Ivan Marten. Orkestra lehiakortasun institutuko presidentea

«Ekaitz perfektu batean gaude»

Energia garestia, klima larrialdia, material urriak, urte zailak datozela uste du Martenek; energia gaietan eta merkatuetan aditua da. Berriztagarrietan jo eta ke inbertitu behar dela dio, baina baita gasean eta petrolioan ere.

GORKA RUBIO / FOKU.
Irune Lasa.
Donostia
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Orkestrako presidenteak 32 urte egin ditu Boston Consulting Groupen, mundu osoko enpresei aholkularitza espezializatua ematen energia gaietan, eta kontsultoraren energia gaietarako munduko arduraduna izan zen. Baina Ivan Martenek (Donostia, 1959) dio beti izan zuela buruan sorterrira itzultzea.

«Teorikoki erretiroa hartuta» dagoela dio, baina Orkestra lehiakortasun institutuaren buruzagitza du orain ardura nagusi, «ekarpentxoa egin nahian».Erakundeei eta enpresei aholku ematen jarraitzen duela esan daiteke. Repsolen administrazio kontseiluko kidea da joan den martxotik; Tubacexeko kontseiluan ere aulkia du, baita biomasaren inguruan jarduten duen Enso konpainiaren kontseiluan ere.

Energia eta trantsizio energetikoa erabat lotuta ulertzen eta esplikatzen ditu Martenek.

Energiaren garrantziaz ohartu gara, beste behin.

Gure eguneroko bizitzatik bereizezina da. Eta energia eskariaren hazkundea geldiezina da. 7.500 milioi pertsona gara orain, eta etorkizunean 9.000 milioi izateak esan nahi du bai edo bai energia kontsumoa handitu egingo dela.

Eta pertsonek hobeto bizi nahi dute. Batez ere garapen bideko herrialdeetan pentsatzen ari naiz:Asian, Txinan, Indian, non gero eta gehiago diren ongizatean hobetu nahi duten biztanleria taldeak, etxebizitza izan nahi dutenak, ibilgailua, aire girotua…

Batengatik eta bestearengatik Asiatik eta Afrikatik etorriko da 2035era arteko energia eskariaren hazkundearen %90. Data horretan, energia eskari guztiaren bi heren beteko dituzte garapen bideko herrialdeek. Beraz, bai, energia oso garrantzitsua da, haren eskaria hazi egingo da, eta ekialderantz mugitu.

Europan hazkunde ekonomikoa eta energiaren kontsumoa banandu direla erantzuten zaie desazkundea defendatzen dutenei.

Europan, eta neurri batean AEBetan, BPGaren intentsitate energetikoa erori egin da; BPG horrentzako ez da beste hainbeste energia behar. Eta ekoitzitako unitate bakoitzeko karbono isuriak ere murriztu dira. Baina kontuan izan Europaz ari garela. Beste mundu guztia da arazoa. Euskadik urte osoan egiten dituen isuriak adina egiten ditu Txinak 18 ordutan.

Datu etsigarria da.

Horrek ez du esan nahi hemen ez dugunik gure bidea egin behar. Ahalik eta efizienteenak izan behar dugu, isuriak ahalik eta gehien murriztu. Baina munduaren deskarbonizazioaren erronka herrialde horietan egongo da.

Ongizaterako eskubidea dute.

Tanzaniako ministro batek bilkura batean esan zuen: «Gure ekonomia deskarbonizatzen hasteko eskatu aurretik, utziguzue pixka bat karbonizatzen». Indiak hiru tona CO2 isurtzen ditu biztanleko. Europan zortzi-bederatzi tonaren inguruan gabiltza; AEBetan, 16-18 tonatan. Hobe dute AEBetan per capita isuriak murrizten hastea.

Energia sektorearen trilema hartu behar dugu beti kontutan. Energia eskuragarria izatea behar dugu, arrazoizko prezioa izatea, eta, azken urteetan ere konturatu garenez, energiak jasangarria ere izan behar du. Uste dut mundu guztiak asumitu duela klima larrialdia hor dagoela.

Jada ia ez dago negazionistarik.

Badaude batzuk, baina berdin dio. Nahiago dut zuzenean egia dela pentsatuz jokatzea.

Helburua da gure gizartea ahalik eta gehien deskarbonizatzea. Eta horrekin bi gauza esan nahi ditut: CO2 isuriak murriztu behar dira, baina, gainera, dagoeneko atmosferan dagoen karbono dioxidoa gutxitu behar da. Hor baso gero eta gehiago izatea inportantea da, eta deforestazioa arazoa da, adibidez, Afrikan, nekazaritza lurren hedapenarekin.

