'Denak ez du balio' MTVn

Ordu erdiko emanaldi indartsu batean Berri Txarrak-ek MTVn jo izanaren polemikari heldu dio: «Euskal kulturak ikusezin izateari uzteko, bakoitzak egin dezala ahal duena»

Muse taldea izan zen azkena San Mameseko oholtzara igotzen. MIGUEL TOÑA / EFE.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Foku denak begira zeuzkaten, milaka begi bezala. San Mameseko plaza erraldoiaren erdian zegoen Berri Txarrak, MTVren Europako EMA sarien banaketaren bezperako kontzertuan. Lehen flasha: Galder Izagirreren baterian Iñigo Cabacasen aurpegia ageri zen. Taldea ekitaldi honetan egoteak polemika piztu du, eta eztabaidari adarretik eutsi zion Gorka Urbizuk, foku denak berari begira zeuden momentu horretan: «Euskal kultura ikusezin izateari uzteko bakoitzak egin dezala ahal duena; guk ez daukagu formularik, baina hona gatoz umiltasun osoz». Hori esan, eta Jaio.Musika.Hil kantuaren lehen akordeak entzun ziren MTVren agertoki erraldoiko bafleetatik. «Honengatik jaio nintzen/ Eta honengatik hilko naiz/ Zein da zure helburua? Zein aburua?».

Kontzertuak sortu duen polemikaren inguruko adierazpenak txalo zaparrada bat eragin zuen San Mamesen. Ordurako, erdiraino beteta zegoen katedrala, baina, hala ere, milaka ziren ikusleak kontzertua hasi zenerako. Crystal Fighters eta Muse taldeen aurretik giroa berotzeko ardura eman zioten Berri Txarrak-i, eta, alde horretatik, ongien egiten dakitena egitea tokatu zitzaien. Denbora tarte txiki batez izan baldin bazen ere. Ordu erdi eskaseko epea eskaini zioten antolatzaileek. Etsia kantuarekin hasi zuten emanaldia, eta azken diskoko Katedral bat eta Spoiler! abestiekin eman zioten jarraipena. Sarrera horren ondoren iritsi ziren Urbizuren adierazpenak, eta kantu zaharrekin jarraitu zuten: Hitzen oinari ahulak, Ikasten, Denak ez du balio eta Eskuak. Ordu erdian sartu zitezkeen beste kantu.

Futbol zelaiaren zabalera alderik alde hartzen zuen agertoki erraldoi batera egin zuen salto hirukoteak, «Infra» zioen letra erraldoi batzuen azpira, Infrasoinuak azken diskoari erreferentzia eginez. Euskarazko infra soinu horiek mundu osoan ozen zabaltzearen alde hitz egin zuten kontzertua baino lehen hainbat jarraitzailek. «Beste gauza batzuengatik piztu beharko zen polemika», Arkaitz Guerreroren hitzetan. Diru publikoarekin MTV kate pribatuaren ekitaldi bat babestea gaitzetsi zuen, baina bera Berri Txarrak ikustera joan zela garbi utzita. Igone Nogales, berdin. «Bakoitzak ikus dezala zer egiten duen», zioen hirukotearen parte hartzeari buruz. «Printzipio batzuk edukitzea ondo dago, baina tira...». Euskararen presentziari eman zion garrantzia berak.

Hitzak eta ikurrak

Gorka Urbizuk euskaraz egin zituen abesti eta abesti arteko adierazpen guztiak, baina kontzertu eta kontzertu artean aurkezleak taula gainera igo zirenean ez zen horrela izan. Euskarazko adierazpen sinbolikoen ondoren dena izan baitzen gaztelera. Eta, sinbolismoari tiraka, Crystal Fighters taldearen kontzertukoak aipamena merezi dute. Kontzertua txalapartarekin hasi baitzuten. I Love London abestian presente dago instrumentu hori, eta, hain zuzen, hori izan zen emanaldiko lehena. Bi taldekidek ikurrinak eskuan zituztela egin zuten salto taula gainera kantu horrekin, eta Plage azken kantuan Aukeran dantza konpainiako kideak atera ziren euskal dantzetako pausoekin osatutako koreografia eskaintzera. MTVk ederki baliatu zituen horrela euskal kulturako ikono nagusi batzuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.