Koronabirusa. Nekane Balluerka. EHUko errektorea

«Ez nuke ulertuko EHUk finantzaketa txikiagoa izatea krisi honengatik»

Albiste on beharko lukeena polemika iturri bihurtu da azken asteetan: EHUko ikertzaileek garatutako proba metodoa ez du erabili Osakidetzak. Nekane Balluerka errektoreak azaldu du prozesu korapilatsua izan dela, eta ikerlarien lana txalotu du.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen jarduna ere goitik behera aldatu zuen koronabirusak martxo erdialdean. Unibertsitatea molde telematikoetara egokitzen ari da, eta pozik dago Nekane Balluerka errektorea (Ordizia, Gipuzkoa, 1966) komunitateak eman duen erantzunarekin: «Oso ondo ari dira irakasleak, ikertzaileak zein administrazio eta zerbitzuetako langileak: esfortzu itzela egin dute».

EHUko eta beste ikerketa zentro batzuetako ikerlari talde batek COVID-19a atzemateko metodo bat asmatu du; egunean 10.000 proba egin daitezke, baina Osakidetza ez da erabiltzen ari. Asteon akordioa lortu duzue Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin. Zertarako?

Ikertzaileek lan bikaina egin dute: epe motzean izugarrizko erronka zientifikoari eman zioten erantzuna, eta lortu zuten metodologia bat PCR probak egiteko kit komertzialen menpe egon gabe, eta kostu txikiagoarekin; kit komertzialen arazoa da azkar agortzen diren material batzuk behar dituztela, baina gureek ez dute halakorik behar. Hasieratik kolaborazioa egon da: Osakidetzak laginak utzi dizkigu, eta gure ikertzaileek horiekin lan egin dute, baina balidazio kliniko bat behar zen, eta horrek denbora eskatu du; agian, hori ez zen argi komunikatu hasieran. Orain arte ez da lortu balidazio hori, eta oraindik hobetzen ari gara metodoa, probak zehatzagoak izan daitezen. Sinatu dugun hitzarmenaren bidez, ministerioak martxan jarri duen ikerketan gure testak ere egingo dira, eta horrela jakingo dugu zer gertatzen ari den asintomatikoekin; oso baliagarriak izango dira beste kutsaldi bat gertatzen bada. Hala ere, akats bat egon da: egunean ia mila proba egin ditzakegu, ez 10.000.

Ministerioaren ikerketatik kanpo ere erabiliko da metodoa?

Osasun arduradunek uste badute beharrezkoa dela milaka proba horiek egitea, guk geure burua eskaini dugu behar duten guztirako; prest gaude gure testak erabil ditzaten.

Duela hiru aste zabaldu zen proba horien berri, eta prentsa oharrak zioen metodoa balioztatuta zegoela. Zenbat balioztatze behar dira? Madrilgo Karlos III.a Institutuak ere onetsi baitzuen.

Karlos III.ak eman zigun balioztapena, baina hurrengo urratsa izan da Osakidetzak erabiltzen zuen metodologia eta gurea parekatzea, sentsibilitate eta espezifikotasun maila desberdinak zeuzkatelako. Horretan aritu dira ikertzaileak elkarrekin lanean.

Osakidetzan egon daiteke nolabaiteko errezeloa, ikertzaileak bere eremuan sartu direlako?

Ez luke egon behar. Guk unibertsitate publiko gisa egiten dugun guztia gizartearen zerbitzurako da, eta, kasu honetan, Osakidetzaren zerbitzura jarri dugu. Gainera, beti esan dugu Osakidetzaren irizpideak beteko ditugula, eta horregatik landu dugu hitzarmena.

Ikerketan parte hartu dutenei hitz egiteko debekua ezarri zitzaien. Zergatik?

Balidazioa egiteko eta metodologiak parekatzeko denbora falta zenez, ikertzaileei esan zitzaien albiste berririk ez zegoen bitartean ez zuela merezi hedabideetan gauza bera esaten ibiltzea. Baina, nik dakidala, ez zitzaion inori debekurik ezarri.

Zuk zeuk ere ez duzu adierazpenik egin azken egunotara arte. Aurpegiratu ahal dizute ez duzula unibertsitatearen lan hau behar bezala defendatu?

Ez dut uste inork halakorik esan dezakeenik. Nik beti harrotasunez defendatu dut gure ikertzaileen lana. Errektoretzak erraztasun guztiak eman dizkie hasiera-hasieratik lan egin ahal izateko. Gure instalazioak itxita egon dira, eta beraientzat espresuki prestatu ditugu, horrek dakarren inbertsioarekin. Gainera, ni ez naiz adierazpenak egitearen zalea: beharrezkoak direnean egiten ditut.

Osasun larrialdiak eta konfinamenduak ekarri du unibertsitate jarduera eta trebakuntza online egin behar izatea. Horretarako prestatuta al zegoen EHU?