Orain arriskua ez ote da trantsiziorako konpromisoak aurkeztu bai eta gero ez jartzea baliabiderik? Zuriketa berdea, alegia. Karbono harrapaketa… Oraindik orain ez da errealitatea.

Gai asko daude hor (irribarre egin du). Ea, uste dut helburu batzuk ez direla errealistak. Halako lortuko dugu 2060rako, 2070erako; bada, ikusi egin beharko; pentsa zenbat gobernu pasatuko diren bitarte horretan. Baina egia da hobe dela anbizioz jokatzea. Garapen teknologikoarena, dena den, ikusgarria da. Zeinek imajinatuko zuen gaur egun berriztagarriek dakarten bultzada.

Eta zuriketa berdearen arriskuaz... Mundua ahalik eta azkarren deskarbonizatu behar dugu, eta hori oso argi daukat, baina aldagai garrantzitsu bat dago hor: deskarbonizazioa ahalik eta kostu sozial txikienarekin egin behar dugu; jakin behar dugu denborak kudeatzen. Bestela gertatzen da gaur gertatzen ari dena: energiaren prezioak errekorretan daudela, eta jendeak esaten duela hori dela haien arazoa, ez Lurrean hemendik 30 urtera zer pasatuko den.

Trantsizioa egin behar da? Bai. Deskarbonizatu behar da? Bai. Baina adi, jabetu behar gara epe laburrean eta ertainean trantsizioak zer nahi gabeko eragin izan ditzakeen. Zenbaitetan trantsizio energetikoa oso axolagabeki saldu dela uste dut. Jendeari esan behar zaio trantsizioa saihetsezina dela eta sakrifizioak eskatuko dituela.

Ukrainako gerraren aurretik ere aipatzen zen «inflazio berdea».

Ukraina ez delako egungo egoeraren kausa izan; beharbada arazoa bizkortu du, baina prezioak jada goian zeuden aurretik.

Erregai fosiletan inbertsioak murriztu direlako, diote.

Guztietan falta izan dira inbertsioak; berriztagarrietan askoz gehiago jarri eta askoz bizkorrago egin behar da. Baina gasean inbertsioak falta izan dira. Berriztagarriek arazo bat dute: intermitenteak dira. Eta, gaur egun, mundu %100 berriztagarria ezinezkoa da. Hornidura berme bat behar duzu, sostengu energiaren bat. Horiek izan daitezke urtegiak, baina inork ez ditu nahi berean; ikatza zikina da; nuklearra toki batzuetan oso onartua dago, baina hemen ez dugu ikusi ere egin nahi.. Zer geratzen da? Gasa. Onena da? Ez, baina aukera bakarra da berriztagarrietarako bidea egiteko, eta beharrezkoa da gasean inbertitzea.

Eta petrolioan ere bai?

Petrolioa beti beharko dugu, beti izango da 50-60 milioi petrolio upeleko eskaria munduan. Petrolioa beharko da kimikarako, arroparen zuntzetarako, hegazkin eta autoentzako beira zuntzerako... Bazenekien banilla zaporea sortzeko petrolioa erabiltzen dutela? Kirol zapatilen %85 petrolioa da.

Nazioarteko Energia Agentziak dio ez dela inbertsio gehiago egin behar erregai fosiletan.

Kontraesan bat dago hor. IEA OCDEk sortu zuen, herrialde garatuei energia hornidura ziurtatzeko helburuarekin. Orain, ordea, trantsizioaren aitzindari bihurtu da, eta inbertsiorik ez egiteko dio,ez garela iritsiko 1,5 graduren helburura. Baina IEAk badu txosten bat, ez ziotena argitaratzen utziGlasgowko COP bileraren aurretik. Orain bigarren bertsio bat argitaratu du, kontatuz trantsiziorako beharrezkoak diren materialak urriak eta kritikoak direla.

Ez dagoela nahikoa.

Berriztagarrien eta auto elektrikoen helburuetarako gaur ekoizten den baino 42 aldiz litio gehiago beharko litzateke. Egun baino 20 aldiz kobalto gehiago, 20 aldiz grafeno gehiago, hamar aldiz lur arraro gehiago... Eta gero, nork dauka litioa? Non dago kobaltoa?

Mezu kolapsista emango didazu?

Mezu kolapsista ematen ari natzaizu. Larrialdi klimatikoa dugu, energia krisia, mineral eta material kritikoen krisia daukagu, eta elikagai krisi baten atarian ere bagaude, ongarriak izugarri garesti daudelako, haiek ekoizteko ezinbesteko den urea petrolioarekin eta gasarekin egiten delako.

