Durangoko 56. Azoka. Talaia

Poesia mailutzat duen jamaikarra

Linton Kwesi Johnson musikari, idazle eta ekintzailearen poemak biltzen dituen liburua argitaratu du Pantx Records argitaletxeak

Pantx Recordseko Ando Fernandez eta Beñat Gabiña, atzo, Durangoko Azokan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2021eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
«Toki guztietan jendeak berdin dio,/ toki guztietan jendeari aditzen diozu:/ patruila bereziak HILTZAILEAK, HILTZAILEAK/ ezin gara urrunago joan jada». Linton Kwesi Johnson musikari, idazle eta ekintzailearen izena eta ibilbidea zehatz ezagutu gabe ere, hamaika izango dira Euskal Herrian haren hitzak goitik behera abesteko gai diren musikazaleak. Negu Gorriak taldeak haren Reggae Fi Peach abestiaren euskarazko bertsioa argitaratu zuen Salam agur izeneko bertsio bilduman, eta orain haren poesia bilduma bat eman du argitara Pantx Records diskoetxeak.Reggae musika zabaltzea da taldearen helburua, eta hau da argitara eman duten lehen liburua. Beñat Gabiñak itzuli ditu testuak, eta Ando Fernandezek egindako ilustrazioekin argitaratu dute. Durangoko Azokan Musikazuzenean-ek duen erakusmahaian dago eskuragarri.

«Kortaturen garaian LKJ maisu garrantzitsua izan zen». Fermin Muguruza musikariak bere ibilbide osoan izan du presente Johnsonen musika eta poesia, eta, horregatik, berak idatzi du liburuko hitzaurrea. Rastafarismoarekiko bide kritikoa azaldu zuen poetak, Muguruzaren hitzetan, eta marxismoaren eraginpean kantatu zioen klase borrokari. Horregatik, Irungo abeslariak onartu duenez, Johnson izan zuen gogoan Kortatu taldearekin La linea del Frente abestiaren azken lerroetan, esaterako. Muguruzak dioenez, 1990eko hamarkadan ere, Negu gorriak taldearekin, Gure jarrera diskoan haren ahotsa sanpleatu zuten BSO kantuan. Gero heldu zen Salam agur diskoko bertsioa. Eta gerora ere, bakarkako ibilbidean, Muguruzak dioenez, behin baino gehiagotan izan du presente Johnsonen itzala, abestiak sortzean. Aurrez aurre ere ezagutu zuela kontatzen du hitzaurrean musikariak, jamaikarrak Miarritzen (Lapurdi) eman zuen kontzertuan.

Johnsonek berak poeta bilakatzeko azaldutako motiboetako batzuk ere biltzen ditu liburuko hitzaurreak. Ekintzaren eta paperaren arteko zubia da literatura, haren hitzetan: «Bertsoak idazten hasi nintzen, ez gustatzen zitzaidalako bakarrik, baizik eta haserrea adierazteko aukera ematen zidalako, arraza zapalkuntzaren aurkako nire belaunaldiko gazteriaren matxinadarako grina azaltzeko modu bat zelako. Poesia, beltzen askapen borrokan, arma kultural bat zen; beraz, horregatik hasi nintzen idazten».

Hain zuzen ere, testuak gordin mintzo dira idazleak bertatik bertara ezagututako arrazakeriaz, poliziaren jazarpenaz, matxinadez eta klase gatazkaz. Berez, Chapleton herrian jaio zen Johnson, Jamaikan, 1952an, baina Londresko Brixtonen hazi eta hezi da nagusiki. 1979an eman zuen argitara bere lehen diskoa, eta Dub Poetry deitutako mugimenduaren figurarik esanguratsuenetako bat ere bada. Hamaika sari jaso ditu bere ibilbidean. Esate baterako, PEN Pinter saria eskuratu zuen iaz, adierazpen askatasunaren alde egindako lanagatik.

Kortatuk eta Negu Gorriak taldeek ez ezik, Potatok ere egin zuen Johnsonen abesti baten bertsioa, gazteleraz. Kuitu izendatu zuten gasteiztarrek abestia, eta Beltzen burgesia txikia izenarekin dator liburuan. «Estatuarentzat lan egiten dute/ langile beltzak esplotatzen dituzten bitartean/ haiek zapaltzaileen alde daude/ gauzak okertzen direnean/ egoerak okerrera egiten duenean/ erasotzailearekin bat egiten dute/. Beltzen burgesia txikia/ akatsez josita dago».

Hizkuntza hautua

Idazteko egiten duen hizkuntza haututik hasten da Johnsonen konpromisoa, Gabiñaren hitzetan. Hala aurkezten du jamaikar poeta liburuan. «LKJren iritziz, hizkuntza desobedientziaren berezko erreminta da, (...). Bere olerkiak ingeles estandarrean idatzi beharrean, jamaikeraz egitea erabaki zuen». Patois edo jaimacan english ere deitzen diote hizkera horri, eta izan, ingelesaren eta Twi-Asante hizkuntzaren arteko nahasketa bat da, zeina Afrikatik Jamaikara bahituta eramandako esklaboen erresistentziaren «testigu» baita, Gabiñak zehaztu duenez. Horregatik, erresistentzia keinutzat du hizkuntza hautu hori itzultzaileak.

Pantx Records-en bueltako lagunek lehenago ere idatzia zuten zerbait Johnsoni buruz, Jamaikako musikari eta idazleei eskainitako fanzine batean. Gerora sakonduz joan zirela esan du Gabiñak. «Interesatu zitzaigun zer kantatzen zuen. Jakin nahi genuen zehatz-mehatz bere letrek zer esaten zuten». Eta jakin-min horri segika heldu dira liburua argitaratzera orain. «LKJren poemak bakarrik itzuli dira alemanera eta italierara, eta ez dago besterik. Euskarara ere ekarri dugu orain».

Paddy Rekalde idazleak Johnsonen omenez idatzitako poema batek ixten du argitalpena. «Poesia emanaldi gehienetan/ bildu egiten ditut begiak/ eta gogora ekartzen dut/ Linton Kwesi Johnson/ batzuek pentsatuko dute loak hartutako morroi bat naizela/ agure baten antzekoa/ baina nire erraietan/ poesiarako sua eta erritmoa/ eskatzen dituen/ bele zoro bat dago/ ostots baten zain».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.