Indarkeria matxista

Erasotzaileei kontrol telematikoa areagotzeko agindu du Madrilek

Biktimen babesa hobetzeko neurri sorta bat onartu du Espainiako Barne Ministerioak. Erasotzaileen aurrekarien berri emateko formula egokia bilatu nahi du. Fiskaltzak babes neurri gehiago eskatu ditu

Iragan asteburuan lau emakume hil zituzten Espainiako Estatuan; irudian, Kanaria uharteetan izandako protesta bat, Tenerifeko hilketa gaitzesteko. A. MEDINA G. / EFE.
Maite Asensio Lozano - Gotzon Hermosilla
2023ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Nola babestu gizonezko bikotekidearen edo bikotekide ohiaren tratu txarrak jasaten dituzten emakumeak? Auzi hori izan dute eztabaidagai egunotan Hego Euskal Herriko, Espainiako, Galiziako eta Herrialde Katalanetako instituzioek, abenduan eta urtarrilean indarkeria matxistak eragindako hilketa kopurua handitu dela eta. Espainiako Barne Ministerioak indar polizialak bildu zituen atzo eta herenegun Madrilen —tartean Ertzaintza eta Foruzaingoa—, eta biktimen babesa hobetzeko neurri sorta bat onartu zuen, azken egunotan proposatutakoen ildotik: «Egoera jakin batzuetan» biktimei erasotzaileen aurrekarien berri emateko formula juridiko bat bilatuko du, eta erasotzaileen gaineko kontrol telematikoa indartuko du. Bide beretik joko dute fiskalek ere: Emakumeen Aurkako Indarkeriari Buruzko Aretoko fiskal Teresa Peramatok eskatu die «proaktiboak» izan daitezela andreak babesteko neurriak galdegitean.

Funtsean, biktimentzako babes neurri gehiago eskatuko dituzte fiskalek, behin-behinean bada ere, eta biktimek eurek galdegiten ez dutenetan ere bai. Hala, erasotzailearentzat behin-behineko espetxealdia eskatzen ez duten kasuetan, gizonei gailu telematikoak jartzeko eskatuko dute fiskalek —andreengandik urruntzea kontrolatzeko—, biktimak arrisku maila ertainean, altuan edo muturrekoan daudela antzematen dutenean. Izan ere, Espainiako Estatuan 2022an eraildako andreen %43k salaketa jarria zuten aurrez, baina horien herenek baino gutxiagok izan zuten babes neurriren bat.

Barne Ministerioak jakinarazi du iaz 2021ean baino gailu telematiko gehiago instalatu zituztela, baina, halere, areagotu egin nahi du horien erabilera. Andreen arriskuen balorazioa egitean, arrisku hori «ertaina garrantzia bereziarekin» edo altuagoa denean, poliziek berez eskatuko diote epaileari erasotzaileari kontrol telematikoa ezartzeko, baita gizona oso arriskutsutzat jotzen dutenean ere.

Hortaz, erasotzaileen gaineko kontrola areagotu nahi du Fernando Grande-Marlaskaren ministerioak, eta haien arriskugarritasuna balioztatzeko irizpideak berraztertu, «bereziki behin eta berriz eraso egiten dutenena eta aurrekariak dituztenena». Arriskuen balorazioa egiteko prozedura «hobetu» beharra ere jaso du, poliziek «ulerberago» joka dezaten. Biktimen inguruarekin lan egitea eta gizarte zerbitzuekinkomunikazioa hobetzea ere helburutzat jarri ditu, baita segurtasun plan pertsonalizatuak sustatzea ere biktima zaurgarrienekin.

Fiskalek arriskua zehatzago neurtzeko diligentziak ere eskatu ahalko dituzte. «Viogen sistemarekin ez baita beti nahikoa», aitortu du Peramatok, poliziek nagusiki erabiltzen duten sistemari erreparatuta —Nafarroan baliatzen dute, baina ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan—. Hain justu, arriskua forentse batek aztertzea galdegin ahalko dute fiskalek, baina Peramatok ohartarazi du epaitegi guztietan ez dagoela horretarako profesionalik. Barne Ministerioak ere onartu du sistema hori «hobe» daitekeela.

Aurrekariez ohartaraztea

Azken egunotan eztabaidagai izan den beste neurri bat, berriz, alboratu du fiskalak. Barne Ministerioak proposatu zuen: emakume batek polizia etxean tratu txarrak salatzen baditu eta haren erasotzaileak indarkeria matxistarekin lotutako aurrekariak baditu, horren berri emango liokete andreari, eta, hala, arriskuaz ohartarazi. Datuetan oinarritu dira hori planteatzeko: Espainiako Estatuan iaz izandako hilketetan, erasotzaileen %40k aurrekari penalak zituzten. Hain justu, egoera horretan izan zen Bilbon abendu amaieran hildako Rebeca Huayta Huacan: hura hil zuen gizona salatua zuen aurreko bikotekideak.

Peramatok, ordea, ez du begi onez ikusi abisu hori «praktika orokor» bihurtzea, datu pertsonalak babesteko legea urra dezakeelakoan. Halere, adierazi du neurria aplika litekeela andrearentzat «arrisku larria» badago, eta, beraz, «proportzionaltasun printzipioa» betetzen badu. Barne Ministerioak argitu du bere asmoa ez dela «alerta automatiko bat» ezartzea, eta adierazi du Fiskaltzarekin «formula juridiko egoki» bat bilatu nahi duela.

Gaiaz galdetuta, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua «fokua erasotzaileengan» jartzearen alde agertu da, baina tentua eskatu du: «Halako neurriek lege babes sendoa behar dute, eta orain ez dago halakorik». Espainiako Berdintasun ministro Irene Monterok ere adierazi du neurria babestuko duela bideragarria baldin bada, baina ohartarazi du ez litzatekeela arazo guztien soluziobidea, indarkeria matxista «egiturazkoa» baita: «Ikuspegi poliziala ez da nahikoa. Tratu txar emaileek ezin dituzte beren jokabideak normalizatutzat hartu, eta, horretarako, dinamika sozial eta instituzionalak eraiki behar ditugu».

Themis emakume juristen elkarteak, Mujeres fundazioak eta beste hainbat talde feministak ere ohartarazi dute biktimei aurrekarien berri emateak ez duela berez ekarriko andreek beren bikotekideak uztea, «ahulduta» izan dezaketelako erabakitzeko gaitasuna: «Batzuetan, ez dute beren burua biktima gisa antzematen; profesionalek jardun behar dute», adierazi du Angela Alemany Themiseko kideak. Ildo horretan, emakumeen babesean sakontzea galdegin dute: «Biktimen arriskua neurtzeko sistema nabarmen huts egiten ari da: salaketa jarri duten emakumeek ez dute estatuaren babesik lortu, eta, gero, hil egin dituzte».

Zerrenda publikoa

Harago joan da Clara Campoamor elkarteko abokatu Jose Miguel Fernandez Lopez de Uralde. Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean, aurrekariak dituzten erasotzaileen errolda publiko bat egitearen alde agertu da: «Berdintasunerako urratsa izango litzateke, bizitzeko segurtasunaz eta oinarrizko eskubideez ari baikara». Halako erregistro batek intimitaterako eskubidea urratuko lukeela-eta, Fernandezek gogoratu du Ogasunak zordun handien zerrendak argitaratzen dituela, eta erantsi du halako kasuetan oinarrizko eskubideak daudela jokoan: «Epai irmo batez ari bagara: datu horiek ez dira pertsonalak, publikoak baizik. Emakumeek bizitzeko duten eskubideak gailendu beharko luke kasu horretan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.