Osakidetzako afera puztea egotzi dio EAJk oposizioari: «Ez da horren larria»

Filtrazioak «espezialitate batzuetan soilik» gertatu direla nabarmendu du EAJk. «Neurriz kanpoko» adierazpenak egitea egotzi dio EH Bilduk

Hodei Iruretagoiena.
2019ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Gorteetarako eta udal eta foru erakundeetarako bozen atarian, Eusko Jaurlaritzaren eta oposizioko taldeen arteko tentsioa areagotu du Osakidetzako ustezko iruzurren aferak. Ostegunean eman zuen dimisioa Jon Darpon Osasun sailburuak, eta, haren ondoren, akusazio gogorrak egin dituzte EAJkoek. Oposizioa «mendekati eta narras» ari dela eta «suntsitzeko bakarrik» elkartzen dela salatu du sare sozialetan EAJren EBBko buru Andoni Ortuzarrek, eta bide beretik jo zuen atzo Luis Javier Telleria legebiltzarkide jeltzaleak ere. Haren hitzetan, EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP «higatze estrategian» ari dira: «Jazarpen eta eraiste operazio bat egon da». Gainerako taldeek «neurriz kanpokotzat» jo dituzte jeltzaleen adierazpenak, baita EAJren gobernukide PSEk ere.

Radio Euskadiko tertulia batean aritu ziren atzo gaiaz legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdietako ordezkariak. «Lan eskaintza publiko batean filtrazio bat egon den susmoa badago, hori larria da. Baina postu batzuetan soilik gertatu bada, ez da hain larria. Eta espezialitate batzuetan bakarrik gertatu da», esan zuen Telleriak: «Funtzionarioek egiten duten guztiaren erantzule al dira kargudun politikoak? Hemen ez dago kargudun politikorik inplikatuta». Telleriaren iritziz, «edozein arrakala txiki hartu» eta hura «puztea» da oposizioaren estrategia: «Baina ez da horren larria». EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovaren iritziz, ordea, «neurriz kanpokoa» izan da jeltzaleen erreakzioa.

EAJ «distrakzio operazio» batean ari dela uste du: «Darpon ez da gai izan oposizioetan iruzur bat eragozteko, eta, gero, behin hura deskubrituta, ezta ikerketa baten buru egiteko ere». Lan eskaintza publikoak «ia antzerki huts» bihurtu direla salatu zuen EH Bildukoak, eta azaldu du erreakzionatzeko «nahikoa denbora» eman ziotela gobernuari. Casanovak uste du Cristiano Ronaldo sindromea duela EAJk: «Golak sartzen ditu, tituluak irabazi, baina ez daki ez irabazten, ez galtzen [...] Borondatea badago akordioak egiteko, baina badirudi EAJk ez duela gaitasunik, nagusikeriaz ari baita». Elkarrekin Podemoseko Jon Hernandezek ere oroitarazi du «larria» dela ustezko iruzurra, «bezerokeria taktikak» azaleratu dituelako. Oposizioaren kritikei EAJk emandako erantzuna «infantila eta kontraesankorra» dela salatu du, gainera: «Oposizioa higatze estrategian ari dela esan du, eta, aldi berean, negoziazioaren aitzindari eta gidari dela gobernua. Edo bata, edo bestea».

PSE: «Ez da zentzuzkoa»

PSEko legebiltzarkide Eneko Anduezak ez du askorik sakondu oposizioen gaian, baina esan du Darpon bera zela «interesatuena» ustezko iruzurra argitzeko. «Hori bai, uste dut baieztapen batzuk ez direla zentzuzkoak, Ortuzarrenak batez ere. Gainerako taldeak espainiar erakooposizioa egiten ari direla esan du. Espainiar erakoa, edo euskal erakoa? Ez dut gogorarazi nahi zer oposizio egiten zuen EAJk PSE gobernuan zegoenean [Patxi Lopezen agintaldian: 2009-2012]».

Javier Ruiz de Arbulo PPko legebiltzarkideak, berriz, adierazi du «higatze operazioa lehendakariak gidatu» duela, eta azaldu du Darponek lau aldiz aurkeztu ziola dimisio eskaria Urkullu lehendakariari: «Hor mantendu dute, denek zekitelako gauzak ez zirela ondo egin. Argitzeari uko egin zion, eta, azkenean, fiskalak salatu du». Ardura politikoak eta judizialak «nahastea» akatsa dela esan du Ruiz de Arbulok, baina «kudeaketa txarra» egin duela gobernuak, eta hori ezin zaiola oposizioari egotzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.