Koronabirusa

Gutxienez 41 pertsona kutsatu dira Asuncion klinikako agerraldian

Langileen artean 35ek eman dute positibo PCR proban, eta pazienteen artean, seik. Gaur-biharretako jarduera kirurgikoa eten du klinikak

Tolosako Asuncion klinika, larunbatean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
jon olano
2020ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Ostiral iluntzean zabaldu zen Tolosako Asuncion klinikan (Gipuzkoa) zerbitzua etetea erabaki zutela, COVID-19aren agerraldi bat zegoela-eta, eta, harrezkero, kutsatuta daudenen kopuruak goraka jarraitzen du. Atzo zortzi, sendagile batek eman zuen positibo, eta, harekin kontaktuan egondakoei PCR probak egin eta gero, hiru kutsatu atzeman zituzten. Astebururako, berriz, 22 ziren kutsatutako langileak, eta bi pazienteak. Atzoko datuen arabera, gutxienez 41 dira PCR proban positibo eman dutenak: 35 klinikako langileak dira, eta gainerako seiak, pazienteak.

Hala ere, positibo eman dutenak osasun onean daude, oro har. Horietako bat artatu behar izan dute erietxean bertan, baina haren eboluzioa ona da, eta gainerakoek ez dute artarik behar izan. Joan den astean, paziente bat hil zen koronabirusak jota.

Badaezpadako neurri gisa, klinikako zuzendaritzak erabaki du gaur-biharretako jarduera kirurgikoa etetea, klinikak berak jakinarazi duenez. Hala ere, espezialitate guztietako kanpo kontsulta guztiak mantenduko dituzte, bai ospitalean, bai Andoaingo, Ordiziako eta Tolosako Belateko guneetan ere. Larrialdietara joaten diren pazienteak ere artatuko dituzte, baina, ospitaleratzea behar badute, Bidasoko Eskualdeko Ospitalera bideratuko dituzte.

Asteburutik ari dira erietxeratu beharra duten pazienteak Bidasoko Ospitalera bideratzen. Klinikako langile batzordeak larunbatean salatu zuen giza baliabideak eta materiala falta zaizkiela. Inma Arroyo batzordeko kideak BERRIAri azaldu dionez, beste erietxeratzerik ez egoteak arindu egin du behargin batzuen lan zama, orain paziente gutxiago dituztelako behargin bakoitzeko. Egoera ez da hobetu, ordea, garbitzaileentzat. Izan ere, arlo horretako langileek berdin garbitu behar dituzte ospitaleko gune guztiak, eta estu dabiltza jendez: bederatzi garbitzaile dira, eta bost konfinatuta daude. Guztira, 350 langile inguruko taldea du klinikak.

Klinikak azaldu duenez, kutsatutako profesional guztiek eta haien zuzeneko kontaktuek konfinatuta jarraitzen dute. Datozen lau asteetan, berriz, astean behin egingo dizkiete testak gainerako langileei eta pazienteei, eta gune guztiak desinfektatuko dituzte. Asteburuan hartutako beste neurri bati ere eutsiko diote: gela bakoitzean paziente bakarra edukiko dute. Bisitarik ezin dute jaso. Neurriok Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin adostu direla eta «lankidetza estuan» ari direla esan du klinikako zuzendaritzak.

Larunbatean, martxa

«Kalitatezko osasungintza publikoa» eskatzeko, manifestazio bat egingo dute Tolosan datorren larunbatean, Tolosaldeko herritar talde batek eta Asuncion klinikako langileen talde batek deituta. 12:30ean abiatuko da martxa, udaletxe aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.