Palestinako gatazka

EZTANDAREN AURREKO KALE ITSUAN

Israelen esanetan, Gazan Hamas suntsitzeko iragarria duen lehorreko erasoaren ostean, «bestelako errealitate bat» ezarriko du lurraldean. Tel Aviv zenbait aukera ari da aztertzen, baina horien artean ez dago gatazka bideratuko lukeenik.

Hamasen adar armatuko Al-Qassam Brigadetako militanteak. M. SABER / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun

Israelen eta Gazako milizien arteko azken erasoek bestelako agertoki batera eramango dute Palestinako gatazka. Zalantzez eta arriskuz josita ageri da etorkizun hurbila, baina ziurtasun bat bada analisten artean: Israelek ez du onartuko Hamasek —beste milizia palestinar batzuekin elkarlanean— urriaren 7an egin zuen erasoaren aurreko statu quo-ra itzultzea. «Gaza ez da inoiz itzuliko izan dena izatera», Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallanten esanetan, eta «Hamas ezabatzea» ezarri du helburu Tel Avivek. Horretarako prestatzen ari den lehorrreko inbasioaren ostean zer gertatuko den, «auzi global bat» izango dela aurreratu du Danial Hagari Israelgo armadako kontralmiranteak. Haren ustez, Israelek beste estatu batzuekin eztabaidatu beharko du Gazarekin zer egin. «Amaierarako era guztietako planak dauzkagu». Gatazkak har dezakeen norabidea ez dago batere argi, baina hondamendiari hondamendiak jarraitzen badio, espero daiteke are gehiago gaiztotzea eta, agian, Palestinatik eta Israeldik harago hedatzea.

Gazako errealitatea goitik behera aldatuko duela iragarrita, Tel Avivek zeharka aitortu du azken urteotan zerrendan ezarri duen estrategiaren porrota. Palestinako milizien erasoak agerian utzi du ez dituela lortu haiek nahi zituzten segurtasun baldintzak: Palestinako erresistentziaren ahala mugatzea indarkeria maila onargarri batera; hau da, Israeli erabaki politiko garrantzitsuak harrarazteko ahaletik behera. Baina ez dira nahikoa izan Gazari 2007an ezarritako blokeoa, hark eragindako suntsitze ekonomiko eta soziala, aldizkako bonbardaketak, inteligentzia zerbitzuak eta gizarte kontrolerako teknologia aurreratuak. Israelek azken 50 urteetan jasan duen erasorik handiena izan zen duela hiru aste bere lurretan gertatutakoa —milizia palestinarrek 1.400 lagunetik gora hil zituzten, eta 220 lagun baino gehiago bahitu—.

Gaza blokeatu zuenetik, Israelek operazio militar mugatuak egin ditu zerrendan, Palestinako miliziak ahultzeko. Horietan, talde armatuen azpiegitura batzuk suntsitu ditu, zenbait buruzagi eta miliziano hil, baina Hamas edo beste milizia bat desegiteko erabakimenik gabe. Bidean milaka palestinar zibilen heriotza eragin duten operazio horiei «belarra moztea» deitu izan diote estatu juduko agintariek, adierazteko zenbait urtean behin egin beharreko lan bat dela, miliziak gehiegi indartu aurretik burutu beharrekoa. Halakoak egin zituen 2008an, 2009an, 2012an, 2014an, 2018an, 2019an eta 2021ean.

Bestelako operazio bat

Baina, oraingoan, Israel bestelako inbasio baterako ari da prestatzen. 360.000 erreserbista mobilizatu ditu, eta soldaduak kopuru handitan pilatu Gazaren inguruan. Horrez gain, zerrendaren iparraldea zibilez huste aldera, milioi bat herritarri baino gehiagori 24 orduko epea eman zien hegoaldera lekualdatzeko. Horrela aditzera eman du Gaza hirira eta inguruetara sartuko dela.

