Arantxa Tapia. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua

«Herri honetan edozein proiekturi ateratzen zaio plataforma bat»

Jaurlaritzak ez du «asmorik» parke eolikoen auzian Ingurumen Administrazioaren Legea baliatzeko, baina Tapiak argi utzi du haize errotak estrategikoak direla, eta «ekintzak» behar direla konpromisoak betetzeko.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
Gasteiz
2022ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrean, Ukrainari buruz adierazpen inprobisatuak egin ondoren hartu du BERRIA Arantxa Tapiak (Astigarraga, Gipuzkoa, 1963). Bonbak lehertu berri direla, ez du ezkutatu «kezka handi bat» gerrak ekar dezakeenari begira. Bulego txiki batean eseri bezain laster, iPad bat atera du. Ordubetez Jaurlaritzaren kudeaketaren zati handi bat esplikatzeko prest dago.

Pandemiak su-etena eman duenean hasi da Ukrainako gerra. Zer du jokoan euskal ekonomiak gerra honetan?

Lehenik, krisi humanitario bat eragin du, eta hildakoak. Ekonomiari begira, euskal enpresa batzuek jadanik badituzte arazoak kontratuekin, esportazioekin, eta hor galera bat izango da. Zer esanik ez gasaren eta petrolioaren prezioak direla eta. Horrek zuzenean eragiten digu, eta lehendik ere enpresek arazoak bazituzten energia prezioengatik, orain are gehiago izango dituzte. Ikusiko da horrek guztiak susperraldiari nola eragiten dion aurrerago.

Gasa energia berdetzat jo du Bruselak, baita nuklearra ere. Eztabaida hori itxita dauka Jaurlaritzak?

Nuklearraren eztabaida aspaldian itxi zen Euskadin; pertsonak aurrean eraman zituen egoera zail batean. Inoiz gertatu behar zena gertatu zen hor ere. Gasaz ere eztabaidatu dugu, eta trantsizio ekologikoarekin batera, erabat alboratu da ustiaketa egitea. Hemen ez dugu horrelakorik, eta eztabaida itxita dago. Gure helburua da energia berriztagarriak sustatzea.

Parke eolikoen aurkako erantzuna ez da txikia Euskal Herrian; aurreikusitako kokagune denetan egingo dira?

Oinarria energia berriztagarrietan behar dugula esaten badugu, eolikoa, fotovoltaikoa eta hidroelektrikoa sartzen dira hor. Guk ez dugu Duero edo Tajoren moduko ibai handiak hidroelektrikoa gure alde jartzeko. Beraz, parke eolikoak behar ditugu bai ala bai gure mix-ean. Inguruko herrialdeekiko menpekotasun izugarria dugu, %90ekoa. Apustu sendoa behar dugu, ez bakarrik hitzez, baita ekintzez ere.

Zoruen ordenazio berria ez da egongo 2024ra arte behintzat; hura onartu aurretik abiatuko dira proiektu eolikoak?

Badugu ordenazio bat indarrean, eta horrek zehazten ditu leku batzuk haize errotak jartzeko, ingurumen ikuspegitik bideragarri direlako eta haizea badutelako. Gerta daiteke ingurumen baldintzak direla eta, leku batzuetan ez egitea parkerik, indarrean dugun LPSa oso zaharra delako. Hori gertatu da jada proiektu batekin.Ari gara LPSa berritzen, baina luze jotzen du horrek.

Ordenazio berria egitea prozesu luzea dela diozu; ezin da haren zain egon?

Berandu iritsiko ginateke seguruenera, 2050erako badirelako helburu batzuk betetzeko. Ekintzak behar ditugu berriztagarrien konpromisoak betetzeko.

Urtebetean ikusiko ditugu zenbait parke eoliko abiaturik?

Bai, gure asmoa da batzuk abiaraztea, betiere berme guztiekin, eta epeak errespetatuz. Ingurumenari begira berme ugari jartzen ari gara, eta horiek denak bete beharko dira.

Ingurumen Administrazioaren Lege onartu berria baliatuko du Jaurlaritzak parke horiek egiteko, udal gobernuren bat aurka azaltzen bada?

