mikel elorza
ARKUPEAN

Hekatonbearen zain

2023ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Azken udal hauteskundeetako Espainiako emaitzak jakin igande gauez, eta biharamunean entzun nuen Huelvatik Miura izeneko kohetea jaurtitzekoak zirela, enpresa espainiar baten eskutik. Ezin du kasualitatea izan, pentsatu nuen. Hori da kolpe bakarrean bi belarriak, buztana eta paseíllo espaziala lortzea! Kohetearenak huts egin zuen; hauteskundeetako emaitzak hor daude, ez dira aldatuko. Tira, kohetearena bezala, 'errepikatu' egingo dira, hilabete eta erdi barru. Ezin duela kasualitatea izan esan dut, eta gidoilarien makulu den esaldia gehitu: ez dut kasualitateetan 'sinesten'. Nik datuak, egitateak, errealitateak izan ditut helduleku. Baina sinesten ez ote dudan hasi behar. Izan ere, ez dakit zein zen Miura-ren misioa, baina izan zitekeen beste planeta batera mudatu ahal izateko ikerketak egitea, zeren eta, arropa marka cool batek dioen gisan, ez dago B planetarik. Heldulekurik gabe ez ezik, Lurrik gabe ere geratzen ari gara. Lagun artean komentatzen genuen, soluzio bila, ez ote den komeni bertze pandemia bat, pandemia bat aterako duena guztiok barruan daukagun txarrena, pandemia erradikal absolutu bat. Hau da, 4.000 milioi lagun hiltzea, Europa, AEBak, Japonia, Txinako kostaldea eta horrelakoetan biztanleen %90 hartuz noski, horko40 urtetik gorako gizon zuri guzti-guztiak dudarik gabe, eta beste mordoa aliritzira, munduko poblazioaren erdia osatu arte. Eta gelditzen direnak guk orain dugun bizitza maila eta modua nahi balute, bada orduan segidan diktadura ekolo xtreme bat, gauzak amiñi bat zuzendu arte. Hekatonbea, benetakoa.

Bazkalosteko tertuliako fantasia gisa ondo dago, noski, eta horixe du muga: tertulia. Dena den, B planetarik ez dagoela ez da fantasia, eta onenak aspaldi eman zituela ere bai.

Eta B planeta asmatzen dugun bitartean, mundu mailako hondamendietatik etxera etorrita, inguruotan bizi dugun beste epidemia batez mintza gaitezke: gero eta polizia gehiago dago. Uniformerik gabekoei buruz ari naiz.

Uniformedunak ere izugarri pila, eta haien baitan gero eta guardiazibil gehiago (#guardiazibil kontzeptu gisa). Ertzaintza, kasu, erabat belztuta dago, eta orain ustekabea irudi lezake, baina aixkidea, otsoen kontrako mastinak hazi dituena, mastinekin geratzen da balizko otsoak desagertuta ere, eta haiei jaten eman behar. Eta goseak daudenean, badakizue, mastinak ere bihurtzen dira otso, eta ardiak akabatu. Ertzainak artzainari kosk.

Uniformedunek kezkatzen naute, betidanik, eguneroko zenbait eremuren eta bereziki gatazka sozialen kudeaketan elementu eraginkorra eta konplexua da ordenaren zaintzaileena, baina copwashing garaiotan kezkatuago naukate uniformea jantzi gabeko poliziek, haien ugaritzeak. Bada esaldi topiko bat, gorroto dudana, barruan guztiok omen daramagun haurrari buruzkoa; bada hemen makina batek barruan haurra ez ezik polizia ere badarama. Eta sare sozialetan,kirol talde eta ekitaldietan, ostras kirol ekitaldietan, parrandan,migranteei buruzko jarreretan, taberna-, denda- eta itxarongela-komentarioetan, besteren bizimoduak epaitzeko eraikitzen dituzten gezurmendietan, TBko tertulia eta reality-etan... nagusi da hagindua, zaunka, mehatxua, borrakada.

Polizia asko, dibertsio gutxi, kantari jarraitu beharko dugu, aurten Tourra nondik abiatuko den jakiteko irrikan, planetari puxkak kentzen plastiko berde birziklagarrian gordetzeko, tertulian, erabakimen ergel batek gidaturiko adimen artifizialak diseinaturiko Pandemia Handia iritsi bitartean, hortxe, gozatuz fantaseatzeko uneak, eta inguru atsegin eta konprometituago bat edukitzea oraindik ere, txikian bada ere, posible egiten duten pertsonak bilatuz. Egon, badaude. Adibidez, Martxelo Otamendi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.