Hainbat analista militarrek zalantzan jarri dute, ordea, Israelgo indarrek Hamas suntsitzea lortuko duten. Ohartarazi dute talde islamistaren adar armatu Al-Qassam Brigadek inbasio baterako prestatu dutela beren burua, tankeen kontrako minekin eta tropei segadak egiteko ezkutuko lehergailuekin, eta Hamasek lurrazpiko tunel sare oso konplexu bat duela eraikia. Asteartean askatu zuen bahituetako batek adierazi zuenez, «kilometroak» egin zituzten lur azpian gatibuentzat prestatua zuten tokira heltzeko.

Eta Hamas deseginez gero ere, horrek ez du esan nahi Palestinako erresistentzia desagerraraziko duenik. Gazan hondamendia betikotzen badu —azken hamasei urteetan bi milioi palestinarrentzako baino gehiagorentzako espetxe estali gabe bat izan da—, lur emankorra izango da indarkeria adierazpen gordinagoetarako. Nayib Abu-Warda Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko irakasle eta Nazioarteko Harremanetan adituaren iritziz, «etsaia erradikalizatzen denean, erresistentziak ere berdin egiten du». Haren ustez, «[Israelek] Hamas amaitu dezake, baina konponbiderik ez bada, Hamasena baino erantzun are erradikalago bat sortuko da».

Ikerlari palestinarrak ohartarazi duenez, erasoak eteten ez badira, tentsioak gora egingo du Palestinako gainerako lurralde okupatuetan eta inguruko herrialdeetan ere. «Bihar Zisjordania erradikalizatuko da [urriaren 7ko erasoaz geroztik, gutxienez 110 palestinar hil dituzte han Israelgo indarren eta kolonoen erasoetan]; etzi Jordaniako eta Libanoko errefuxiatu kanpalekuak izango dira. Ez dakigu hemendik hilabetera nola egongo garen».

Ekialde Hurbilean badira adibideak Palestinan gerta daitekeenaren aurrekari izan daitezkeenak, Abu-Wardak ohartarazi duenez. «Ikusi dugu Afganistango inbasioaren ostean zer gertatu zen. Hogei urte eman zituen munduko superpotentzia militarrak bertan, koalizio baten laguntzarekin, eta Afganistango herriaren borrokak erakutsi zuen konponbide politiko bat lortu behar dela». AEBek talibanak kanporatu zituzten boteretik eta Al-Qaedako buru Osama Bin Laden hil zuten, baina Irakeko eta Afganistango gerren testuinguruan sortu zen Estatu Islamikoa.

Hain justu, gertaera horiei zeharkako erreferentzia egin zien Joe Biden AEBetako presidenteak joan den astean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahurekin Tel Aviven egin zuen bileran. Bidenek aitortu zuen AEBek «akatsak» egin zituztela «2001eko irailaren 11ko erasoen ondoren», eta hanka sartze bera ez egiteko eskatu zion Netanyahuri; Hamasen aurka «amorruak itsututa» ez jokatzeko. «Palestinarren gehiengo zabal bat ez da Hamas», nabarmendu zuen. Lehorreko erasoaldirik gabe ere, Israelek 7.700 palestinar baino gehiago hil ditu azken hiru asteotan Gazan egin dituen bonbardaketetan.

Baina arriskua ez da gatazka Palestinan eta Israelen gaiztotzea soilik. Kezka iturri da borrokak Ekialde Hurbileko beste herrialde batzuetara ere hedatuko ote diren. Irango Atzerri ministro Hossein Amir-Abdullahianek mehatxu egin dio Israeli haren kontrako «prebentziozko» eraso batekin, baldin eta Gazan lehorreko erasoari ekiten badio. «Iran ez da begira geldituko», ohartarazi du. Libanoko Hezbollah milizia xiitak —Iranen babespekoa— etengabeko misil trukeak izan ditu Israelekin azken asteetan, Libanoren eta Israelen arteko mugan, baina gatazkan modu zuzenagoan parte hartuko duela ziurtatu du, egoerak hala eskatuz gero. Israelen inbasio batek horretara bultzatuko luke. Sirian ere bada beste fronte posible bat. Iranek talde armatu batzuk babesten ditu herrialdean, eta Israeli misilak jaurti dizkiote handik. Siriako zenbait azpiegitura militarren kontrako erasoekin erantzun du Tel Avivek.

