urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Nahi gabeko independentziak

2021eko irailaren 5a
00:00
Entzun
Aurten 30 urte dira Gerra Hotza amaitu zela. Ofizialki Sobietar Batasuna 1991ko abenduan desegin bazen ere, udan gertatu zen gertaerarik garrantzitsuena, eta aurretik ere, Ameriketako Estatu Batuek garaile jokatzen zuten, Golkoko gerra horren adibide.

Kontuak kontu, zail da irudikatzen egun Europako Batasunean diren herrialdeak eta talibanen parean Afganistango mugan diren errepublikak estatu berean zirela duela hiru hamarkada. Tallinndik Vladivostokeraino zihoan herrialde hori orain 30 urte amildu zen, abuztuan, Mikhail Gorbatxoven perestroikaren aurka jo zuen SESBeko estatu kolpearen porrotaren ondotik.

Urtea amaitzerako ez zen Sobietar Batasunik, federazioa osatzen zuten hamabost errepublikek beste horrenbeste estatu independente eratu zituzten, eta baziren organikoki haien menpe egonda ere independentzia nahi zuten errepublika autonomoak, Tatarstan edo Txetxenia, kasurako. Azkenean, baina, Errusia eta beste hamalau errepublikek lortu zituzten nazioarteko aitortza eta Nazio Batuen Erakundean aulkia.

Benetan, baina, oso gutxi ziren munduko estatu handienetik bereizitako errepublika independentea eratzeko borondate argia erakutsi zutenak: Baltikoko hirurak eta Georgia baino ez zirela izan esango nizueke, estutzen hasita. Abuztuko estatu kolpea gertatu zenerako, Kaukasoko herrialdeak eta Lituaniak baino ez zuten aldarrikatuta independentzia, bietan ere Moskuren oldarraldiak hainbat hildako utzi eta gero 1989an eta 1990ean. Estoniak eta Letoniak formalki deklarazioa eginda ere, estatu kolpearen ostean berretsi eta gauzatu zuten independentzia.

Kontuak kontu, 1990eko bozetan alderdi komunista nagusitu zen errepublika gehienetan: aurreko lauretan eta Armenian eta Moldavian baino ez ziren gailendu Moskurekiko menpekotasunik gabeko mugimenduak. Egia da, estatuaren eta sistemaren gainbeherarekin, izan ziren antzeko eskaera eta mobilizazioak Ukrainan edo Armenian ere —Azerbaijanekin gatazka gaiztotzen ari zela— baina, oro har, ez zen halako joerarik izan hamabost errepubliketako gehienetan.

Nola bihur liteke independente, beraz, halako eskaerarik ez daukan herrialde bat? Irakurle independentistak pentsatuko du bidegabea ere badela, batzuei hainbeste kostatzen zaiena besteek bilatu gabe lortzea. Lehen ere gertatua zen: Zipren, esaterako, militante greziarrek britainiar kolonialismoa amaitzea nahi zuten, Greziarekin bat egiteko(enosis —batasuna— pintada zaharrak oraindik ikus daitezke tarteka), baina turkiar gutxiengoa haren aurka agertu zen.

Azkenean, paradoxak, Zipre ofizialki independentea da, eta turkiarren iparraldeko errepublika, praktikan, Turkiaren menpeko —eta hango armadak okupatutako— lurraldea (Europaren axolagabekeriagatik ere bai, beste noizbait azalduko dugu). Kosovok ere, hastapenean, Jugoslaviako errepublika bat gehiago izan nahi zuen, Serbiatik bereizita baina ez independente, eta gerora ere, gehiago dira ziur aski Albaniarekin bat egin nahi zutenak. Izan gogoan, independentziaren bezperan ez zuten banderarik ere, denek albaniarra zerabiltenez, eta nahiko presaka diseinatu zuten egungo ikur urdina.

Hirugarren adibidea: Irlandan independentistatzat joko genituenak berez Erresuma Batutik bereiztearen alde daude, baina ez estatu independentea sortzeko, errepublikarekin bat egiteko baizik. Inork independentzia nahi izatekotan, unionisten azken argudioa litzateke: inoiz Londresen babesa galduz gero, nahiago euren pribilegioak mantenduko lituzkeen iparralde bereizia, uharte batua baino.

Desberdin baina antzeratsu, Sobietar Batasuneko errepublika gehienetan baziren mugimendu abertzaleak, baina estatu independentea eratzearen ideia oso bazterrekoa zen gehienetan. Halako batean, baina, ustez zati ziren estatua galdu egin zela ikusi zuten. Asia erdialdeko errepubliketako buruek, inolako tentazio independentistarik egotekotan berehala zapaltzeko gai ziren horiek, egoera bitxia ikusi zuten 1991ko abuztu hartan, estatu kolpearen aurrean: Moskura deitu agindu eske (beste hainbatetan egin bezala, teorian errepublika subiranoetako agintea izan arren sobiet haiek), eta hiriburuan inor ez zen telefonoari erantzuteko.

Halaxe bada, ahal den subiranotasun guztia eskuratu Errusiako presidentearen leloari jarraituz (Errusiakoa, eta ez Sobietar Batasunekoa, Jeltsin-Gorbatxov lehia izan zen azken batean katalizatzaile nagusia), orduko agintari sobietarrak estatu subirano bateko presidente bihurtu ziren hainbat errepublikatan. Are gehiago, halaxe segitzen dute errepublika horietako askotan, oraindik agintean eta are botere handiagoz.

Euretako askok, alabaina, Moskurekiko lotura estuei eutsi diete, eta errusiera da hizkuntza garrantzitsuena, Bielorrusiatik Kirgizistaneraino. Subiranoa izateak ez baitizkizu bestelako menpekotasunak kentzen, are gutxiago kultural edo linguistikoak, zer eta nola egin argi izan ezean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.