Hizkuntza, helburu beste bitarteko

Gaizka Azkonak eta Tere Belokik hiru urte daramatzate astero elkartzen hitz egiteko, Donostian

Tere Beloki bidelaguna, Gaizka Azkona bidegilea eta Aitziber Gurutzeaga Bagerako kidea, Donostiako Esparru tabernan. JON URBE / FOKU.
Julen Aperribai.
Donostia
2023ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Kide moduan hasi, eta lagun amaitu. Mintzapraktikan aritzen diren askori gertatzen zaie, eta hala gertatu zaie Gaizka Azkonari eta Tere Belokiri ere. Hiru urte daramatzate astero elkartzen hizketan aritzeko Donostiako Amara Berri auzoko Esparru tabernan, kafe baten bueltan. Hirugarren bat ere elkartzen zaie orain, Elena, baina hark ezin izan du joan BERRIAk jarritako hitzordura.

Madrilen jaioa da Azkona, baina familia du Nafarroan, eta, azaldu duenez, aspalditik du harremana euskararekin. Duela sei bat urte hasi zen ikasten, Muskizen (Bizkaia), baina gerora Donostiara aldatu, eta han euskaltegian hasi zen. «B2 maila lortu nuenean, euskara praktikatzeko zerbaiten bila hasi nintzen. Izan ere, etxetik egiten dut lan, eta ez neukan hitz egiteko aukera askorik».

Ikusi gehiago: 7.000 kide ari dira mintzapraktikan, egitasmoa hasi eta 30 urtera

Argi azaldu du Azkonak zergatik eman zuen izena egitasmoan. Eta, hark berea azaldu moduan, Belokiri lehen kolpean galdetu zion zein zen haren motibazioa, hitzordua jarri zuten lehen egunean. «Harrituta geratu nintzen momentuan. Inoiz ez nituen nire arrazoiak hitzetara eraman», gogoratu du Belokik, eta Azkonari zuzendu zaio gero: «Niri barrenak eskatzen dit. Ikusten dut zuek neurriz kanpoko ahalegina egiten duzuela eta gero ez duzuela non aritu. Eta nik ere, azken batean, euskaraz bizi nahi dut».

Funtzio garrantzitsua egiten dute halako espazioek, Azkonaren arabera. «Kalean euskaraz hitz egiten hasteko, segurtasuna behar duzu. Eta, noski, inguru seguru batean hasten bazara, akatsak egitea baimentzen dizuna, askoz errazagoa da». Harreman sarea zabaltzeko zubia da harentzat mintzapraktikaren bidez landutakoa. «Orain ia beti egiten dut euskaraz; bai, behintzat, aukera dudanetan», adierazi du.

«Hesi ikusezinak»

Egon bai baitaude mugak oraindik, dioenez, euskaraz mintzakidea topatzeko. Baina baita bestelakoak ere: «Oraindik hesi ikusezin batzuk badaude. Parkean, esaterako, euskaraz hitz egiten duten gurasoak albo batean egoten dira, eta egiten ez dutenak, beste batean. Badago komunikazioa euren artean, baina, hala ere, bananduta daude». Eta mundu ikuskeran, erreferenteetan eta abarretan ere ikusten du arrakala bi multzoen artean. Bertsolari Txapelketa Nagusia jarri du adibidetzat. «Sekulako gertakaria da, baina batzuek horren berri ere ez dute izan. Ikaragarria da»á

Mintzakideak ez ezik, auzokideak ere badira Azkona eta Beloki, eta auzoko gaiak sarritan izaten dituzte hizketagai, bestelakoen artean. Amara Berri ikastetxeko guraso izan zen Beloki, eta hala da Azkona orain, esaterako. Hain justu, hango guraso elkartean bueltan antolatu zuten auzoan mintzalagunen mugimendua, bere garaian, eta han hasi zen Beloki. «Gerora, Bagerakoengana hurbildu ginen, eta haien dinamikan integratu», azaldu du. Orain, Azkona dago guraso elkartean. Hizkuntzaren auzian kontzientzia handiagoa hartzeko ere balio izan dio horrek. «Euskarari buruzko eztabaidak sortzen dira, eta hor adi egon beharra duzu». Gazteleraren nagusitasuna zenbaterainokoa den, izan ere, ondo barneratua du: «Arrabola bat da gaztelera, zapalgailu bat. Aurre egin beharra dago etengabe; bestela, zapaldu egiten gaitu».

Izan ere, euskaraz jabetzeak ematen du aukera egoera soziolinguistikoaren herrenaz hobeto konturatzeko ere, norbere azalean bizitzeko. Are agerikoagoa egin da kezka, bat-batean, mahai gainera Jose Maria Sanchez Carrion Txepetx-en aipu bat atera duenean Azkonak. «Bai, bai; ikusten duzu hemen zer maila dugun», atzetik Belokik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.