Albistea entzun

Lesaka berriro batu zaio Uemari

Nafarroako udalerriarekin, 88 kidek osatzen dute orain mankomunitatea. 2021erako egitasmoak onartu dituzte Batzar Nagusian
Uemako Zuzendaritza Batzordeko eta mankomunitatearen parte diren udalerrietako kideak, atzo, Lesakan.
Uemako Zuzendaritza Batzordeko eta mankomunitatearen parte diren udalerrietako kideak, atzo, Lesakan. IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jon O. Urain -

2020ko abenduak 13

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak beste kide bat du atzotik: Lesaka (Nafarroa). Uemara batzeko eskaria egina zuen udalak urriaren 29ko osoko bilkuran, eta Uemaren Batzar Nagusian eman diote oniritzia. Uemako Zuzendaritza Batzordea eta mankomunitateko kide diren Nafarroako hamalau udaletako ordezkariak batu ziren atzo Lesakan bertan, eta gainerako kideek online hartu zuten parte batzarrean; ehunen bat alkate eta zinegotzik.

COVID-19aren izurria edozein ekitaldi sozial antolatzeko egiten ari den zailtasunei erreparatuta, batzarrarekin pozik agertu da Iraitz Lazkano Elgetako alkate eta Uemako lehendakaria: «Gaur egun dauzkagun baldintzak zeintzuk diren ikusita, batzarraren balorazioa oso positiboa da; jarraipena handia izan da». Onartu dituzten puntu guztietatik «aurrera begirakoak» nabarmendu ditu, eta «ongietorri beroena» eman dio Lesakari.

Ladis Satrustegi alkatea ere «oso pozik» agertu zen atzoko egunarekin, «hainbertze urtez kanpoan gelditu ondotik» berriz sartu direlako: «Bortzirietako herriak ere bazeuden, eta guk eremu hau betetzen ahal dugu modu horretara». Gainera, uste du «bertze hizkuntz politika aurrerakoiak aitzineratu ahal izateko, Uemaren laguntza ezinbertzekoa eginen» zaiela, eta gaineratu du, mankomunitatean 88 udalerri izanik, «bertze mota bateko elkarlana bultzatzen» lagunduko diela.

Izan ere, aurretik ere Uemako udalerria izan zen Lesaka, zehazki 2013. eta 2015. urteen artean, baina aurreko udalbatzak erabaki zuen mankomunitatetik ateratzea eta indarrean zegoen euskara plana bertan behera uztea.

Duela bi legegintzaldi, Bildu agintean zegoela erabaki zuen udalak Ueman sartzea, eta haren eskutik euskara plana martxan jartzea. EAJ oposizioan zegoen, eta oso gogor kritikatu zuen erabaki hura, euskara lehenesteari «diskriminatzaile» iritzita. 2015ean, Geroa Bai udal gobernura iritsi zenean, Uematik ateratzea erabaki zuen, eta plana etetea. Azken hauteskundeetan EH Bildu itzuli da alkatetzara, eta berriz eskatu du Uemako kide izatea. Udalbatzako atzoko bozketan abstentziora jo zuen Geroa Baik. Lesakarren %79k dakite euskaraz, eta kalean %74koa da erabilera.

250.000 biztanletik gora

Horrela, Uemako 88. udalerria bihurtu da Bortzirietako herria. Lesaka gehituta, gainera, Bortzirietako udal guztiak dira orain mankomunitateko kide. Uemako kide guztien artean 250.000 biztanle baino gehiago bizi diren eremu bat osatzen dute. Nafarroako herriaren aurretik, Alkiza (Gipuzkoa) izan zen batutako azkena: iaz urte amaieran Usurbilen eginiko batzarrean onartu zuten haren eskakizuna.

1991. urtean sortu zuten «etorkizuneko Euskal Herri euskaldun baten alde lanean ari den erakunde publikoa», eta, beraz, mankomunitateak hiru hamarkada beteko ditu datorren urtean. Hamazazpi udalek sortu zuten egitasmoa, eta 71 batu zaizkie 30 urteotan.

10:00etan ekin zioten bilkurari, Lesakako Harriondoa Kultur Etxean, eta, herriko udalaren eskaera onartzeaz gain, 2020an egindakoaren balantzea eta 2021erako egitasmo nagusiak ere onartu zituzten batzarkideek. Aurtengo balantzeari dagokionez, udan Uemak berak, 61 udalek eta bost garapen agentziak elkarlanean abiarazitako Bertatik Bertara kanpaina nabarmendu zuten, «landutako edukiarengatik eta izandako oihartzunagatik».

Horrez gain, beste jarduera batzuk ekarri zituzten gogora: esaterako, Orioko Udalak (Gipuzkoa) egindako Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, Markina- Xemeingo Udalak (Bizkaia) etorri berrientzat prestatutako harrera protokoloa, edota Bermeoko Institutuan landutako Eusle proiektua.

2021erako asmoak

2021erako onartutako egitasmoetan, udalak eta udalerriak euskalduntzeko ohiko egitasmoez eta zerbitzuez gain, hiru arlo nabarmendu dituzte. Batetik, haur eta gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko egitasmoak: Hedatu hezkuntza proiektua, udalerri euskaldunetako gazteen topaketak edota herriz herri egiten diren kontzientziazio tailerrak. Bestetik, ikerketa arloa: kale erabileraren neurketak, Iñaki Arregi ikerketa bekaren bigarren deialdia, eta haurren hizkuntza erabilerari buruzko ikerketa. Hirugarrenik, Uemak bertako kide diren udalei eskainiko dien itzulpen zerbitzua nabarmendu dute. Edozein herritarrek ofizialak diren bi hizkuntzetan arreta jasotzeko eskubidea bermatzeko laguntza izango da zerbitzu berria, betiere udal langileen lan hizkuntza euskara izan dadila bermatu ondoren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Bada euskara bidegurutzetik ateratzeko garaia»

Lander Muñagorri Garmendia

Euskal Herrian Euskaraz taldeak oinarriak berritu ditu, eta, besteak beste, independentzia galdegingo du aurrerantzean. Euskalgintzak ere bide bera egin dezala nahi dute kideek.

COVID-19a: urtebete gure artean

Izurri arorako lezioa

Arantxa Iraola

Zientzia ezinbestekoa izan da COVID-19a ulertzeko. Miren Basaras, Izortze Santin eta Ana Galarraga batu zituen BERRIAk 'online' solasaldi batean, ikasteko, ikasitakoa kontatzeko eta azken lezioak esplikatzeko; sarean dago.

Jendea paseatzen, Bilbon, iazko maiatzean. ©LUIS TEJIDO / EFE

HAMAIKA BIDE EBAKI DITU

Edurne Begiristain-Mikel P.Ansa

Gaur urtebete da SARS-CoV-2 birusaren lehen kasuak atzeman zirela Euskal Herrian. Lehen kasu haien ondorengo erauntsiak milaka lagunen bizitza jo du: birusaren ondorioz, 5.000 lagun hil dira, eta 20.000 inguru ospitaleratu behar izan dituzte. Urtebetean, hamaika bizitza zeharkatu ditu gaitzak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.