Ez da gure asmoa. Badakigu aurkako plataformak badaudela: herri honetan edozein proiekturi ateratzen zaio plataforma bat. Baina bermeak dira lehen-lehena, eta proiektuak beharrezkoak dira. Parke horiek ikaragarrizko onura ekar diezaiokete gure herriari.

Bere lurretan proiektu bat nahi ez duen udal gobernua alboratzea ez dela demokratikoa dio oposizioak. Zer diozu Ingurumen Administrazioaren Legearen izaerari buruz?

Legea tramitatzen ari zela zuzenketa moduan sartu zelako egon da eztabaida. Baina nire galdera da: zuzenketa gobernua osatzen dugun taldeok ez, oposiziokoek jarri izan balute, ez al litzateke demokratikoa izango? Prozedura normala izan da; hori izaten da ohiko bidea. Energia berriztagarrien LPS berria martxan jartzen dugunean, arlo komertzialarena edo basoetakoa, udalek beren borondatea albo batera utzi beharko dute, ordenazio hori gainetik datorkielako, ados egon ala ez. Interes orokorreko gai bat bada, administrazio publikoek sustatua, proiektu horrek bide bat egiteko modua behar du, eta erabat demokratikoa izango da; beste erkidegoetan erabiltzen den sistema da. Alkateari gainetik datorkiona ez da demokratikoa herriak agian ez duelako ongi kontsideratzen? Lege hori salbuespen egoeretan erabiliko da, dena den, Jaurlaritzak txosten guztiak egin eta gobernu kontseiluan onartu ondoren: ez da edozeren gainetik erabiliko.

Argi utzi duzu eolikoak estrategikoak direla. Haizea Wind jarriko da Naval zenaren orubean?

Orubearen eroslea ari da hitz egiten zenbait hautagairekin, eremuaren %51 arlo industrialarentzat delako. Haizea Wind izan daiteke, bai, baina beste batzuk ere badaude. Lurreko haize energian balio kate handia dugu, baina salto egin behar dugu itsasoko haize energiara. Offshore-ra joateko plataforma flotagarriak behar ditugu, eta hori garatzeko instalazio egokiak; Naval ohiarenak izan daitezke, baina oraindik ez dago ezer itxita.

Iberdrola 3.885 milioi euro irabazi ditu, %7 gehiago, Sidenor eta beste enpresa batzuekin liskar handiak izan dituen urtean. Zer iruditzen zaizu?

Sidenorrek esan du ika-mika hori itxita dagoela. Enpresen argindarra merkatzeko formula desberdin asko daude mahai gainean; oso gai korapilatsua da, Europako araudiak eta estatu bakoitzarenak sartzen direlako jokoan, baina guk ere gure etxeko lanak egin ditzakegu ere; badira har daitezkeen neurriak. Bai Iberdrolak, bai gas ekoizleek eta baita estatuak ere, fiskalitatea tarteko, gehiago irabazi dute: guztiek.

3.885 milioi euro ez ditu edozein enpresak irabazten.

Agian da Iberdrolak deklaratu egin duelako, eta beste norbaitek ere irabaziko du hori, baina ez du deklaratuko beharbada... Ez da Iberdrolaren defentsa egin nahia, baina diru hori hemen inbertitzen badu, gure hornitzaileen alde, diru horren erabilera egokia egingo duela esan daiteke.

Europako funtsen banaketarekin ez dago konforme Jaurlaritza. Proiektu estrategiko batzuk diru laguntzarik gabe geldituko diren beldur zara?

Bai. Euskadira iritsi den dirua administraziora iritsi da, eta dagokiona baino gutxiago, aldagai askoren bidez neurtua. Ekonomia eraldatzeko baino gehiago kohesiorako irizpideekin ari dira. Funts horiek eraldaketarako dira, ordea. Orain ikusiko da ea lortuko dugun dirua enpresetara bideratzea ala ez. Haiek ez dute orain arte euro bakar bat ere ikusi. Digitalizaziorako 3.000 milioi jarri dituzte, baina enpresa txikiek —ez txikienek— lehen urratsak egiteko bonuak dira. Gure enpresetan, normalean, urrats bat aurrerago doaz. Non dago hurrengo urratsak egiteko dirua?

