Albistea entzun

Pentsioen inguruko begirada lausoa

Joseba Permach Martin - Iratzar fundazioko kidea eta Sortuko militantea

2023ko urtarrilak 25

Azkenaldian sarri ari gara hitz egiten pentsioen inguruan. Ahots ugari, baina marko berbera funtsean: pentsioekin arazo bat daukagu. Marko horretatik abiatuta, pentsioen errentagarritasuna zalantzan jartzen da, baita norabide berean doazen soluzio andana proposatu ere: erretiro adina atzeratzea, urte gehiago kontabilizatzea, pentsioen errebalorizazioa trabatzea... Establishment-ak ezarri duen markoa da, naturako fenomeno bat bailitzan; eta zaila da hortik ihes egitea, ez badugu bederen eztabaidaren markoa (eta soluzioak) aldatzen, eta arazoari beste begirada batez so egiten.

Alde batetik, pentsioak politika ekonomiko batzuen ondorio direla ulertu behar dugu; bestela, pentsioak gure gainetik dagoen borondate natural edo jainkotiar baten esku daudela sinetsiko dugu, 2008ko finantza tsunamiarekin gertatu bezalatsu. Izan ere, orduko finantza-krisia higiezin eta finantza merkatuen deserregularizazio politiken ondorio izan zen. Eta pentsioen egungo egoera, PPk krisi horren testuinguruan pentsioen itsulapikoko 60.000 milioiak gastatu izanak eragin du, besteak beste.

Hain zuzen, egungoaren gisako egoerei erantzuteko sortutako itsulapikoak erakusten digu erabaki politikoak daudela ustezko joera naturalen gainetik, biztanleriaren zahartzea kasu. Pentsioak politika publiko zehatzen ondorio dira, eta hala izango dira; beraz, badago soluzioa. Hortaz, ekidin ditzagun ezkortasunak eta konponbide posibleak baztertzen dituzten markoak. Alternatiben ortzi-muga zabaldu behar dugu; kontrara, gure begirada mugatua eta lausotua egongo da auzi horretan ere.

Zentzu horretan, nago pentsioen eztabaida soluziorik gabeko marko batean kokatzeaz gain, begi bakarrarekin soilik ikusten ari garela, bestea estalita. Esan nahi dut: zergatik ezkutatzen dute pentsioak hertsiki lotuta daudela lan baldintzekin? Zergatik ez dira zalantzan jartzen enplegu prekarioagoak, okerrago ordainduak, partzialagoak eta aldizkako kontratuen areagotzeak ekarri dituzten 2011tik gaurdainoko lan erreformak? Eta horrek guztiak kotizazioak izugarri murriztea eragin duela?

Gainera, begirada nagi eta begi bakarreko horrek eraginda, ahaztu egin dugu hamarkadatan emakumeek ez dutela etxetik kanpo lanik egin; eta, horren ondorioz, eurek kobratzen dituztela pentsio baxuenak (ez-kontributiboak), eta eurak direla, nagusiki, egun enplegu prekarizatu, partzial eta gaizki ordainduak dituztenak. Horri aurre egiteko ez bada neurri politikorik hartzen, emakumeak izango dira etorkizunean ere gutxieneko pentsioa jasoko dutenak, lan merkatuan sartu arren. Beste baterako emango luke gure adinekoak Gizarte Segurantzan kotizatu gabe zaintzen dituzten milaka emakumeren egoerak, baita horrek dituen ondorioek ere (eurengan lehenik, eta diru-kutxa publikoetan, bigarrenik).

Norbaitek esango du soldatak edo/eta gizarte-segurantzako kotizazioak igotzeak enpresen bideragarritasuna zalantzan jarriko lukeela. Baina erantzuna erraza eta irmoa da: BPGan soldatek ordezkatzen duten zenbatekoa jaitsi egin da 1980ko hamarkadatik hona; aldiz, enpresen irabazien zenbatekoa hazi egin da. Horren arabera, enpresek gehiago ordaindu behar dute pentsioen etorkizuna bermatzeko, horretarako gaitasuna badute-eta.

