KRITIKA. Antzerkia

Saskiaren neska

Agus Perez.
2021eko urriaren 23a
00:00
Entzun

'Kasilda, bukatzenez den sua'

Konpainia: Goitibera. Zuzendaritza eta dramaturgia: Saioa Iribarren. Musika: Trakamatraka (Jon Urrutia). Eszenografia: Ander Basaldua. Antzezleak: Ander Basaldua, Leire Orbe, Aiora Sedano. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa. Eguna: Urriak 21.

Ezizen horrekin ezaguna zen Kasilda Hernaez Vargas garai bateko Donostian: saskiaren neska. Espainiako II. Errepublikaren garaia zen, eta 1934. urteko greba orokorrean denetarik eramaten zuen bere otzaran errepresio bortitzari aurre egiteko: panfletoak, granadak, atxilotuentzako jakiak... Baina bere idealak ez ziren hautu politiko hutsa, bizitza libre baten nahia ziren, eta horren adibide dugu ezaguna zela Zurriolako hondartzan biluzik bainatzeagatik. Bederatzi urteko espetxe-zigorra ezarri zioten panfletoak banatzeagatik eta hogei urtekoa munizioaren kontuagatik. Felix Likiniano eta Manuel Chiapuso izan zituen kide askatasunaren aldeko borrokan.

Aurten Goitibera antzerki taldeak haren omenezko antzezlan bat prestatu du, eta otsailean Sopelan aurrestreinaldia ikusi eta gero, Durangon ikusi dut orain, Eibarren apirilean estreinatua izan ostean. Bide batez, esan beharra dago dokumentazio lan itzela egin dutela bizi-borrokalari haren figura berreskuratzeko, Euskadiko Filmategian eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusian arakatuta eta zenbait adituren iradokizun eta aholkuei jarraituz: Martin Sansinenea Kasildaren iloba, Luis Jimenez de Aberasturi ikerlari eta editorea, eta Karlos Almorza historialaria.

Seguruenik, ikerketa mardul horrek asko markatu du lan eszenikoaren izaera, eta emanaldian nabaria izan da zama diskurtsiboa arintzeko ahalegina. Alde horretatik, Saioa Iribarrenek zuzendaritza eta dramaturgia arloak hartu ditu bere gain istorio grafiko itxura eman dio lanari, kontakizuna hainbat koadro txikitan banatuz eta eszena bakoitzean ikusi duguna muturreraino sinplifikatuz. Hori dela eta, jarduera eszenikoa koadro labur askoren segida iruditu zaigu, horrela areagotuz arestian aipatutako istorio grafikoaren izaera. Apustu horrek, ordea, bere alde onak eta txarrak ditu, abiadura ematen diolako ekintza eszenikoari, baina nolabaiteko nekea sor dezakeelako pertsonaia eta egoera eskematikoen segida etengabeak.

Zuzendariak hartutako beste hautu batzuk kontuan hartzekoak dira, eta haien artean aipatuko dut nola nabarmendu den emakumeek beren duintasunaren alde izandako borroka: boto eskubidea, dibortzioa, abortua, ezkondu barik bizitzeko eskubidea... Alde eszenikoei dagokienez, neurri askotako panel batzuekin eta argiztapen lagungarri batez eratu dira kaleak, trenak, barrikadak eta espetxeak, eta Trakamatrakako Jon Urrutiak Il partigiano-ren inguruan egindako hamaika bertsiok —malenkoniatsu askotan, kubatar doinuz hor, trikiti erara han...— sortu dute soinu-giroa. Azkenik, aipatzekoa da hamaika rol gorpuztu dituztela hiru aktoreek —unean-uneko pertsonaia gizon zein emakume izan—, buruan jantzitako zapia, txanoa edo dena delakoa aldatuz, eta antzerki dokumentalaren, politikoaren, txiroaren, militantearen aldeko apustu garbia eta txukuna eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.