Herri baten amorrua kalera

Diyarbakirko alkateen atxiloketak protesta oldea eragin du aste honetan Ipar Kurdistanen; etengabeko eta zuzeneko errepresio ekintzetan azkenekoa izan da. Gerra betean da.

Turkiako indarrak protestan ari diren kurduak sakabanatu nahian, asteazkenean, Diyarbakirren, Ipar Kurdistanen. Egun horretan 25 lagun atxilotu zituzten. STR/EFE.
2016ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Alepokoa izan zitekeen. Edo Mosulgoa. Baina ez. Ipar Kurdistangoa da argazkia. Ahaztutako gerra batena. Dozenaka herrixka setiatuak dituen herrialde batena. Zelaiak ere erreak dituena. Amed hiri sinbolikoaren parte zaharra guztiz hondatuta daukana. Hortxe dago irudia. Diyarbakirko udaletxea apenas ikusten den, poliziak jaurtitako negar gasen ke lodiaren artean, segurtasun indarrek kamioietatik botatako ur kanoien lurrunean ezkutatuta. Ipar Kurdistango hiriburuan, milioi eta erdi pasa biztanleko metropolian, iraultza kalera atera da; milaka lagun atera dira protesta egitera, amorrua askatuz, iragan astearte iluntzean hiriko alkateak atxilotu zituztela salatzera.

Gultan Kisanak eta Firat Anli agintarien askatasuna aldarrikatzeko protesta masiboak egin dituzte Ipar Kurdistanen. Diyarbakirko udaletxearen pareko plaza izan da protesten epizentroa. Feleknas Uca HDP Herrien Alderdi Demokratikoko diputatua bertan izan da. Kurdu yezidi hau egoeraren latzaz mintzatu da BERRIArekin: «Internet sarea atxiloketen gauean bertan eten zuten, eta soilik gaueko hamarretatik aurrera konektatu gaitezke». Hori, baina, ez da latzena. «Polizia gogor ari da manifestarien kontra. Lurrera bota eta jotzen dituzte. Armak kargatuak dituzte, eta ez dakit zenbat negar-gas lehergailu bota dituzten. Lagun ugari atxilotu dute protestetan».

Estatu kolpearen ondorena

Gultan Kisanak eta Firat Anliren atxiloketa etengabeko eta zuzeneko errepresio ekintzetan azkenekoa izan bada ere, kurduak aztoratu ditu. Kisanak Ankaratik bueltan zela atxilotu zuten, iragan uztailaren 15eko estatu kolpea ikertzen ari den batzorde parlamentarioan deklaratu ostean. Anli, berriz, etxean bertan atzeman zuten, eraikina makina bat auto blindatuz inguratu ostean, polizia eta segurtasun indar ugarien artean.

Turkiako Gobernua eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiaren arteko bake prozesua bertan behera geratu zenez geroztik iazko udan, egoerak okerrera egin du, eta, uda honetako estatu kolpe saialdiaz geroztik, are makurragoa da. Recep Tayyip Erdogan presidentea larrialdi egoera baliatzen ari da dekretu bidez agintzeko, eta, bide batez, kurduen kontrako gerra gogortzeko.

Hildako zibilak 330 eta 700 artean zenbatzen dira, eta desplazatuak, berriz, 500.000tik gora. Hauteskundeetan nagusitu ziren politikari kurduen kontrako jazarpena ere itzela da. HDPren eskuetan zeuden 24 udalerri bereganatu ditu Erdoganen AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiak. Oraintxe bertan 180 alkate eta zinegotzi kurdu inguru daude kartzelan, baita hainbat erakunde eta elkarte kurduetako 300 ordezkari zibil ere. BDP Demokrazia eta Bakerako Alderdiko ordezkariak dira horietako asko eta asko: HDPren eskuetan dauden udalerrien artean autonomia demokratiko bat lortzeko lanean ari den erakundea. HDPko diputatu kurduei, berriz, immunitatea kendu diete. Eta komunikabide kurduak eta kurduera irakasten duten eskolak ere ez daude salbu.

