukia ezagutza eremu bakoitzera egokituta. «Adibidez: Osasuna eta Generoa izeneko ikasgai bat egongo da osasunaren arloko gradu guztietarako; medikuntzak, erizaintzak eta fisioterapiak ez dute asignatura propio bana izango, galdera komunak baitituzte». Hautazko ikasgaia izango da, tronkalak ezartzea baino prozedura errazagoa duelako: «Ez dira ikasketa planak aldatu behar; kasu horretan, berriz egin beharko litzateke graduak egiaztatzeko prozesu osoa, eta oso neketsua da. Hautazkoak unibertsitate barruan kudea daitezke, kanpoko akreditaziorik gabe».

Dena den, argitu du berariazko ikasgai baten egokitasunaren inguruko eztabaida ez dagoela itxita: «Berdintasuna zeharkako gai bat da, baina zeharkakotasuna oso irekia utziz gero, arriskua dago eremu batzuetara ez iristeko». EHUren aurrekariak ez dira txarrak, errektoreordeak azaldu duenez: «Duela pare bat urte, laugarren mailako ikasleei galdetu genien ea euren burua garatuta ikusten zuten genero ikuspegiarekin lotutako konpetentzietan, eta erantzun zuten nahiko trebatuta sentitzen zirela. Horrek adierazten du irakasleok gure eguneroko praktikan sartzen ditugula halako edukiak, baina seguru askoz gehiago agertzen dela giza zientzietan ingenieritzetan baino. Berariazko asignatura baten bidez, ziurtatu egingo dugu eskaintza homologatu bat denetan. Baina agian urte batzuk barru ez dugu ikasgai espezifikoki bat beharko, zeharkakotasunez hobeto ari garelako».

Irakaskuntzan ez ezik, gradu eta master amaierako lanen ebaluazioan ere txertatu nahi dute genero ikuspegia, baita ikerketan ere. «Baina horrek denbora gehiago eskatuko du», aitortu du Fernandezek. Edonola ere, askotariko neurriak jaso dituzte planean: andreen ekarpenak ikusgai egitea, hautaketa batzordeen eta epaimahaien osaera parekidea butzatzea, kontziliazio gida bat lantzea, lidergo eta aginte postuetara emakume gehiago heltzea, beste erakundeekin elkarlanean aritzea, hizkera inklusiboari buruzko material sorta bat prestatzea ikasle berrientzat...

Indarkeriari aurre egin

Baina, beste ezeren gainetik, Fernandezek nabarmendu du indarkeria matxistaren auziari erreparatu diotela. «Agintaldia hastean gabezia handiak ikusi genituen alor horretan. Iruditu zitzaigun salto handi bat egin behar genuela. Aurrez izandako kasu apurretan, galduta ibili ginen; tresna operatibo bat behar genuen unibertsitatean indarkeria kasuak saihesteko eta kudeatzeko».

Iazko ekainean aurkeztu zuten Genero Indarkerien aurkako Protokolo berria, baina hirugarren planaren barruan sartu dute. EHUko kideek unibertsitate barruan zein kanpoan paira ditzaketen bortxa matxistei aurre egiteko tresna da protokoloa. «Kasuak azkar detektatzeko eta esku hartzeko prozedura bat eman digu». Ia urtebetean 40 kasu baino gehiago azaleratu dira; Fernandezen ustez, protokoloa ondo funtzionatzen ari den seinale: «Lehen, indarkeria ezkutuan zegoen, eta jendeak bizi zuen kontu pribatu bat balitz bezala; orain argitara ateratzen da, laguntza eskaintzen dugu. Protokoloarekin, lortu dugu mundu guztia egotea jakinaren gainean eta adi, eta mugitzea erantzun bat emateko. Eta hori oso positiboa da: ezin dugu berdintasunaz hitz egin ez badugu mamu hori azaleratzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.