Hezkuntzan euskara ardatz

Eskola Hiztun Bila jardunaldian hezkuntzaz eta hizkuntzaz aritu dira bi egunez. Besteak beste, «euskararen eta euskarazko» irakaskuntza «suspertzeko» jarraibideak landu dituzte.

Iñaki Biain, Joaquim Dolz eta Leire Diaz de Gereño Eskola Hiztun Bila jardunaldian, ostegunean. JON URBE / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2021eko urriaren 31
00:00
Entzun
Dereduak arrakasta itzela izan du, baina hazkunde krisian dagoela esan didate», adierazi zuen bere hitzaldiaren hasieran Joaquim Dolz Genevako Unibertsitateko irakasleen prestakuntzako eta hizkuntzen didaktikako katedradunak.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren Ulibarri programak 25. Eskola Hiztun Bila jardunaldia egin zuen asteazkenean eta ostegunean, Donostiako Kursaal jauregian. Egindakotik ikasten, etorkizuna euskaraz ardazten lelopean egin zuten, eta, besteak beste, hizkuntza proiektuak garatzeko jarraibideak landu zituzten.

Iñaki Biain hizkuntza normalizazioan aritzen da Irungo (Gipuzkoa) Berritzegunean, eta, azaldu zuenez, D ereduak «arrakasta» izan du «orokortuz» joan delako: gaur egun, «ikasleen %90 euskaraz ikasten» ari dira, baina, era berean, «krisian» dago, ikasleek euskaraz aritzeko duten gaitasuna apaltzen ari delako.

Biainen ustez, «hazkunde krisiari» aurre egiteko «beharrezkoa» da «hizkuntzaren erronkakzentralitatea hartzea berriro»; orain arte «kantitatean egin diren aurrerapenak kalitatean egitea». Leire Diaz de Gereño EHUko irakasle eta ikerlariaren arabera, hizkuntzarekin lotutako datuak «hobetzea» dute helburu orain: «Aldaketa garaia dator».

Dolzen dekalogoa

D ereduaren «krisiaren» harira, ikastetxeetako hizkuntza proiektuak garatzeko dekalogoa aurkeztu zuen Dolzek, «euskararen eta euskarazko irakaskuntza suspertzeko» eta «euskararen normalizazioa lortzeko».

Hamar puntu ditu katedradunak aurkeztutako jarraibideak, baina «lehentasun osoa» ematen dio ahozkotasunari. Hizkuntzaren ahozko erabilera garatzeko «lehentasunak» finkatu behar zirela nabarmendu zuen Dolzek. Adierazi zuenez, lehentasun horiek finkatzeko «beharrezkoa» da kontuan hartzea ikasleen eta irakasleen profilak.

Dolzen arabera, euskarak «eskola komunitatean» duen erabilerari buruzko balantze bat ere egin beharko litzateke, «ikastetxearen lehentasunak eta helburuak zehazteko». Horrekin batera, ikasleak «ekintzen erdigunean» jarri behar direla azaldu zuen katedradunak, eta nabarmendu zuen «oso garrantzitsua» dela ikasleak eta talde pedagogikoa «motibatuko» dituzten «proiektu kolektiboak» aurkeztea.

Hizkuntza proiektua suspertzeko, irakasgaietako«genero eta gaiak» ere aipatu zituen: «Ikastetxeetan landu daitezkeen ahozko testuen generoak eta komunikazio egoerak zehaztu beharko lirateke». Dolzek azaldu zuenez, «garrantzitsua» da ikasleen aniztasuna «aintzat hartzea», eta euskaldun zaharrak eta berriak ezberdintzea. Irakasleei dagokienez, haien «esperientzia praktikoak» partekatzeaz mintzatu zen, elkarlanari garrantzia emanez. Dolzen aburuz, «ikastetxeen sare» bat osatu beharko litzateke esperientziak partekatu eta «etorkizuneko prestakuntzarako» oinarri gisa hartzeko. Proiektuak aurrera egin eta planteatutako helburuak lortzeko, proiektuaren «ebaluazioa» egitearen eta «aldian-aldian doitzearen» garrantzia nabarmendu zuen Dolzek.

Normalizazioaren ardura

«Euskara normalizatzea ez da bakarrik eskolaren ardura», argitu zuen Dolzek: «Ikastetxeek asko egin dezakete, baina ezin dute dena egin».

Katedradunak adierazi zuen ahozko adierazpena «orain arte baino gehiago garatzeko» tresnak eta lan egiteko moduak daudela. Esaterako, «garrantzitsua» da hizkuntza proiektuari «oihartzun soziala» ematea, erakundeak, familia eta eskola ingurunea «mugiaraziz»: «Hizkuntza proiektuek ez dute aurrera egingo ingurunea proiektuarekin solidarioa ez bada».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.