Gulistan Akdeniz kazetariaren ustetan, adierazpen askatasuna urratzea da diktadura guztien lehen neurria: «Erdoganen lehen helburuetako bat izan da prentsa askatasuna ukatzea. Dagoeneko, 22 egunkari, irrati eta telebista itxi ditu». Ozgur Gundem egunkariarentzat ari zen kazetaria duela bi hilabete itxi zuten arte: «Den-denak gara 'terrorismoa' sustatzeaz, babesteaz, edo laguntzeaz susmagarri, kolpisten konplize izateaz susmagarri, edo nik zer dakit zeren susmagarri».

Kurduen lekukotasunak

Kamil Erkut Gure Turkiako fiskal nagusiaren hitzetan, atxiloketa hauek guztiak 2015ean irekitako ikerketaren barruan sartu behar dira: «Subiranotasuna urratzeagatik eta estatuaren lurraldearen zati bat zatitzen saiatzeagatik abiatu zen ikerketa».

Kurduen iritziak, baina, oso bestelakoak dira, eta haien lekukotasuna entzutea baino ez dago ohartzeko kurduak deuseztatzeko asmoa dagoela jazarpenaren atzean, eta aldarrikatzen duten autonomia proiektua eragozteko asmoa.

Ercan Ayboga idazle eta ingurumen ekintzaileak oso argi dauka zer gertatzen ari den sorterrian: «Kurduak alde guztietatik gaude jazarrita, baina ez dugu amore emango. Gure demokraziaren eta gure erakundeen kontrako erasoa da gure begien aurrean ikusten ari garena, atxilotzen ari diren alkate horiek guk geuk hauteskunde demokratikoetan hautatuak baitira; gehiengo zabalarekin, gainera». Mesopotamiako Ingurumena elkarteko kidea da ekintzailea, eta beldurrak sorrarazten duen isiltasunaz ere hitz egin du. «AKP ez da ez alderdi demokratiko bat, eta are gutxiago gobernu demokratiko bat; barruan ahots disidente bakan batzuk dituen arren, isilarazi egiten dituzte, jazarpenaren beldur direlako eta autozentsura ezartzen dietelako beren buruari». Nazioarteko komunitatearen isiltasunaz ere oso kritiko da Ayboga: «Ankarako erregimenaren abusuak ikusita, ez ikusiarena egiten ari diren horiek ere konplize dira, baina, interes politiko, militar eta ekonomikoak daude tartean, eta ez dakitzenbateraino ikusten dutenbegi onez interes horiexen kontra dagoen oposizio demokratikoa».

Aysegul Turker bat dator Ayboganekin. Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeekin egiten du lan udal liburutegi batean, eta udal langileen egoeraren berri eman du: «Greba moduko bat egiten ari gara funtzionarioak; asteartean bi alkateak atxilotu zituztenetik, gure alkateak, ez gara lanera joan». Burcin Demir erizaina da lanbidez, baina pasioz dengbej-a da. Bertsolaritza Etxearen sortzaileetako bat da, eta harro mintzatzen da kurduen erresistentziaz: «Jazarririk bizi gara kurduak, betidanik; deuseztatu egin nahi gaituzte, isilarazi, eta gure identitatea eta kultura suntsitu nahi dituzte, baina herri kurduak jadanik ez du beldurrik, eta suntsitzen dutena eraikitzen jarraituko dugu».

Osman Baydemir Diyarbakirko alkate izandakoa da, Kisanak eta Anliren aurretik. 2013an Bakearen Alkateen Nazioarteko Konferentzian izan zen, eta orduko baikortasuna apalagoa da orain: «Donostian izan ginenean bazirudien zer edo zer gertatuko zela, zer edo zer mugituko zela, artean indarrean baitzen bi aldeen arteko elkarrizketa, baina, orain ez; orain ez dago ezer, gerra, suntsipena eta heriotza ez bada». Hori da argazkia. Ipar Kurdistan gerra betean da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.