Koronabirusa

«Babes juridiko» eske, berriz

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan duenez, Espainiako Gobernuak «goizegi» hartutako hainbat erabakik «borroka garaia baino lehen» irabazi izanaren irudipena eragin du herritarrengan

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, atzo. JUANJO MARTIN / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak kritikatu egin ditu Espainiako Gobernuak COVID-19aren kudeaketan «goizegi» hartutako zenbait erabaki, eta «babes juridikoa» eskatu du, erkidegoek, izurria hesitze aldera, etxeratze agindua eta jendea biltzeko mugak ezar ditzaten. Usu egin du eske hori osasun krisia hasi zenetik, eta, bereziki, maiatzean Espainiako Gobernuak alarma egoera bertan behera utzi zuenetik. Salamancan (Espainia) egin zuen atzo, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek autonomia erkidegoetako buruak elkartzeko egindako bilkuran: Presidenteen Biltzarrean.

«Inork ez daki zein izango den birusaren hurrengo kontraerasoa. Izurria ez da amaitutzat jo behar oraindik, eta tresna guztiek eskuragarri egon behar dute», ohartarazi zuen atzo Urkulluk biltzar horretan. Joan den astean ere izurriaren inguruan jarduteko baliabideak eskatu zizkion eskutitz bidez Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezi. Baliabide horien artean zeuden, besteak beste, etxeratze agindua ezartzeko aukera izatea eta kalean nahitaez maskara jarri beharra argi eta garbi zehazteko eskaria. Horiek egiteko aukerarik ez zion ireki Sanchezek Urkulluri, eta muga horien barruan zorroztu behar izan zituen lehengo asteanLabi Babes Zibileko Planaren aholku kontseiluak izurriari aurre egiteko neurriak : adibidez, metro eta erdiko distantzia mantendu ezin denean maskara jantzi behar dela zehaztu zuen, jardun komertzial, sozial eta kultural guztien itxieren aurreratu, eta lokal eta instalazioetan gehieneko edukiera %35era murriztu zuen. Baina ezin izan zuen gehiago egin; hortik aurrerakoak, «gizalegea» oinarri, herritarrei egindako eskeak izan ziren; esaterako, gauetan kalean ez ibiltzeko eskatu zuten.

Urkulluk Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera epidemiologikoa aztertu zuen atzoko agerraldian. Herritarren % 73,3k txertoaren dosi bat hartu dute, eta %68,2k, berriz, pauta osoa. Hala ere, lehendakariaren iritziz, «egoera ez da ona», Delta aldaeraren agerpena dela eta. «Ziurrenik, goizegi hartutako erabaki batzuek borroka garaia baino lehen irabazi izanaren irudipena eragin dute herritarrengan», zehaztu zuen. Eta ataka zail horretan egonda ere autonomia erkidegoek «oztopoak» dituztela gogoratu zuen: «Gaueko joan-etorriak mugatzeko, jendea elkartzea eragozteko, edo itxiera perimetralak egiteko». Horregatik, horiek egin ahal izateko «babes juridikoa» eskatu zuen berriro: «Egun ez dugu horrelako estaldurarik, eta beharrezkoa da oraindik». Oroitarazi zuen erkidegoek halakoak proposatu dituzteneanjustiziak askotariko erantzunak eman dituela, eta ezin dutela bide hori erabili.

Era berean, Urkullu kritiko mintzatu zen Presidenteen Biltzarraren funtzionamenduarekin, «foro hori ez dago jasota ez Konstituzioan, ez Gernikako Estatutuan», eta aurrez «prestatzeko bilerarik egin gabe» deitu izana kritikatu zuen. Ia bezperara arte duda izan zen Urkullu bilerara joango zen, eta Kontzertu Ekonomikoaren gainean lortutako akordio baten ostean eman zuen baiezkoa azkenean. Nafarroako Gobernuko lehendakari Maria Txibitek, berriz, esan zuen, «oso positiboa» iruditu zitzaiola atzoko bilera, eta Espainiako Gobernuarekin «koordinazio» ona dutela nabarmendu zuen.

Funtsen banaketa

Urkulluk Espainiako Gobernuari eskatu zion «aurretiko kontsulta» egiteko autonomia erkidegoei «susperraldirako» Europako funtsen banaketari ekin aurretik; azpimarratu zuen «eredu sozioekonomikoaren eraldaketa» lehenetsi behar dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.