Finean, inflazio hau ez da eskariak eragina, jendeak dirua duelako eta gehiago gastatzen duelako: inflazio hau kostuen igoeratik dator, eta horiek ekonomiaren maila guztiak bustitzen ditu. Nire ustez, ekaitz perfektu batean gaude.

Noiz pasatuko da ekaitza? Edo nola atera gaitezke?

Ukrainak hau bizkortu egin du, gas errusiarrarekiko dependentzia agerian utziz. Gatazka hori luzatu egingo da, ez dut uste hilabete gutxitan konponduko denik. Urte oso gogorrak ditugu aurretik. Inbertitzen hasi behar dugu, ezinbestez. Baina horrek denbora eskatzen du.

AEBetan ez daude horren gaizki

Noiz izan da garrantzitsua petrolio errusiarra AEBentzat? Inoiz ez. Gasarekin, Europari esan diote ez kezkatzeko: bidaliko dizuet nik gas natural likidotua.

Hori bai, AEBetan azken urteetan hiru dolarretan egon da gas mmbtu-a (british thermal unit), eta, orain, Europara esportatzen hasi denean, 6-7an egotera iritsi da. Petrolioarekin eta gasolinarekin, berdin. Estatubatuar xeheak gasolina galoi batengatik bost dolar ordaindu behar baditu, [Joe] Bidenenak egin du. Eta putzu gehiago nahi ez zuenak orain dei zuzena egin die petrolio konpainiei, zulatzeko eta zulatzeko.

Europan ere aldatzen ari da mezua.

Aste honetan bozkatu da taxonomia Europako Parlamentuan, gasa eta nuklearra berdea den ala ez [bi energia jardueren sarrera onetsi zuen parlamentuak asteazkenean], eta urteetan ibili gara esaten ezetz, ez zirela egin behar inbertsioak ez gasean eta ez nuklearrean. Europan, irizpide egoki edo desegokiarekin, ez dut nik epaituko, erabaki zen frackingik ez zela nahi. Eta, orain, frackingetik datorren AEBetako gasaren irrikan gaude.

Fosiletan inbertitzeak ez dakar trantsizioa atzeratzea?

Gasean inbertitzea zera da, eragoztea trantsizio energetikoa desastre bat izan dadin. Ezin dugu fundamentalistak izan. Mix energetiko berriztagarria izan nahi dugu, baina bidean gasa beharko da. Eta horrek ez du trantsizioa atzeratzen, mezuak izan behar duelako bietan behar direla inbertsioak; ez diogu inondik ere berriztagarrietan inbertitzeari utzi behar, jarraitu behar dugu, jo ta ke, baina aitortu beharko dugu luze gabe gasa beharko dugula.

Noiz arte izango da beharrezkoa gasa trantsizio energetikoan?

Gutxienez hurrengo hamar urteetan bai. Eta petrolioa ere beti beharko dugu.

Repsoleko kontseiluan zaudela, zuk hori esatea normala dela pentsatuko dute.

Baina ni energia aditu gisa ari natzaizu, eta serio, batez ere zuriketa berdearen gaia ere aipatu duzulako. Ni ez naiz Repsoleko pertsona gisa ari elkarrizketa honetan. Horrez gain, %100 trantsizio energetikoan inbertitzen duen funts batean nago, eta aholkularia naiz Danimarkako Gobernuaren trantzisiorako erakundean. Erabat orekatua nagoela iruditzen zait.

Aitortu behar da gerrak erakutsi digula orain behintzat gasa behar dugula.

Jendeari argi hitz egin behar zaio. Etorkizunarekin liluratu ditugu, bideko sakrifizioak ezkutatuz. Bidea egin behar dugu, baina ondorioez jabetuta; dena ez da hain liluragarria. Adibidez, ibilgailu elektrikoarekin.

Irakurri edo entzun dizut Txinan auto elektrikoak ikatzarekin dabiltzala.

Energia mix berdearekin, auto elektrikoa zoragarria da. Adibidez Norvegian, non argindarraren %99 urtegietatik datorren. Espainian, gasarekin mixa erdi zikina da; Frantzian nuklearrarekin elikatzen dira auto elektrikoak. Horrez gain, baterien hondakinena ez dago konponduta; ikusi beharko da gobernuek erregaien zergekin lortzen dituzten sarrerak nondik aterako dituzten; ahaztu gabe auto elektrikoarentzako materialen emisioak… Azkenean, auto elektrikoaren datuak ez dira hain liluragarriak.

