Ebola, etenik gabeko izurritea

Ebola birusak bi mila herritar baino gehiago hil ditu Kongoko Errepublika Demokratikoan. Bi tratamendu eraginkorrak direla ikusi dute

Ebolak hildako Kakule Mbusa Desire lurperatzen, Benin, Ipar Kivu probintzian. HUGH KINSELLA CUNNINGHAM / EFE.
jakes goikoetxea
2019ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Zenbakiak gora egiten ari dira etengabe OME Osasunaren Mundu Erakundearen kontagailuan: 3.054 kasu (2.945 baieztatuak), 2.052 hildako, eta Ebola birusak kutsatuta ere bizirik jarraitzea lortu duten 914 herritar. Kongoko Errepublika Demokratikoko ebola izurritearen zenbakiak dira, iazko abuztuan lehertu zenetik bildutakoak. Azke bizpahiru hilabeteetan, 80 bat lagun kutsatu dira astero.Herrialdeko hamargarren ebola izurritea da 40 urtean, baina guztietan gogorrena. Ebolaren birusa aurkitu zutenetik izandako izurrite gordinenetan bigarrena, 2013-2016 artean Afrika mendebaldean (Ginean, Liberian eta Sierra Leonan batez ere) izan zenaren atzetik: 11.300 hil ziren, eta 28.000 baino gehiago kutsatu.

Ebola ez da Kongoko Errepublika Demokratikoko osasun arazo bakarra. OMEren datuen arabera, urtea hasi zenetik kolera (15.331 kasu, 287 hildako), elgorri (161.397 kasu, 3.117 hildako) eta malaria izurriteak ere izan ditu. Malaria da, hain zuzen, heriotza gehien eragiten dituen gaitza: 48.000 hildako urtero.

Izurritearen kontrako osasun zerbitzuek ebolaren aurkako txertoa jarri diete 200.000 laguni baino gehiagori, bai Kongoko Errepublika Demokratikoan, bai ondoko zenbait herrialdetan (Burundi, Hego Sudan, Ruanda eta Uganda).

Izurritea Kongoko Errepublika Demokratikoan bertan eta inguruko herrialdeetan ez zabaltzea izan da lehentasunetako bat, eta kasu bakanak baino ez dira izan ondoko herrialdeetan: lau, Ugandan. 89 milioi osasun azterketa baino gehiago egin dituzte, horietako asko mugetan. Aintzat hartu behar da Kongoko Errepublika Demokratikoak 90 milioi biztanle inguru dituela.

Tratamenduak probatzen ari dira: laborategietan funtzionatu duena kutsatutako gizakiekin erabiltzen. Lau tratamendu terapeutiko aldi berean probatzen hasi ziren, baina ikusi dute bi direla eraginkorrenak, hamar lagunetik bederatziren bizitzak salbatu baitituzte, «momentu egokian erabiliz gero», OMEren esanetan. «Momentu egokia» kutsatu berritan da, kutsatu eta egun gutxira.

Konfiantza falta

Tratamenduen arrakasta lagungarri izan liteke Kongoko Errepublika Demokratikoan osasun langileek ebolari aurre egiteko duten oztopo nagusienetako bat gainditzeko: herritarren konfiantza falta. Izan ere, herritar asko ez dira fidatzen maskarak, buzoa eta botak soinean gerturatzen zaizkien eta hildako senideak plastikozko poltsetan sartu nahi dituzten osasun langileez.

Zenbait lekutan, Benin esaterako —herrialdearen ipar ekialdean—, bertako herritarrez osatu dituzte txertaketa taldeak. Herritarren eskualde berekoak direnez eta hizkuntza bera hitz egiten dutenez, herritarrek konfiantza gehiago dute haiengan.

Mugarik Gabeko Medikuek OMEren eta Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuaren erantzuna kritikatu dute, herritarrengana iristeko zailtasunak dituelako, besteak beste oinarrizko osasun arretarik jasotzen ez dutelako. «Bertako komunitateak jarri behar ditugu ekintzaren erdian, ebolaren kontrako zenbait jarduera deszentralizatuz eta herrietako osasun azpiegituretara eramanez, herritarrek ezagutzen baitituzte azpiegitura horiek», nabarmendu du Tristan le Lonquer Mugarik Gabeko Medikuen Kivu Iparreko larrialdien koordinatzaileak. «Ebolaren kontrako makineriak ez ditu herritarrak hertsatu eta behartu behar. Familiek aukera izan behar dute aukeratzeko zer den onena haientzat eta senideentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.