Herriko bozak Ipar Euskal Herrian. Bigarren itzulia

ABERTZALEAK PROTAGONISTA

Ipar Euskal Herriko 158 herriko etxeen eta Euskal Elkargoaren osaketa erabakia geldituko da ondoko sei urteetarako gaur iraganen den herriko bozen bigarren itzuliaren ondotik. Ezkertiarrek eta abertzaleek bultzatutako zerrendek herriko etxe batean baino gehiagotan dute gailentzeko aukera.

Botokutxa bat, herriko bozen lehen itzulian. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2020ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Koronabirusaren hedapenak eragindako hiru hilabeteko konfinamenduaren ondotik, gaur iraganen da herriko bozen bigarren itzulia Ipar Euskal Herriko hemezortzi herritan. Mila biztanletik beherako bost herritan deituak dira bozkatzera herritarrak: Alduden, Amenduzen, Landibarren (Nafarroa Behera), Bildozen eta Larrainen (Zuberoa). Horietan hautetsi batzuk hautatzea falta da, nagusiki. Mila biztanletik gorako hamahiru herritan, haatik, zerrenda osoak bozkatu beharko dituzte: Hendaian, Urruñan, Ziburun, Azkainen, Miarritzen, Baionan, Uztaritzen, Itsasun, Bokalen, Senperen, Urketan (Lapurdi), Bidaxunen (Nafarroa Behera) eta Maulen.

Gaur arratsean erabakirik geldituko dira, beraz, Ipar Euskal Herriko 158 herrietako herriko etxeak, eta aste bat barru auzapezak eta Euskal Elkargorako herri bakoitzeko ordezkariak izendatuko dituzte herriko kontseiluetan. Heldu den uztailaren 17an eginen dute elkargoko lehen biltzarra. Egun horretan izendatuko dute lehendakari berria, Ipar Euskal Herriko erakundearen hiru urteko eraikitze fasearen ondotik lehen agintaldia gidatzeko ardura izanen duena.

Lehia hertsia espero da herri batean baino gehiagotan, eta orain arte lekuan egon diren taldeek gehiengoa galtzeko arriskua izan lezakete. Lehen itzulian, emaitza onak lortu zituzten herri nagusi anitzetan ezkertiar eta abertzaleek bultzatutako zerrenda herritarrek; ikusi beharko da bigarren itzulirako hein bera atxikitzeko gai diren. «Azken urteetako tendentziaren jarraipena da», Jose Luis Aizpuru Euskal Irratietako erredaktoreburuaren ustez. «Ikusten da poliki-poliki abertzaletasunaren estigmatizatze hori pixka bat apaldu dela». Uste du Ipar Euskal Herriaren instituzionalizazio prozesuan abertzaleak «motor» izateak indartu dituela, eta oposiziotik lan handia egin dutela «politika egiteko modu zaharkitu eta klientelista» salatuta. «Argiena eta harrigarriena Ziburukoa da. Oposizio indartsua egin dute notable baten aurrean. Herritarrek erran dute aski zutela, aire freskoa behar zutela». Haren iritziz, Eneko Aldanaren alde bozkatu duten anitz ,«seguruenik, ez dira abertzaleak». Bixente Vrignon France Bleu Pays Basque irratiko erredaktoreburuordearen hitzetan, «logika errespetatua bada», hauteskunde dinamikak erakusten du Ziburun «erraz» irabaziko dutela.

Urruñako lehia «zailagoa» izanik ere, ezkertiar abertzaleek irabaziko dutela uste du Vrignonek; «konplikatuago» ikusten du Aizpuruk: «Abstentzioa oso handia izan zen lehen itzulian, eta pentsatzekoa da boto kontserbadorea mobilizatuko dela. Ikusi beharko da Filipe Aramendik lehen itzulian lortutako tartea atxiki dezakeen». Hendaian, Senperen eta Uztaritzen, ezkertiar eta abertzaleak barne dituzten zerrendek irabaziko dutela uste dute biek ala biek.

Maulekoak ere interesa sortuko du. Bigarren itzulirako Louis Labadot komunista jakobinoarengana hurbildu dira ezkertiar eta abertzaleak. «Erran dute nahiago zutela Mixel Etxebest kendu, izan duen kudeaketagatik; eta Labadot haien posizioetara hurbiltzen entseatu», kontatu du Aizpuruk. Lehen itzulian Labadot gailendu zen.

Miarritzen Maider Arostegi errepublikanoa ikusten dute garaile bi kazetariek. «Aski argi da irabaziko duela», Vrignonen ustez. «Miarritze eskuineko herria da, eskuinean bozkatu du lehen itzulian. Eskuinak irabaziko du eskuineko herri batean».

Baionan, Henri Etxetoren eta Jean Rene Etxegarairen arteko lehia hertsia izanen dela uste dute. «Etxetoren kanpaina ikusgarriagoa eta erasokorragoa izan da», Aizpururen hitzetan. «Etxegaraik, beste sektore batzuen laguntzarekin, boto ekologista mobilizatzeko mugimendua egin du. Ikusiko da zer eragin duen bozketan». Uste du abertzaleak gehiago Etxegarairengana joanen direla, baina ohartarazi du bigarren itzuliko eztabaidetatik batzuk «oso minduak» atera direla, eta, beraz, abstentzioan geldituko direla, «zauriak utzi baititu». Ez da ausartu pronostikorik egitera. Vrignonek Etxegarairen aldeko dinamika ikusten du. «Batasuna lortu du. Zatiketa haren aurkakoen artean da. Irabazi beharko luke; doi-doi, baina 2014an baino alde handiagoarekin».

