Nola lagundu Ukrainari

Gerraren larriak eraginda, elkarteak eta norbanakoak elkartasuna nola edo hala bideratu nahian hasi dira, eta «gainezka» egin dute. Ukraina-Euskadi elkarteak, esaterako, bilketa geldiarazi du, «oraingoz». Gomendioa da laguntza hori han bertan lanean ari diren GKEen bidez ematea, ahalik eta «eraginkorrena» izan dadin.

Bilboko Santutxu auzoan jarritako guneak gainezka egin zuen joan den ostiralean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
2022ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Borondatea asmo bat da, eta indar bat, baina ez ditu beti asmoaren eta indarraren neurriko fruituak ematen. Onak ez du esan nahi beti eraginkorra, eta nahiak ere ez beti emaitza. Eta gerra batean eraginkortasuna eta emaitzak dira neurgailuak —baita ahulenen defentsan ere—. Frontearen bestaldean, lagundu nahiaren eta ezinaren horretan, borondatea eta boluntariotza nahastu dira, eta «gainezka» egin dute toki askotan; beraz, «gelditzea» erabaki dute, «berriz hasteko».

Lagundu egin nahi du jendeak. Hori ukaezina da. Nora jo jakin nahi zuen, eta nola jo, eta Chernobilen Lagunak elkartea bazen erreferentzia bat. «Jende guztia guri eta gurea bezalako elkarteei deika hasi zen. Hangoak eta hemengoak, sekulakoa izan zen eta izaten ari da. Kaosa», onartu du elkarteko lehendakari Karlos Ostolazak. Ukrainako parte horretatik Euskal Herrira ekartzen dituzte haurrak udan: «Gure helburua hori da, eta gure funtzionatzeko modua horren ingurukoa da. Horregatik diot hau guztia handi samar gelditu zaigula».

Ostolazak dio «oso azkar» joan dela dena: «Denbora gutxian, gauza asko gertatu dira». Haien lehen eginkizuna hango eta hemengo familiak «lasaitzea» eta «informazioa zabaltzea» izan dela, baina eginkizun hori «aldatuz» joan dela. «Orain, jatekoa-eta biltzen ari gara, baina horretan ari gara jendeak hala eskatu digulako. Guk ez daukagu azpiegiturarik horretarako, eta ez dakigu nola bidali ere. Bere logistika eta arauak dauzka horrek; biltzen ari gara, baina beste norbaiti emango dizkiogu hara bidal ditzan. Badaude gobernuz kanpoko erakundeak lan horietara ohituta daudenak, eta haiekin harremanetan jarriko gara».

Beste horrenbeste gertatu zaie Ukrainatik ihesi datozenei babesa eman nahi dietenekin: «Jendea gurekin harremanetan jartzen hasi zen, esanez ukrainarrak etxean jaso nahi zituztela, eta gu kontaktu horiek denak jasotzen hasi ginen, baina ez daukagu ahalmenik hori guztia kudeatzeko. Jaurlaritzari eman genion horren berri. Helbide bat jarri dute: errefuxiatuak@euskadi.eus».

Ostolazak dio laguntzak «eraginkorra» izan behar duela, garrantzitsua dela zer behar dauden jakitea, eta «normala» dela egunotako «antolaketa falta» hori: «Honetan ari garenok ez gaudelako halakoetara ohituta. Dena ematen dugu, baina ordena apur bat falta da».

Ukrainatik Euskal Herrira haurrak ekartzen dituzten bospasei elkarte daude, eta plataforma moduko bat sortu dute, helbide bat, euren informazioa zabaldu, ordenatu, eta Administrazioarekin ere denak batera harremanetan jartzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin bildu dira, eta baita Eusko Jaurlaritzarekin ere. «Esaten ziguten gu oso inportanteak garela, zeren orain arteko giza krisietan ez zegoen gurea bezalako sarerik, eta haiek sare hori baliatu nahi dute».

Erantzunaren neurria

Administrazioen funtzionamendua geldoagoa da, beste mekanismo batzuk dituzte, eta haiek martxan jarri baino lehen hasi ziren antolatzen Ukraina-Euskadi lankidetzarako elkarteko kideak. Haiek izan ziren elkarretaratzeak antolatzen lehenak, baita bilketarako guneak jartzen, horren berri sare sozialen bidez ematen, eta erantzunaren neurriaz ohartzen lehenak ere. «Euskal herritarren erantzuna hainbesterainokoa izan da non gainezka egin dugun. Ez genuen halakorik espero», aitortu du Liuda Gortovliukek, larriaren eta esker onaren artean. Ukraina-Euskadi elkarteko kidea da, eta urteak daramatza Eibarren (Gipuzkoa). «Asko eskertzen dugu. Jendea zoragarria da. Kalean gelditu, eta galdetzen didate ea noiz hasi behar dugun berriz: jendeak kolaboratu egin nahi du».

