Erdoganek prentsa librea isilarazi du

Iragan ekainaren 8an polizia operazio bat egin zuten zenbait kazetariren eta hedabideren kontra, Diyarbakirko fiskalak aginduta: hogei kazetari hartu zituzten atxilo. Turkiako Gobernuak prentsa askea mugatu nahi du.

Polizia operazioaren kontrako manifestazio bat. BERRIA.
2022ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Polizia operazio bat egin zuten zenbait kazetariren eta hedabideren kontra, 2022ko ekainaren 8an. Diyarbakirko fiskalak agindu zuen sarekada, Turkiako Kurdistango hiriburuko fiskalak alegia, eta hogei kazetari atxilotu zituzten: Serdar Altan, Safiye Alagas, Gulsen Koçuk, Aziz Oruç, Omer Çelik, Suat Doguhan, Ramazan Geciken, Esmer Tunç, Nese Toprak, Zeynel Bulut, Mazlum Guler, Mehmet Sahin, Elif Ungur, Ibrahim Koyuncu, Remziye Temal, Mehmet Yalçõn, Abdurrahman Oncun , Mehmet Ali Ertas, Lezgin Akdeniz eta Kadir Bayram.

Ikusi gehiago:«Kazetarien kontrako akusazioa politikoa da»

Sei komunikabide izan ziren polizia operazioaren jomugan. Haien egoitzak arakatu zituzten, eta haien ekipo tekniko eta digitalak konfiskatu. Bi albiste agentzia daude tartean: bata, MA-Mezopotamya Agency, eta bestea, Jinnews, emakumeen prentsa agentzia bat. Horietaz gainera, kurdueraz idatzitako egunkari bat, Xwebûn izenekoa, eta hiru produkzio konpainia: Piya, Ari eta Pel. Operazioan erabili zen indarkeriaren erakusgarri, Xwebûn egunkariko erredakzioburu Mehmet Ali Ertas hamar ordu eduki zuten eskuburdinak jarrita etxea arakatzen zioten bitartean.

Turkiako Gobernuak prentsa askea mugatu eta isilarazi nahian dirau. Kazetariek arriskuan jarduten dute lanean, eta kartzelan sartzen dituzte haietako asko; aldi berean, oposiziokotzat jotako hedabideak itxi egiten dituzte gobernuaren agindu batez baliatuta.

Prentsa eta adierazpen askatasuna urratzen duten herrialdeen mundu osoko zerrendan, lehenetarikoa dago Turkia. Han txitean-pitean ikertzen dituzte hala kazetariak nola hedabideak. Adibidez, ekainaren 8an hainbat kazetari modu masiboan atxilotu baino astebete eskas lehenago, Dicle Muftuoglu hartu zuten atxilo, Dicle Firat kazetari elkarteko presidentekidea —DFG Tigris-Eufrateseko kazetarien elkartea—. Hiruzpalau egun eduki zuten atxilotuta, eta behin-behinean aske utzi zuten gero, zaintzapean. DFG elkarteko beste presidentekidea, Serdar Altan, ekainaren 8ko sarekadan atxilotu zuten, beste hemeretzi ofiziokiderekin batera.

AKP alderdi islamikoak (Justiziaren eta Garapenaren Aldeko Alderdia) eta MHP alderdi ultraeskuindarrak (Mugimendu Nazionalistaren Alderdia) osatzen dute Turkiako Gobernua, baina aliantza hori krisi politiko, ekonomiko eta sozial betean dago. Hori gutxi ez, eta Recep Tayyip Erdogan presidenteak dekretu bidez gobernatzen jarraitzen du, gero eta gehiago sakonduz bere joera antidemokratiko eta errepresiboan. Aurreranzko ihes bat da, auzoko herrialde Ukraina eta Errusiaren arteko gerrari eta haren ondorioei erantsi behar zaiena, gainera. Horren guztiaren ondorioz, badirudi barne krisia sakontzen ari dela arlo guztietan.

Turkiako Gobernuak, halaber, barne politikaren ardatz hartua du etengabe urratzea eskubide zibil, politiko eta ekonomikoak, eta, gero eta nabarmenago, ustezko kanpo etsaien mehatxuaren aitzakiaz baliatzen da hori zuritzeko. Aldi berean, izugarrizko presioa erabiltzen du politika ofizialari aurre egiten diotenen kontra.

Ekainaren hasieratik hain zuzen, polizia operazio zabalak egin dituzte oposizioko gazteen aurka, politikari demokratikoen aurka eta emakumeen eskubideen aldeko ekintzaileen aurka.

Zenbait kazetari eta hedabideri ekainaren 8an egindako errepresio operazio zabalean, zigorra ezarri eta ohartarazpena egin nahi izan diete hango errealitate gogorraren eta horrek herritarrengan dituen ondorioen berri eman izan duten profesionalei, Irak iparraldean eta Rojavan ezarritako gerra, eraso eta okupazio politika salatzen dutenei.

Azken 30 urteetan, kazetari kurduek tradizio bat osatu dute prentsa librean, nahiz eta errepresio gogorraren menpe egon diren. Tarte horretan, kazetaritza kurdu libreko dozenaka langile hil dituzte armadak, Poliziak eta talde paramilitarrek, eta beste dozenaka batzuk kartzelatu. DFG elkarteak ekainaren 5ean argitaraturiko txostenaren arabera, 60 kazetari zeuden orduan espetxeratuta, eta oraintxe badira laurogei.

Desinformazioaren legea

Maiatzaren 28an, gobernuak «desinformazioaren lege proiektu» berria aurkeztu zuen, Prentsa Legea eta beste zenbait moldatzen dituena. Parlamentuko Justizia Batzordeak onetsi egin zuen ekainaren 15ean, eta, haren arabera, hiru urterainoko kartzela ezarri ahalko diote orain «desinformazioa hedatzen» duenari.

Kazetariak eta haien elkarte eta sindikatuak kezkatuta daude, lege proiektua anbiguoa dela eta. Beldur dira ez ote den aitzakia izango edozein ahots kritiko isilarazteko. Aldaketak, berretsiak izan orduko, AKPk 2023ko bozetarako izango dituen armarik indartsuenetako bat izango dira, «beldur giroa» zabalduko baitute kazetarien artean.

Lege horren justifikazioan arazotzat jotzen da «sare sozialen erabilera, zeina Internet bezainbeste zabaltzen ari baita, eta horrek erraztu eta lastertu egiten du albisteak eta informazioa eskuratzeko bidea». Kurioski, «informazio engainagarria argi eta garbi plazaratzeko» delituaren definizio berria erantsi dio Zigor Kodeari, eta espetxe zigorra ezartzen du delitugileentzat.

«Bake publikoa asaldatzeko moduan herrialdearen barne eta kanpo segurtasunari, ordena publikoari eta osasun publikoari» buruzko informazio faltsua hedatzen dutenei, hain justu ere, urtebete eta hiru urte arteko kartzelaldia ezarriko diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.