Udal eta foru hauteskundeak. Sufragio eskubidea

Berme guztiak dituen eskubidea

Epaileek sufragio eskubiderik gabe utzi dituzte usu adimen urritasuna dutenak. Espainian lege batek eragotzi egin ditu halakoak. Markel Rodriguezek ondo daki hori; pozik eman zuen atzo botoa. Bideoa albiste barruan.

Markel Rodriguez, atzo, botopaperez inguratuta. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Karateko gerriko beltza du. Igeriketako probetan parte hartzen du: «Atzo, esaterako, bi domina irabazi nituen Gasteizen: urrea eta brontzea». Dantzaria da. Manga komikiak gustatzen zaizkio, eta Japoniako kultura: «Japoniera ikastea, horra nire hurrengo helmuga. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez hitz egiten dut; hizkuntza bitxia iruditzen zait japoniera». Etxebizitza partekatu batean bizi da, Donostian, eta Usurbilgo ikastolan egiten du lan (Gipuzkoa). Horiek guztiak egiteko gai da Markel Rodriguez. Gehiago ere bai; kafe bizkor baten bueltan ezin dira gehiago zerrendatu. 28 urteko beste gazte askoren ezaugarriekin parekatzekoak dira guztiak, baina badaki kolokan zuela sufragio eskubidea orain dela gutxi arte.

Izan ere, adimen urritasuna du, eta, kasu askotan, ebazpen judizialen bidez kendu izan zaie pertsona horiei botoa emateko eskubidea. Babeserako izango dela iritzita, jarduera batzuk mugatzeko auzibideak hasten dituzte sarri adimen urritasunak dituztenen familiek, haiek adin nagusitasunera heltzen direnean. Adibidez, eska dezakete diru kopuru handiak mugitzeko gaitasuna kentzea. Arazoa izan da botoa emateko eskubidea ere kendu izan dietela maiz, jarduerak murrizteko ebazpen horietan: automatikoki. Ez da izan ezohikoa. Eta ezuste desatsegina izan da familia askorentzat: kexarako motiboa. Iazko urte amaieran, ordea, erabaki horiek baztertzeko aspaldiko aldarria onetsi, eta Espainian guztiz bermatu zitzaien boza emateko eskubidea adimen urritasuna dutenei, lege organiko baten bidez. Orain ezin die inork kendu. Horiek horrela, bozetarako azken bi deialdietan herritar osoagoak sentitu dira pertsona horiek: hitzaren jabe, berme osoekin. Atzo hitza hartzea erabaki zutenen artean, adibidez, Rodriguez. «Goizean joan naiz botatzera».

Morlans auzoan eman zuen botoa, han jarri zuten bozkalekutik hurbil bizi baita. Botoa ematen gazterik hasi zela kontatu du, adin nagusitasunera heldu orduko: «Hasieran, aitarekin joaten nintzen». Haren abaroan. Hura falta du orain, eta hainbat urtez hauteskundeetarako deiari ihes eginda ibili zela onartu du. «Horri buruz nori galdetu ere ez nekien». Berreskuratu egin du orain, ordea, hitza hartzeko gogoa, eta ez du kale egiten. Onartu du ez dela erraza izaten hauteskunde kanpainari kasu egitea. «Hainbeste gauza esaten dituzte, ez dakizu bakoitzak zer promestu duen ere».

Rodriguezek moldatua du hainbat jarduera egiteko gaitasuna, baina ez zioten kendu inoiz sufragio eskubidea. Epaileen jarreraren araberakoa izaten zela azaldu du adimen urritasuna dutenen aldeko Gipuzkoako elkarte Atzegiko kide Patricia Ayok. Elkartearen tutoretzapeko etxe batean bizi da Rodriguez. Ataka aski zailetan ikusi dituzte sendi asko, halako erabakien ondorioz. «Familia asko ibili dira borroka oso luzeetan boto eskubidea berreskuratzeko. Oso urte gogorrak izan dira, oso egoera gogorrak. Eta hainbatek, gainera, ez dute lortu. Pertsona horientzat, ikaragarrizko albistea izan da oraingo aldaketa». Lasaitasuna eman dio Rodriguezi ere: eskubidea bere-berea izatearen konfiantza. «Izan ere, horrekin ez nengoen ados. Nik pentsatzen dut desberdinak garela, baina guk baditugu besteek ez dituzten gauzak».

Etsamina auzitegian

Lege organiko berriak poz handia ekarri duela onartu du Ayok. «Gainera, eskubidea galdua zutenek ez dute ezer ere egin behar izan orain berreskuratzeko. Zuzenean hauteskunde erroldan sartu dituzte: gainerako herritarren gisara. Erroldako txartela etxera ailegatu zaie, eta hori oso garrantzitsua izan da jende askorentzat». Izan ere, aski esperientzia txarrak zituzten askok; eskubidea berreskuratzeko eskea eginda, epailearen aurrera joan, eta politikari eta instituzioei buruzko galderak erantzun behar izaten zituzten, hautesle izateko horiek jakitea ezinbestekoa zelakoan. Guztiz bidegabea deritzo Ayok: «Botoa emateko zeini egiten zaio, bada, azterketa bat?».

Bizitzako beste hainbat arlotan ere halatsu jokatzen dela adierazi du. «Adimen urritasuna dutenei azterketak egiten zaizkie askotan: noraino heltzen diren ikusi nahi da beti. Gainerakooi ez zaigu hainbeste galdera egiten. Haiek, ordea, egunero erakutsi behar dute noraino heltzen diren, eta gehiegizkoa iruditzen zaigu. Eta botoa emateko eskubidearekin ere gauza bera. Orain, behintzat, bermatuta daukate. Botatzeko, edo ez. Norberaren erabakia da orain. Baina eskubidea izatea inportantea da».

Harago ere egin behar dela esan du. «Eskubidea izatea garrantzitsua da, baina gero laguntza batzuk behar dira ondo ulertzeko gauzak: errazteko». Hauteskunde programak, esaterako, oro har, ez daude prest adimen urritasuna dutenek han jartzen duena aise eta ongi ulertzeko. Alde horretatik, moldaketak behar dira. «Ez bakarrik adimen urritasuna dutenentzat, baizik denontzat».

[youtube]https://youtu.be/KGh22sPkCyc[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.