Porrot baten aitortza

Israelek Gazan zer errealitate ezarriko duen, hori da beste gakoetako bat. Tel Avivek ez du argitu, baina eman du pistaren bat. Armadak hiru faseko plan bat duela azaldu du aste honetan. Bonbardaketak eta lehorreko operazioak aurreikusten ditu lehen faseak. Bigarren fasearen helburua aurrekoak utzitako «erresistentzia fokuak» ezabatzea da, «intentsitate baxuagoko operazioen» bidez. Azkenak xedetzat du «Israelek Gazako zerrendako bizitzaren gainean duen ardura kentzea eta Israelgo herritarrentzako segurtasun bestelako errealitate bat ezartzea».

Azken adierazpen horrekin, uler daiteke Israelek uko egiten diola armada berriz Gazan finkatzeari eta zerrenda barrutik okupatzeari, 1967 eta 2005 bitartean okupatu zuen bezala. Aukera hori izan daiteke Israelgo sektore ultraeskuindarren gustukoena, baina zaila litzateke Tel Aviventzat, aurre egin beharko liekeelako kostu ekonomiko handi bati, nazioarteko presio estuagoari eta borrokaldi etengabeei.

Beste agertoki posible bat da Israelek Hamasen azpiegitura nagusiak suntsitzea, ahalik eta miliziano gehiena hiltzea, eta, biktima kopuruak gora egitearekin batera nazioarteko presioa handitu ahala, Gaza uztea. Baina Bidenek ohartarazi bezala, Ekialde Hurbileko azken urteetako gertakariek frogatzen dute ezin daitekeela bakerik espero suntsitu ondoren ahaztuta utzitako eremuetan.

Israelentzako gustuko irtenbide bat izan daiteke Hamas kanporatu eta Gazako kontrola PAN Palestinako Aginte Nazionalak hartzea. Baina zalantza asko daude Mahmud Abbas PANeko buruak edo haren kide batek, erronka onartuta ere, horretarako gaitasuna izango lukeen. PANen agintean den Al-Fatah alderdia Gazatik kanporatu zuen Hamasek, bien arteko borroka gogorren ostean, 2007an, eta haren itzulera ez litzateke barea izango.

Beste aukera bat da Gaza Israeldik eta Zisjordaniatik isolatuta mantentzea, eta zerrendako biztanleen ardura hirugarren estatuen esku uztea. Esaterako, herrialde arabiarren arteko koalizio baten esku. Horiek diruz lagundu izan dute Gaza, Israelek beste erasoaldi batzuetan suntsitutako guneak berreraikitzeko, eta interesa izan dezakete berriro ere ekarpen ekonomikoak egiteko, estatu agintariek zilegitasuna irabazteko erabili ahalko luketelako herritarren aurrean —arabiarren %76k dute Palestinako auzia beren kausatzat—. Baina kontrako efektua eragin ahalko luke Gazaren gobernabiderako akordio batean parte hartzeak, Palestinako herritarren bizi baldintzak modu esanguratsu batean hobetzeko ala auziaren konponbiderako aurrerapausorik ez badakar.

Gazaren errealitatea aldatzera doan honetan, bada aukera Israelek zerrendari ezarri dion erregimena aldatzeko ere; Tel Avivek aitortu ahal izango luke blokeoak, okupazioak eta palestinarren eskubideen urratze sistematikoak ez duela Israelen segurtasuna bermatuko. Baina ezin halakorik espero Netanyahuk eskuin muturrarekin eratu duen gobernuaren eskutik —orain oposizioko Urdina eta Zuria alderdia gehitu da larrialdi gobernu batera—.

Bestalde, nazioartean ez dago borondaterik Israeli presio egiteko, modu eraginkor batean, apartheidaren paradigma baztertu dezan. Eta jakina da horrek ekar dezakeena: palestinarren beste belaunaldi bat hondamendian eta etengabeko gerra egoeran haztea, etorkizunean —hurbilagoan ala urrunagoan— indarkeria bortitzagorako baldintzak jartzea, eta Gaza eta Palestina osoa eztanda baten aurreko kale itsu batera eramatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.