Migratzaileei arta «duina» emateko harrera toki gehiago eskatu dituzte

Erakundeen «borondate falta» salatu dute. Harrera taldeak batu dira Baionan agerraldi batean

Helene Ducarre, Amaia Fontang eta Catherine Verbruggen Baionan egindako agerraldian, atzo. NAHIA GARAT.
Baiona
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
«Hainbeste migratzaile etorrita, nola da posible baliabiderik ez jartzea?». Galdera hori egin zuten Etorkinekin eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeetako kideek atzo Baionan eman zuten prentsaurrekoan. Euskal Herrira datozen migratzaileei «behar bezalako» harrera egiteko erakundeen aldetik «borondate falta» salatu zuten, eta harrera egiteko tokiak eskatu zituzten: «duintasunez» bizi daitezen.

Baionako Euskaldunen plazan izan zen agerraldia. Toki esanguratsua da, autobus konpainiak han biltzen baitira. Amaia Fontang Etorkinekin kolektiboko bozeramailean hitzetan, «gaur egungo egoera islatzen du». Eguna bera ere ez zen edozein, Euskal Hirigune Elkargoak bilkura baitzuen atzo Baionan. Eta, hain justu, Jean Rene Etxegarai elkargoko lehendakariari eta Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako hainbat herri eta hiritako auzapezei gutun bat helarazi zieten migratzaileen aldekoek; haien egoeraren «larritasunaz» ohartarazteko eta egoera hobetze aldera beharrezkoak diren ahalak jar ditzatela eskatzeko. «Ezinbestekoa iruditzen zaigu Euskal Hirigune Elkargoak eraikin bat irekitzea», adierazi zuen Helene Ducarre tokiko CIMADE elkarteko presidenteak. Bide horretatik, gogorarazi zuen gaur egun Hendaia (Lapurdi) eta Baiona artean ez dagoela horrelako zentrorik.

Hiru egunekoegonaldiak

Bilboko Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko Catherine Verbruggenek batik bat Bizkaiko egoeraren berri eman zuen, nahiz eta Gipuzkoan ere antzera daudela ohartarazi. «Ez da zaila ikustea Bilbo, estrategikoki, pasabide bat dela, eta, hori horrela, denbora da pasaian diren pertsonentzat harrera toki bat eskatzen dugula», esan zuen. Gogorarazi zuen Bilbora iristen diren pertsonek soilik hiru eguneko aterpe eskubidea dutela: «Orain dela urte batetik hona, ordea, egoerak okertzera egin du, asilo eskatzaileak gero eta gehiago direlako eta epeak luzeagoak direlako. Jendeak urtebete pasatu behar badu asilo eskatzaile moduan onetsia izateko, eta, beraz, etxebizitza baterako sarbidea izateko saturazio mailara iristen gara. Jantoki publikoak ere beteta daudela ikusi dugu». Uda honetan herritarrak eurak antolatu dira migratzaileei harrera egiteko eta bizitzeko oinarrizko eskubideak bermatzeko: «Horrekin demostratu nahi izan dugu posible dela gure baliabideekin harrera egitea, eta erakutsi nahi izan dugu erakundeen jarrera salagarria dela». Uda pasatuta, Eusko Jaurlaritzarekin bilera bat izan zuen Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeak: «Prentsaren bidez esan zuten ez dakit zenbat baliabide martxan jarri dituztela, oso harrera ona eman dutela... Baina hori ez da egia. Nahiz eta leku berriak ireki, ez da aski, eta jende asko gelditu da kalean».

Bide bakarra

Gaur egun migratzaileek duten bide bakarra Marokotik Espainiara doan bidea da, Turkiatik Greziara pasatzeko bidea itxia baita eta Libiatik Italiarakoa ere bai. «Baina badakigu dagoeneko bide hori ixteko ahalegina egiten ari direla. Urtarrilaz geroztik 50.000 pertsona gelditu dituzte Marokon, eta 6.700 deportatu dituzte», azaldu zuen Ducarrek.

Esku artean dituzten datuak jakinarazi zituen: «2016an, 8.000 pertsona iritsi ziren Marokotik Espainiara. 2017an, 22.000, eta, aurtengo lehen seihilekoan, 27.000. Gehienak Algecirastik (Cadiz) eta Malagatik igaro dira». Asiloari dagokionez, 2016an eskatutako 9.540 eskaeretatik 600 onartu zituen Espainiak. «Beraz, hor ulertzen dugu migratzaileek Espainian direnean zergatik jarraitu nahi duten ibilbidea».

Egoeraren larritasunaz eta irtenbide baten beharraz ohartarazteko ekintza gehiago egingo dituzte. Ondoko egunetan emango dute horien berri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.