Izan ere, «geldiarazi» egin behar izan dute bilketa. Mungian (Bizkaia) eta Gasteizen utzi dizkieten industria pabiloiak eta biltegiak bete egin dituzte. «Dena bildu eta antolatu behar dugu. Lokal eta pabiloi horiek hustu behar ditugu, eta, horretarako, kamioiak behar ditugu. Batzuk joan dira, besteak orain doaz... baina kamioi gehiago behar ditugu; gauza asko daude eramateko».

Gortovliukek ere «eraginkorrak» izatearen garrantzia nabarmendu du: «Eta gauzak beharra dagoen tokietara iristea. Horregatik erabaki dugu gelditzea, ez beharrik ez dagoelako. Beharra badago, eta galanta». Finean, borondatea eta boluntariotza nahasten direnean gertatzen den hori gertatu zaie: «Gainezka eginda gaude, eta hau ongi antolatu behar da. Ez genuen eskarmenturik, eta egin ahala ikasten ari gara, zer egin behar ez den ere ikusten, nola egin behar diren kanpainak eta nola esplikatu behar zaizkion gauzak jendeari».

Ez dira itsumustuan ari. «Etengabe» daude harremanetan Ukrainaren eta Poloniaren arteko mugako kideekin, Lviv hiriko administrazioarekin. «Haiek arduratzen ari dira banaketaz, eta haiek esaten digute zer duten sobran eta zer falta duten. Lehentasunen zerrenda horren arabera aldatzen dugu. Orain, premiazkoak janaria eta medikamentuak dira. Aurki aterako dugu zerrenda berritua», jakinarazi du Ukraina-Euskadi elkarteko kideak.

Euskal Herrian bizi diren ukrainarrak dira, boluntarioak denak, eta Eventos Ucranianos en el Pais Vasco izeneko Facebookeko orrian eman dute eta emango dute euren ekinbideen berri. Batez ere, lanerako boluntario gehiago, kamioiak, eta bildutakoa jasotzeko lekuak behar dituzte orain, eta «gustura» daude erakundeek eta udalek ere bat egin dutelako haiekin. Laster eguneratuko dute euren informazioa. «Telefono zenbakien bestaldean dagoen jende hori ere gainezka eginda dago, eta saiatuko gara zenbaki gehiago jartzen eta sare handiagoa osatzen. Arnasa behar dugu. Ikusi dugu zer ez dugun egin behar berriro dena gainera jausi aurretik».

SOS Ukraina klusterra

Hain zuzen ere, laguntza ahalik eta modurik eraginkorrenean eta antolatuenean eman ahal izateko sortu dute Nafarroan SOS Ukraina izeneko klusterra. Alas de Ucrania eta Berehynia elkarteek abiatutako ekinbidea da, eta Nafarroako Erizainen Elkargoak eta Mugarik Gabeko Farmazialariek ere parte hartzen dute. Iruñeko Udalak, Foruzaingoak eta Guardia Zibilak babestu dute, besteak beste.

Helburua argia da: GKEek, erakundeek eta enpresek elkarlanean «bideratzea» Ukrainarako dohaintza materialak eta ekonomikoak. Botika kutxak, mantak, elikagaiak, latako janaria, lo zakuak, linternak, koltxonetak, ur berogailuak eta dirua eman dezake jendeak, besteak beste. Horretarako, Guardia Zibilak Nafarroan dituen 52 kuartelak eta Iruñeko udal merkatuak egokitu dituzte bilketa gune gisa. «Ahal duguna egiten dugu: asteazken batean hasi zen gerra, eta, astelehenean, bilketarako zortzi gune jarriak genituen jada», azpimarratu du Alas de Ucrania elkarteko kide Nadiya Sohorrek.

Elkarteek eta erakundeek bat egitearen garrantzia nabarmendu du Sohorrek, eta jasotako elkartasun guztia eskertu: «Gu ez gara boluntarioak: jende langilea gara, jende umila. Zuen haurrak eskolara eramaten dituen jendea, zuen kafetegian kafeak zerbitzatzen dituena».

Eskarmentua behar da halakoetarako, eta badaude halakoetan eskarmentua duten erakundeak. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gomendatu dute dohaintzak eta bestelakoak haien bidez egitea, eta eskatu dute norbere kabuz ez joateko Ukrainara. Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak, Euskal Elkargoak eta aldundiek hainbat diru sail onartu dituzte laguntzetarako. Eudelek Ukrainatik datozenei harrera egiteko udalak koordinatzeari ekin dio, eta elkarretaratzeak ere antolatu ditu gaurko. Udal asko eta asko ari dira material bilketak egiten.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jakinarazi du errefuxiatuak@euskadi.eus helbidean euskal gizartea «eskuzabal» ari dela laguntza eskaintzen, eta bi mila eskaera baino gehiago jaso dituztela. Zehar elkartearekin batera kudeatuko dituzte eskariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.