Mexikon eguneko 95 pertsona hil dituzte 2019an, inoizko gehien

Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun

Mexikoko Gobernuak atzo argitaratu zituen joan den urteko hilketei buruzko datuak, eta, beste behin ere, baieztatu dute indarkeria arazo larria dela oraindik ere: Mexikon 34.582 hilketa egin zituzten 2019an, 95 eguneko. Inoiz erregistratu den kopururik handiena da — 1997an hasi ziren datuak publikatzen—, 2018. urtean baino 913 kasu gehiago. Hilketa tasa 100.000 biztanleko aztertuz gero, ordea, ia berdinak dira zenbakiak: 23,22 hilketa 2018an eta 23,23 2019an.

Hau ere irakurri:Isabel Cabanillas ekintzaile feminista hil dute Ciudad Juarezen

Boterean egon den lehen urtean, Andres Manuel Lopez Obradorren gobernuak ez du bete ezarri zuen helburu nagusietako bat. Mexikoko presidenteak behin baino gehiagotan aitortu du segurtasuna bermatzea duela lehentasunetako bat, eta horretarako jarri zuen abian Guardia Nazionala izeneko erakunde berri bat 2019an —armadako eta Poliziako 72.000 kidek osatzen dute talde hori—.

Adituek diotenez, gobernu zentralaren neurriez gain, ezinbestekoa da eskualdeetako gobernuek ere biolentziaren aurkako politikak aplikatzea, hilketek ez baitzieten berdin eragin Mexikoko estatu guztiei 2019an. Alde handiak daude erregistratu ziren hilketa tasetan: 100.000 biztanleko hildako gehien Coliman (89), Kalifornian Beherean (55) eta Guanajuaton (53) izan ziren, eta gutxien, berriz, Yucatanen (2) eta Hegoaldeko Kalifornian Beherean (3).

Hilketa gehien Guanajuato estatuan egin zituzten (3.540); Jalisko Belaunaldi Berria eta Limako Santa Rosa kartelen arteko lehiaren ondorioz, nagusiki.

Feminizidioak

Datu ofizialen arabera, emakumeei ere eragin die hilketen gorakadak: 2019an 1.006 emakume hil zituzten Mexikon genero arrazoiengatik, 2018an baino 94 gehiago. Nazio Batuen Erakundearen arabera, ordea, 3.752 izan ziren 2018an hildako emakumeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.