Gero, non egiten dira bateria elektrikoak?

Txinan.

Txinan eta Hego Korean egiten dira baterien %80. Eta, beraz, ibilgailu elektrikoan presaka eta korrika bagabiltza, txinatarrak eta korearrak diruz laguntzen ari gara, ez gure ekoizpena. Nik zerbaitetan lider izan nahi badut, nire fabriken eskaria bultzatu beharko dut, eta autobusekin egin daiteke hori: hor dituzu CAF eta Irizar. Udalek autobus elektrikoak erostean haien garapena eta lehiakortasuna lagundu behar dute; erosketa adimentsuarekin, bertako industria bultzatu.

Ibilgailu elektrikoan ez dugu tokiko industria hori. Mondragonen automoziorako ekoizten dituzten osagaien %30 soilik errekuntza motorreko ibilgailuetarako dira. Beraz, 2035etik aurrera ez badago errekuntza motorrik, Mondragonen ekoizpenaren %30 desagertu egingo da. Jakina, Iñigo Ucinek badaki hori, eta Mondragonen buru-belarri ibiliko dira ibilgailu elektrikoetarako osagaiak diseinatu eta garatzen. Baina emaiezu denbora, denbora trantsiziorako.

Horrekin mundua deskarbonizatuko bazenu, erosten dizut. Ordainduko dugu bidesaria, lagunduko dugu enplegu horiek beste nonbait sortzen, deskarbonizazioaren arazoa konponduko bada. Baina arazoa ez da bukatuko: ibilgailu elektrikoa kutsatzailea izango da aurrerantzean ere, eta euskal ekonomia izorratuko duzu. Trantsizioa modu ordenatuan egin behar da.

Mundu osoak egin behar du.

Trantsizio energetikoaz ez, trantsizio energetikoez hitz egin behar dugu. Europan trantsizio energetikoa deskarbonizazioa da. Asian, berriz, hazkunde arduratsua da. Afrikan, trantsizioa energiarako sarbidea izango da.

Afrikako herrialde horietan elektrizitaterako sarbidea erabat berriztagarria izango da. Bikain. Baina ez gara horretan laguntzen ari. COP bileraren batean erabaki zen funts bat osatuko zela, eta konpromiso hori ez da bete. Bada, hori da mundua deskarbonizatzen laguntzeko modurik onena.

Dirua [Vladimir] Putini ematen ari gara, gasaren eta petrolioaren truke.

Europak Errusiako gasaren menpekotasuna du, argi dago, baina hor ere desberdintasunak daude. Europako herrialde batzuk askoz ere izorratuagoak daude, eta gainerakoentzat egoera ez da horren larria. Espainian, adibidez, ez dut uste hornikuntza arazorik izango denik; hori bai, prezioak izugarriak izango dira.

Errusiarekin halako akordio moduko bat zegoen: Europak menpekotasuna zuen Errusiaren gasarekiko, eta Errusiak Europatiko lortzen zituen diru sarrerekiko. Eta denak pozik. Eta, bitartean, Errusiak bere segurtasun sarea zabaltzen jardun du. Europara 150 bcm [150.000 milioi metro kubo] datoz urtero, baina orain, Txinatik Errusiara doan gasbide bat dago, Txinak ordaindua, 38 bcm eramaten dituena Txinara. Eta, beraz, Errusiaren Europarekiko menpekotasuna ez da horrenbestekoa.

Txinak egingo du trantsizio energetikoa?

Hemen diote 2070erako egingo dutela. Nire iritzi pertsonalean, ari dira, baina ikuspuntu askoz ere industrial-teknologikoagoarekin. Hiri garbiagoak nahi dituztelako egingo dute trantsizioa; ingurumen agenda dute, eta baita agenda industriala ere. Trantsizioa egingo dute lidergoa ematen dielako teknologian eta nagusitasuna hornikuntza sareetan.

Euskadin ingurumen agenda oso ahaltsu bat eduki beharko genuke, kontuan hartuko dituena eragin sozialak, baita industria eta garapen ekonomikoa ere.

Ikusi beharko Europa nola aterako den datozen hilabeteetako nahasmenetik. Badirudi pandemiarekin eta orain egoera honekin xalotasun pixka bat galdu dugula.

Inozentzia (irribarrea berriz). Hor duzu Alemaniako Ekonomia ministro berdea ikatza erretzen. Herrialde horrek gas likidotua lurruntzeko instalazioak jarri izan balitu bere garaian, orain Qatarko gasa erretzen egongo zen, %40 isuri gutxiagorekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.