Ozeanoak sekula baino azkarrago ari dira oxigenoa galtzen

Oxigeno galerak eta gehiegizko arrantzak ahuldu egin dute itsasoek klimari eusteko duten ahala

Adituen esanez, itsas ekosistemak indartzeak ekarriko luke ozeanoek karbono dioxido gehiago xurgatzea eta denboraleetatik hobeto babestea. D. M. SABANGAN / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Adituak bat datoz: itsasoan ari dira agertzen klima aldaketaren ondoriorik larrienetakoak, eta, era berean, itsasoan eragiteak lagundu dezake gehien klima krisiari aurre egiten. IUCN Naturaren Babeserako Nazioarteko Batasunak atzo aurkeztu zuen ikerketak ere hala dio. Ohartarazi duenez, ozeanoak oxigenoa galtzen ari dira inoiz ez bezala, eta horrek arriskuan jarri ditu hainbat itsas ekosistema. Madrilen egiten ari diren COP25 goi bileran eman zuten atzo ikerketaren ondorioen berri.

Ikerlariek azaldu dutenez, azken mende erdian laukoiztu egin da ozeanoetako «eremu hilen» azalera. «Eremu hilak» esaten diete oxigenorik ez duten guneei. Gaur egun, gutxienez zazpiehun dira baldintza horietan dauden eremuak; 45 ziren 1960an. Oxigeno kopuru txikia duten eremuak ere ugaritu eta hedatu egin dira.

«Ozeano bero batek oxigenoa galdu ahala, itsas bizitzaren oreka ahula hankaz gora jartzen da», adierazi zuen Greta Aguilar IUCN elkarteko Ekintza zuzendari nagusiak. «Arrantzan eta kostaldeko komunitate zaurgarrietan izan daitezkeen ondorio larriek adierazten dute konferentzian hartuko diren erabakiak are erabakigarriagoak izango direla».

Arrain guztiek behar dute oxigenoa bizi ahal izateko, baina tamaina handikoek are beharrezkoagoa dute. Hala, ozeanoen oxigenoa murriztea bereziki ari zaie kalte egiten marrazoei, atunei eta ezpatarrainei, eta antzeko oxigeno kopuruak behar dituztenei. Datuek adierazten dute behartuta daudela ur sakon pobretuetatik urazalera igotzera, eta, beraz, errazagoa dela espezie horiek arrantzatzea.

Ikerlariek nabarmendu dute ozeanoak dagoeneko ari direla jasaten gehiegizko arrantza, eta gero eta handiagoa den plastiko eta bestelako gai kutsagarrien poluzioa. Horrez gain, gero eta azidotasun handiagoa dute. Industria hedatu aurreko garaiekin alderatuta, %26 azidoagoak dira itsas urak, IPCC elkartearen azterketa batek berriki jakinarazi duenez.

Lurra berotzeak eragin zuzena du ozeanoen oxigeno galeran. Berotutako urek errazago galtzen dute ura, eta, ondorioz, murriztu egiten da itsas ekosistemen orekarako ezinbestekoa den nahasketa: oxigenoz aberats eta urri diren ur geruzen artekoa.

Galera, %3 eta %4artekoa

Adituek uste dute ozeanoek egun duten oxigenoaren %3 eta %4 artean galduko dutela XXI. mendea amaitzen denerako, baina kalteak askoz ere handiagoak izango dira urazaletik gertu dauden geruzetan —espezie ugari pilatzen dira hor— eta Lurraren ipar hemisferioan.

Lurra berotzeaz gain, nekazaritza eta abeltzaintza intentsiboa ere badira ozeanoetako oxigeno galeraren faktore garrantzitsuak. Laborantzako nahiz haragi industriako ongarriak itsasoetara iristen direnean, algak ugaritzen dituzte, eta horiek oxigenoa xurgatzen dute.

Zientzialariek eta ekintzaileek nabarmendu dute itsasoetan eragitea lehentasunezkoa dela klima krisiari aurre egiteko. Diotenez, itsasoko ekosistemak babestuz gero, ozeanoek karbono dioxido ugari xurgatu dezakete,etaatmosfera hozten ere lagundu dezakete. Horrez gain, arrezifeek eta mangladiek osatutako hesi naturalek kostaldeak babes ditzakete denboraleetatik.

«Orain arte, arrantzak eragin du kalterik sakonenaitsas ingurumenean. Neurriz gaindiko arrantza amaitzeko neurria berehala har daiteke, eta lagunduko luke arrain kopurua berreskuratzen, itsas ekosistema indartsuagoak sortzen, karbono dioxido isuriak murrizten eta isuritakotik gehiago xurgatzen; baita arrantza errentagarriagoa lortzen eta kostaldeko komunitateak sustatzen ere», adierazi du Monica Verbeek Seas at Risk elkarteko zuzendariak.

«Irtenbidearen parte»

Virginijus Sinkevicius EB Europako Ingurumen komisarioak ere ozeanoen egoeraz hitz egin zuen atzo, COP25 goi bilerako hitzaldi batean. Haren esanetan, ozeanoak «larrialdi klimatikoaren bihotzean» daude, eta berotzearen «lehen biktimak» dira. Gaineratu zuen «irtenbidearen zati handi bat» ere badirela eta, beraz, ezinbestekoa dela itsasoetako ekosistemak babestea.

Sinkeviciusek gogorarazi zuen EBk datorren asteazkenean aurkeztuko duela Europako Akordio Berdea izeneko neurri sorta, eta bertan jasoko direla aurreikusten diren proiektuetarako inbertsioak eta diru partidak.

Akordio horren lehen helburua hau izango da: EBko kide guztiek bere egitea Europa 2050erako eremu neutro bilakatzeko xedea. Oraindik xede hori onartzetik urrun daude Polonia, Hungaria eta Txekiako Errepublika —erregai fosilekn mendekotasun handia dute hirurek—. Eusko Jaurlaritzak bere egina du 2050ean Araba, Bizkai eta Gipuzkoa lurralde neutro bihurtzeko helburua.

Ingurumen komisarioak aitortu du EBk ez dituela oraindik klima larrialdiaren kontra borrokatzeko «erreminta guztiak», eta herritarrak animatu ditu mobilizatzen jarraitzera, agintariei presio egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.