Iheslarien itzulera ez oztopatzeko eskatu du Foro Sozial Iraunkorrak

Egun, 33 iheslari eta bederatzi deportatu daude. Itzulera «mailakatua eta ordenatua» eskatu du
Foro Sozial Iraunkorreko kideak eta Euskal Herrira itzuli diren hainbat lagun bildu ziren atzo Donostian.
Foro Sozial Iraunkorreko kideak eta Euskal Herrira itzuli diren hainbat lagun bildu ziren atzo Donostian. A.CANELLADA / FOKU

Edurne Begiristain -

2019ko azaroak 10
Joan den urteko urtarrilean heldu zion Foro Sozial Iraunkorrak iheslari eta deportatuen arazoari, eta ordutik asko izan dira Euskal Herrira itzultzea erabaki duten kolektibo horretako kideak. Zehazki, hogei iheslari eta deportatu itzuli dira etxera; horietatik asko adinekoak dira edota osasun arazoak dituzte, Euskal Herritik urrun egin dituzten urteen ondorioz. Foro Sozial Iraunkorrak atzo jakinarazi zuenez, oraindik 42 pertsonak osatzen dute kolektibo hori: 33 iheslarik eta bederatzi deportatuk. Horiek guztiak etxera itzultzea ahalbidetzea beharrezkotzat jo zuen Foro Sozialak.

Topaketa egin zuten atzo Foro Sozial Iraunkorra osatzen duten erakundeek Donostian, iheslari eta deportatuen kolektiboaren egoeraz balantzea egiteko. Kanpoan urte luzez bizi izandako eta Euskal Herrira bueltatutako bost lagunek ere parte hartu zuten bileran, euren lekukotza emanez. Foro Sozial Iraunkorraren izenean, Nekane Altzelaik eta Teresa Todak nabarmendu zuten beharrezkoa dela kolektibo horren «arazo espezifikoa» lehen eskutik ezagutzea, irtenbide zehatzak bilatu nahi badira.

Nabarmendu zutenez, 60ko hamarkadatik 2.500 pertsonak egin behar izan dute ihes atzerrira, babes bila. Mexiko, Brasil, Uruguai, Txile, Erresuma Batua, Irlanda eta Kuba izan dira iheslari horiek hartu dituzten herrialdeetako batzuk. Baina horiez gain, beste 70 lagun deportatu egin dituzte munduko beste hainbat txokotara, eta haietako hainbat etxetik urrun hil dira.

Proposamenak

Horiek hala, Foro Sozialak iheslari eta deportatuen kolektiboaren itzulera «errazteko» hainbat proposamen «inklusibo» jarri zituen mahai gainean. Besteak beste, eskatu zuen erraztu diezaietela etxera bueltatzea, prozedura judizialik zabalik ez duten edo preskribatua duten iheslariei. Berdin, torturapean lortutako testigantzetan oinarritutako akusazioak dituztenen kasuan ere.

«Konponbide juridiko» bat ere galdegin zuten deportazio zigorra pairatzen dutenentzat: «Beste herrialde batera bidali zituzten deportatutako pertsonak eta luzaroan eta modu mugatuan mantendu dituzte, egoera hori zehazteko inolako prozedura judizialik gabe». Halaber, prozedura judizialen preskripzioa ez erabiltzeko galdegin zuten, itzulera errazte aldera.

Foroak Espainiako Auzitegi Nazionalaren jarrera ere salatu zuen, gogoraraziz hark ez diela abokatuei informaziorik ematen iheslarien egoera juridikoari buruz, eta, beraz, oztopatu egiten duela normaltasunez itzultzeko aukera. Kolektiboa bake eta normalizazio prozesuan eragile aktiboa izatea ere aholkatu zuen.

Foro Sozialaren arabera, beharrezkoa da adostasun zabala lortzea iheslarien itzulera ahalbidetuko duen prozesu «mailakatu eta ordenatu» bat definitzeko, justizia trantsizionalak erraztuta. Erakundeak, gizarte zibila eta iheslari eta deportatuak barne hartu beharko luke akordio horrek, Foro Sozialaren ustez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna