«Euskal Herriaren aitortza garrantzitsua merezi du nazioarteko komunitateak»

enekoitz esnaola
Andoain
2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun
«Euskal Herriak nazioarteko komunitatearekin zor bat du. Konponbidearen alde lan handia egin dute, eta era batera edo bestera parte hartutako guztiekin dugu zorra», dio Agus Hernan Foro Sozial Iraunkorreko koordinatzaileak. «Batik bat, Ram Mannikalingamen taldea [NEB Nazioarteko Egiaztatze Batzordea], Jonathan Powell bitartekaria eta Henri Dunant zentroa, eta Brian Currinen taldea [HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldea] aipatu behar dira. Merezi dute Euskal Herriaren aitortza garrantzitsu bat». NEB eta HNT 2011n sortu ziren, ETAk jarduera armatua bukatutzat eman baino lehentxeago, eta Powell eta Henri Dunant lanean aritu ziren 2005-2007ko prozesuan, baita ondoren ere, joan den maiatzean ETA desegin arte. Foro Soziala harremanetan da nazioarteko eragileokin, eta urteetan egindako lana eskertu die berriki.

NEBek duela urtebete eman zuen amaitutzat bere egitekoa, ETAren armagabetzearen ondotik. Henri Dunantek ere bai ETA desegin eta berehala. HNT ez da bere etorkizunaz mintzatu oraindik. «Hari dagokio erabakia hartzea, guk ez diogu ezer esango», adierazi du Hernanek. «Hartzen duen erabakia hartuta ere, seguru gaude Brian Currin, Alberto Spektorovski eta Raymond Kendall aurrerantzean bidelagunak izango ditugula gure prozesuan».

Arnagako topaketa

Hernanentzat «gogoangarria» izan zen, maiatzaren 4an, Arnagako topaketa (Kanbo, Lapurdi), «ETAren desegitearen bermea izatea» lortu zelako. «Oso gustura bukatu genuen, baita nazioarteko eragile esanguratsuek ere».

Foro Sozialeko koordinatzailearen esanetan, nazioarteko eragileak desegitearen egun haietan ere «zeharo harrituta» geratu ziren Espainiako Gobernuak erakutsitako «jarrera itxiarekin». «Urteetan aurkitu dira jokabide horrekin. Nazioartekoek Kanbon esan ziguten sekula ez dutela horrelakorik ikusi, eta kontuan hartu behar da haiek antzeko prozesu garrantzitsuetan parte hartze zuzena izan dutela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.