Ikasle aurreratuak zigortzen ari dira?

Esan daiteke horrela. Baina Jaurlaritzak baditu bere baliabideak: bilketa handitu da, eta erabiltzera goaz hori. 460 milioi euro jarri genituen iaz enpresak laguntzeko. 460 milioi horiekin 2.000 milioiren inbertsioak egin dituzte. Aurten, 590 milioi jarriko ditugu 74 programatan. Europako funtsei buruz hitz egiten da asko, baina gu ez gaude geldirik, ez gaude zain.

Madril albiste asko ematen ari da. Gerta daiteke euskal politikan PPk Casadorekin egin duen triskantza edo beste era bateko politika dago hemen?

Gure alderdiek beste era batera jarduten dutela esango nuke, orokorrean, baina horrelako gatazka bat sortzetik ez dago inor libre.

Morboaren atzetik PP-Vox balizko aliantza bat dago jokoan. Belarriak zutik beharko lituzkete alderdi abertzaleek?

Belarriak tente ditugu jadanik; Legebiltzarrean gertatzen dena baino ez da ikusi behar Voxen ordezkariarekin. Espero dut ez egotea aliantza orokor hori, suabe esateko ez litzatekeelako guretzat batere eraikitzailea izango.

EAJk ezezkora egin zuen lan erreformaren bozketa surrealistan. Zergatik?

Erreforma egin behar zen, baina eskumenak eta herri bat errespetatu ere bai. Bertako lan esparrua legez errespatzea eskatu genuen, legez jasotzen ez dena oso konplikatua izaten delako maila berean jartzea gero.

CCOO haserretu egin zaizue. Elkarrizketa sozialerako mahaia ahuldu duzue?

Ulergarria da biren artean adostu daitekeen zerbait legez jaso nahi izatea. Etorriko dira gauzak bere onera.

Confebaskek ere baiezkoa eskatu zion EAJri. Haiekin zerbait konpondu behar duzue?

Sindikatuekin eta Confebaskekinbatzuetan ados egoten gara, eta beste batzuetan erabat desados. Horrek ezin du utzi bazterrean elkarrekin egiten dugun lana herri honen alde. Bai batzuekin eta bai besteekin, jarraituko dugu lanean.

Ostalaritza eta turismoko patronalak ere ez daude pozik jasandako murrizketekin. Beren txanda helduko da orain?

Denok izan ditugu mugak. Arlo ekonomikoa ahalik eta gehien zaindu dugu, ongizatea bermatzeko, eta osasuna oso garrantzitsua izan da ariketa horretan. Ostalaritzak murrizketak jasan ditu, baina esan behar da dirutza jarri dela mahai gainean, laguntza gisa; agian haiek nahi beste ez, baina dirutza. Orain ez daude murrizketak jarduerarako: zentzuz jokatuz eta barruan musukoak behar direla ahaztu gabe, etorriko dira garai hobeak.

Pandemiaren kudeaketan gako bertsuekin jarraituko du Jaurlaritzak? Hau da, trasmisioak gora egitea nahikoa izango da berriro murrizketak ezartzeko, edo beste ziklo batean gaude?

Erantzun zehatzak ematea nahiko nuke, baina ez daukat kristalezko bola bat. 2020ko neurri zorrotzen ondoren, inork ez zuen espero berriro atzera egin behar izatea, eta gertatu zen. Auskalo zer gertatuko den. Daukagun txertaketa mailarekin eta izan ditugun kutsatzeekin, beste egoera batean sar gaitezkeela dirudi, baina oraindik tentuz ibili behar dugu; lehendakariak ohartarazi duen moduan, agian beste olatu bat etor daitekeelako, beste aldaera batekin. Egia da, dena den, bi urte joan direla, eta aditu batzuek esaten dutela azken fasea izan daitekeela hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.