Abstentzioa

COVID-19aren hedapenak markatu zuen martxoaren 15eko lehen itzuliaren eguna. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Edouard Philippe lehen ministroak aitzineko egunetan iragarri zituzten konfinamendu neurriak, eta horrek jende anitz hoztu zuen bozkatzera joateko. Hiri nagusietan abstentzioa ohi baino aise handiagoa izan zen: adibidez, Baionan, %39ko parte hartzea izan zen —2014an baino 21 puntu apalagoa—; Miarritzen, %41ekoa —2014an baino 20 puntu gutxiago—; eta Hendaian, %45ekoa —17 puntu gutxiago—. Martxoaren 16tik, eten bat izan du hauteskunde prozesuak, eta horrek eragin zuzena izan du bigarren itzulirako aliantzen elkarrizketetan eta negoziazioetan.

Nori izanen zaio probetxugarri bigarren itzulian? Vrignonek ez du uste gauza handirik aldatuko duenik: «Merezi luke ikertzea, boto bulegoka, nor ez den joan, eta nola aldatzen duen emaitza. Baionan, adibidez, ez da errana adinekoak direnik bozkatzera joan ez direnak. Abstentzio handiagoa izan da langile auzoetan aberatsetan baino». Aurreikuspenak egitea «ezinezkoa» dela dio. «Ez dugu sekula halako bigarren itzulirik bizi izan. Hiru hilabeteko hutsa izan da». Uste du horrek abantaila emanen diela tokian diren gehiengoei. «Haiek kudeatu dute krisia».

Euskal Elkargoa

Herrietako hautetsiez gain, Euskal Elkargoan egonen diren ordezkariak ere hautatzen dira herriko bozetan. Aste bat barru osatuko dituzte herriko kontseiluak, eta bertan izendatuko dituzte. Bide luzea egin du elkargoak 2017ko urtarrilean sortu zenetik, eta eskumen anitz hartu ditu bere gain. Hiru urte ukan ditu barne antolaketa zehazteko, eta 2020. urtea izan du epemuga hasieratik, aurten hasiko baita elkargoaren lehen kargualdi osoa, herriko bozen ondotik. Jean Rene Etxegaraik izan du orain arteko gidaritza; argiki adierazi ez badu ere, pentsatzekoa da kargua atxikitzeko hautagai izanen dela uztailaren 17an eginen den lehen biltzarrean. Baina Baionako bozen emaitzak ekuazioa alda lezake. Ikusi beharko da beste hautagairik aurkeztuko ote den ere.

Elkargoaren esparru juridikoak baitezpadako zenbait eskumen ematen dizkio egiturari: garapen ekonomikoa, turismoa, uraren kudeaketa, garraioa, etxebizitza, hirigintza, hondakinak eta ingurumena. Horiez gain, hautuzko eskumen batzuk ere har ditzake bere gain, hala nola hizkuntza politika, kultura, herri mailako zerbitzu publikoen bateratzea eta ekintza soziala. Azken hiru urteetan, eskumen bakoitzarekin hartu beharreko norabideak zehazten dituzten planak osatzen ari da elkargoko biltzarra. Ondoko sei urteetan, politika publikoak finkatu beharko ditu, lehentasunak ezarrita.

Euskal Elkargoak «sozializazio» lana egin behar duela uste du Aizpuruk: «Ez da batere gizarteratua elkargoak zer egiten duen. Egiteko manerak eta egituratzeko moduak ez dute laguntzen instituzio horren lorpenak sozializatzen. Hori da arazo handi bat; talde berriko kideek ongi kudeatu beharko dute».

Sos arazo bat ere ikusten du Vrignonek, elkargoak ez baitu zergak altxatzeko eskumenik. Politika publikoetan urrats nabarmena egitekotan arazo hori konpondu beharko duela uste du. Garraioaren adibidea hartu du: «Oraingoz, kostaldean garatu dituzte; alta, gauza berbera pagatzen dute Hazparnen edo Baigorrin».

Mugaz gaindiko harremanetan ere ikusten du erronka Aizpuruk: «Pasatu behar da egituratzetik izatera. Erran nahi du Euskal Herriaren kontzeptuan beste urrats bat egin behar dela. Hegoaldearekin beste harreman bat eraiki beharko da hemendik aitzina, bi aldeetara. Herri gisara egin behar da. Batzuek ez dute nahiko hori, baina Euskal Herria nazio gisa ikusten dutenek hori bultzatu beharko lukete».

Azkenik, sufragio unibertsalaren beharra azpimarratu dute bi kazetariek. Gaur-gaurkoz, ez du halakorik ematea onartu Frantziak. «Ikusgarria eta ulertua izateko, hautaketa zuzen bat izan beharko da. Nehork ez du fitsik ulertzen», Vrignonen hitzetan. «Karrikako jendeak ez daki nola ibiltzen den, zer politika baden, zein diren ildo politikoak. Hor bozkatzen da jakin gabe zer izanen den ildo politikoa. Herri bakoitzean badakizu auzapezak frontoia berrituko duela edo zer eginen duen. Hor, ez. Ezin da horrela segitu». Aizpuru: «Demokratikoki hori beharko luke, baina ikusita boto abertzaleak biztanle gehien duen eremuan zer presentzia duen... Hor badugu kontraerran bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.