Gizartea, oro har, ez zegoen prestatua horrelako krisi bati aurre egiteko. Hala ere, gure susmoa bazen hona iritsiko zela birusa, eta, martxoaren 14an alarma egoera ezarri zenerako, bageneuzkan 700 irakasle online trebakuntzari buruzko formakuntza jasoa zutenak, bizpahiru aste lehenago jarri genituelako martxan ikastaroak. Martxoaren 9an online eskola oso gutxi ematen ziren, 60 inguru; apirilaren 7an, 3.107 ziren, eta 33.000 pertsona zeuden konektatuta. Dena egun batetik bestera martxan jarri behar izan genuela ikusita, nire balantzea positiboa da. Pentsa irakasle batzuk egon dira eskolak ematen berrogeialdian, ume txikiekin... eta ikasleak ere antzera, eskolak jasotzen. Baldintza horietan jarraitzea txalogarria da. Arazoak izan dira, bai, baina okerrak zuzentzen ari gara. Ikasketa prozesu bat izaten ari da, eta, berriro halakorik gertatzen bada, prestatuago egongo gara.

Kezka dago baliabiderik ez duten ikasleekin. Nola ari zarete konpontzen?

Ikasleen errektoreordea hasieratik jarri zen dekano guztiekin harremanetan, baliabide gutxi dituzten ikasleak hautemateko, eta guk ere deialdi bat egin dugu. Ikasle horietako batzuei ordenagailua eman zaie maileguan, eta beste batzuei diru laguntza eman zaie Internet konexioa hobetzeko. Ez dakit denak detektatuta dauzkagun, baina detektatu ditugun guztiei erantzuna eman zaie.

Trebakuntza telematikoan izandako esperientzia honek ateren bat ireki dezake etorkizunerako? UEUk online irakaskuntza proposatu zuenean, erresistentziak agertu ziren...

Online trebakuntza oso interesgarria da hainbatetan; EHUn, graduondoetan askoz garatuagoa dugu graduetan baino. Baina nik uste dut graduetan aurrez aurreko irakaskuntzak izugarrizko aberastasuna ematen diola prozesuari: ikasleen eta irakasleen arteko interakzioa askoz aberasgarriagoa da presentzialki. Gainera, hainbat gradu ezingo lirateke guztiz online eman. Hala ere, honek ikusaraziko du trebakuntza telematikoa aurrez aurreko formakuntzarako osagarri oso egokia izan daitekeela, eta kalitatea berma daitekeela online moldean ere. UEUrekin Bigarren Hezkuntzako masterra jarriko dugu martxan online, eta kalitate handikoa izango da. Edonola ere, bai irakasleek bai ikasleek gaitasun berri batzuk jasotzen ari gara epe honetan, eta online irakaskuntza hobetzeko gakoak izango ditugu.

Ikasleei eskatu diezue jakinarazteko irakasleek ez bazuten online lan hori egiten. Kexarik iritsi al da?

Gaizki ulertze bat izan zen hori: Ikasleen errektoreordetzak ikasleei esan zien kexarik edo arazorik bazuten graduko koordinatzailearengana jotzeko, eta, normalean, halakoak ikasgai bakoitzeko irakasleen bidez kudeatzen dira. Ez zegoen irakasleen jarraipen zurruna egiteko asmorik, baizik eta online trebakuntzak eragindako arazoak detektatzekoa, baina irakasle batzuk haserretu dira. Praktikan, kexa gehienak hurbileko irakasleen bidez kudeatu dira. Ikasleek ere egin dute galdeketa haien artean, eta horrek ere haserrea eragin du, baina uste dut kritikak naturaltasunez jaso behar direla.

Galdeketa horretan ikasleen %60k esan dute ez direla ari klase telematikoak jasotzen ikasgairen batean.

Pentsatu behar dugu irakasle batzuk gaixotu direla, beste batzuek ez dutela inoiz klase telematikorik eman, edo etxean ez daukatela konexio egokirik... Halere, guk ez ditugu behartu irakasleak bideokonferentziak egitera; gehienek hala egin dute, gure plataformaren bidez, baina guk eskatu genien irakaskuntza prozesua jarraitzeko, eta batzuek apunteak jarri dituzte, posta elektronikoz aritu dira...

Ikasturte amaiera hurbiltzen ari da. Nola egingo da ikasleen ebaluazioa?

