HILBERRIA. Nawal Al-Saadawi

Bere ideiei eutsi zien pentsalaria

BENOIT DOPPAGNE / EFE.
jon ordonez garmendia
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Idatzi zituen lanengatik eta andreen eskubideen alde borroka egiteagatik, kartzela eta erbestea ezagutu zituen Nawal Al-Saadawi pentsalari feminista eta sozialistak. 1931n jaio zen, Kafr Tahlan, Niloren deltan; han idatzi zituen lehen testu feministak, eta, harrezkero, ez zion inoiz utzi idazteari.

Medikuntzan graduatu, eta luze aritu zen nesken mutilazio genitalaren kontra egiten. Lehen liburua Emakumea eta sexualitatea (1972) izan zen. Hor dio gizarteak beldurra diola andreen gorputzari, eta etengabe saiatzen dela haiek kontrolatzen, erlijio eta politika aitzakiak baliatuz. Egipton zentsuratu egin zuten, eta lanetik bota zuten Al-Saadawi. 1981ean, Anwar Al-Sadar presidente ohiaren erregimena eta sistema kapitalista kritikatzeagatik espetxeratu zuten, eta kartzelan idatzi zuen lanik nabarmenena: Imamaren erortzea (1987), Egipton gaur egun oraindik ere zentsuratuta dagoena. Haren lanak hainbat hizkuntzatara itzuli dituzte, baita filmetarako eta antzezlanetarako erabili ere.

1991n, Egiptotik ihes egin behar izan zuen, muturreko talde islamisten mehatxuengatik. 2011n, Hosni Mubarak presidentetzatik kendu zuten protestak hasi baino pixka bat lehenago itzuli zen sorterrira, eta horietan hartu zuen parte. Azken urteetan bere pentsamendua zabaltzen jardun zuen. Sistema patriarkala eta kapitalista kritikatu zituen, ahoan bilorik gabe. 89 urterekin hil zen, herenegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.