Hori guztia azalduta, egongo da norbait esango duenik biztanleriaren zahartzea eta haren ondorioak ezin ditugula ekidin. Ederki, ireki dezagun bada erretiro adinaren inguruko eztabaida; baina egin dezagun gauza bera, adibidez, lan-astea murrizteari buruzko eztabaidarekin. Ezen, ez baita logikoa azken mendean bizi baldintzak hobetu direla esatea eta norbanakook 65 urtetik gora lanean jarraitzea, egungo lan-asteak 100 urte dituela ahaztuta. Zer gertatuko litzateke lan-astea 32 ordura edo lau astegunera murriztuko bagenu? Zenbat lanpostu eta kotizatzaile berri sor daitezke pentsioen etorkizuna bermatzeko? Berriro diogu, hel diezaiogun gaiari bestelako ikuspegi batetik, bestelako alternatibei bide emateko.

Amaitzeko, gustatuko litzaidake pentsioen gaiari heltzeko beste ikuspegi bat gehitzea. Esan bezala, pentsioak zuzenean lotuta daude lan merkatuaren erregulazioarekin eta Madrildik ezartzen dituzten lan erreformekin. Burujabetza ekonomikorik ez dugunez, Madrilek erabakitzen du gurean lanbide arteko gutxieneko soldata, kontratu motak, negoziazio kolektiborako markoa, kotizazioak, pentsio motak eta zenbatekoa... Burujabetza ekonomikoa edo, gutxienez, lan-harremanen eta gizarte-prestazioen euskal esparrua behar larria eta premiazkoa da herri honentzat.

Horregatik guztiagatik, ezkortasun eta begirada lauso gutxiago behar da pentsioen inguruko eztabaidan. Haien etorkizuna arazorik gabe berma daiteke; badaude alternatibak horretarako. Borondate kontua da, eztabaida eta ikuspegiak zabaldu behar dira: soldata handiagoak, patronalaren kotizazioak handitzea, genero arrakalaren aurkako neurriak, lan-astea murriztea... Horiek itxita mantentzeak helburu argia du: Ibex-35ari eta patronalari mesede egitea; zehazki, hitzarmenak estatalizatzea inposatu zuen patronalari eta lan-harremanen eta beti gizarte-prestazioen euskal esparruaren aurka agertu denari. Zergatik izango ote da?

Ez nuke artikulu hau amaitu nahi Euskal Herriko pentsiodunen mugimendua zoriondu eta hari besarkada bat bidali gabe, bost urte bete berri baititu pentsio duinen alde kalean borrokan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arrosarioa
 ©BERRIA

Garai konplexuei aurre egiteko kazetaritza bat

Beatriz Zabalondo - BERRIA Taldeko lehendakaria / Martxelo Otamendi - BERRIAko zuzendaria

Iaz BERRIA Taldeak egindakoaren errepasoa duzu hau. Kazetaritza da gure eginkizuna, euskarazko kalitateko kazetaritza; erreferente informatiboa izatea helburu. Beraz, hortik hasi dugu errepasoa, gero arlo ekonomikoari, komunitateari eta erronka berriei leku egiteko.

Irautea iraultzea denean

Estitxu Garai, Naiara Pinedo eta Zuriñe Rodriguez

Zure ahotsa errazago zapaltzea, moztea. Ostean datorren gizonak zure iritzia gutxiestea. Gizonen maiztasuna handiagoa izatea. Gizonak finkoak izatea, zu aldakorra. Mahaiko emakume bakarra izatea naturalizatzera iristea. Zure hitzei ez entzunarena egitea, beti euren artean elkarri erreferentziak egitea.

Zuretzat bihotzez, Elizabeth Hadley

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.