Dokumentu bat landu dugu, irakasleei jakinarazteko gure plataforma birtualean zer tresna dauzkaten ebaluazioa egiteko, ebaluatu beharreko gaitasunen arabera; izan ere, haiena da ebaluazioaren eskumena. Gure gomendioa da ahal den guztietan ebaluazio jarraitua egitea, hau da, aurretik zeuzkaten ebaluazio ebidentziak erabiltzea, eta ez ematea azken azterketari pisu guztia. Gainera, gomendatu dugu azterketa sinkronoak ez egitea: momentuko etsaminak dira, adibidez, test modukoak, era arazoak eragin dezakete konexio onik ez badago, edo ikasleak ezin badira azterketan atzera itzuli. Halakoak egitekotan, hobe da osatzea bestelako lanekin, edo garapen intelektual edo logikoa eskatzen duten galdera irekiekin. Ildo horretan, irakasleei eskatu diegu ebaluazioa egiteko seriotasunez, baina malgutasunez: ez dakigu ikasleek zer baldintza izan dituzten, eta koherentzia egon behar da eskolak jasotzeko eta ebaluatzeko moduen artean. Ikasleei ere gogoraraziko diegu etika eta gardentasun dokumentu bat sinatu dutela, eta espero dugula iruzurrik ez egitea azterketetan.

Uztailaren 6an, 7an eta 8an izango da selektibitatea. Nola?

Segur aski, espazio gehiago erabiliko ditugu, segurtasun distantziak gorde ahal izateko, eta babes ekipamenduak eta gelak erosi beharko ditugu. Tentu handiz ibili beharko dugu selektibitatean: gazteen erantzukizuna oso garrantzitsua izango da haiek ere distantzia soziala mantentzeko, gela barruan ez ezik, ilaretan eta korridoreetan ere. Hori guztia diseinatzen ari gara orain, eta lana emango digu.

Batxilerreko azken hiru hilabeteotako edukiak azterketan sartu ahalko dira?

Azterketa malguagoa izango da: galderak hautatzeko aukera gehiago izango dituzte; hala, landu ez duten gairen bat egokitzen bazaie, hori saihetsi ahalko dute. Saiatzen ari gara zentroetara halako proba batzuk helarazten, formatua ezagutu dezaten.

Konfinamendutik ateratzeko plana lantzen ari zarete zuek ere. Nolakoa izango da?

Kolektiboen arabera diseinatzen ari gara. Lehenik, telelana egiteko aukera izan ez duten ikertzaileak itzuliko dira, baita administrazio eta zerbitzuetako langileak ere, ikasturtea amaitzeko beharrezkoak baitira. Uztailean, ikasle batzuk laborategietara sartu ahalko dira, praktikak berreskuratzeko. Horretaz gain, mugikortasun edo kontziliazio arazoak dauzkatenen inguruko informazioa biltzen ari gara. Dokumentu orokor bat landu dugu, eta maiatzean hasiko gara plan zehatzagoak lantzen, ea zer material eta tresna behar diren horiek betetzeko.

Selektibitatea atzeratuta, matrikulazioa ere atzeratuko da. Noiz hasiko da datorren ikasturtea?

Selektibitatearen bigarren deialdia uztailetik irailera atzeratuko balitz, ikasturte hasiera ere aste pare bat atzeratuko litzateke. Baina, printzipioz, ez dugu uste halakorik gertatuko denik; beraz, baliteke ikasturte berria soilik lehen mailako ikasleen kasuan atzeratzea, astebetez edo.

Udako ikastarorik izango al da?

Ekain eta uztailerako aurreikusi diren batzuk online izango dira, baina uztailean egin beharreko nazioarteko kongresuak segur aski bertan behera geratu edo atzeratu beharko dira. Dena den, erabaki batzuk oraindik hartzeko daude: maiatzean argituko da.

EHUren finantzaketan gorabeherarik eragingo al du krisiak?

Espero dezagun ezetz. Nire ustez, krisi garaian apustua izan behar da goi mailako hezkuntza eta ikerkuntza, eta apustua izan behar da publikoa. Arlo publikoaren defendatzaile sutsua naiz: krisi honen aurkako babes handiena osasun eta hezkuntza publikoak dira. Ez nuke inolaz ere ulertuko EHUk finantzaketa txikiagoa izatea krisi honen ondorioz. Gainera, guk inbertsio handi bat egin beharko dugu eraldaketa digitala aurrera eramateko.

EHUn hauteskundeak datoz azaroan. Egin ahal izango dira?

Oraindik ez dugu horretan pentsatu, orain beste lehentasun batzuk ditugu. Baina, printzipioz, gure aurreikuspena da azaroan normaltasuna izatea, eta hala bada, hauteskundeak orduan egingo ditugu. Hori posible ez balitz, gure taldeak lanean jarraituko luke, hauteskundeak egiteko aukera izan arte.

EHUko hauteskundeetan oso garatuta dago boto telematikoa; horrek erraztuko luke?

Aukera bat izan daiteke. Baina ikasturtea ez bada normaltasun osoz garatzen, bozak horrela egiteak ekarriko luke sistemari estres handiagoa eranstea; hobe litzateke gure esfortzu guztiak ikasturtea bideratzera eskaintzea, bestelako aldagairik sartu gabe.

Berriro aurkeztuko zara errektore izateko?

Oraindik ez dut horretan pentsatu, eta ez dut uste garrantzitsua denik nik jarraitzea edo ez, baizik eta proiektuak aurrera egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.