Koronabirusa. Ignacio Garitano. Osakidetzako arakatze sistemaren koordinatzailea

«Martxoko egun zailenetan PCRak orain bezala eginda, 6.000 kasu izango genituen»

Pandemiaren jarraipena egiten ari den lantaldeari esker COVID-19aren transmisioa moteldu egin dela uste du Ignacio Garitano epidemiologoak. Bigarren olatua iritsi dela berretsi du, baina orain askoz positibo gehiago detektatzen direla nabarmendu du.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Espero zuen baino uda gorabeheratsuagoa izaten ari da Ignacio Garitano (Gasteiz, 1975); epidemiologoa da, eta Osakidetzak pandemiaren jarraipena eta kontrola egiteko duen plana koordinatzea egokitu zaio. Salvador Illa ministroak murrizketa berriak iragarri berritan erantzun zien atzo BERRIAren galderei; ontzat jo zituen neurriok: «Birusaren transmisioa eragozteko, hobe da hori egitea, ezer ez egitea baino».

Eusko Jaurlaritzak zergatik ez du orain arte neurri murriztaileagorik hartu?

Esperientzia txikia dugu alor honetan. Ostalaritzarekin lotuta screening bat egin genuen lehen aldian, Ordizian, aitzindariak izan ginen: dei irekia egin genuen, ez genekielako nortzuk ziren, eta oso arrakastatsua izan zen; kasu asko atzeman genituen. Jarduera jakinei lotutako agerraldiak erraz kontrola daitezke horrela. Orain, egoera desberdina da: jendea bizi ia normala egiten ari da, eta gero eta gutxiago dauzkagu jarduera jakinei lotutako agerraldiak, eta gehiago jokabide indibidual orokortuei lotuak; eta screening-ekin horietara heltzea zaila da. Birusak erakutsi digu erraz transmititzen dela fisikoki hurbil gaudenean, eta agerikoa da udako bizimoduak kontaktu fisiko handia eragiten duela lagun, lankide edo senideen artean. Beraz, pertsonak leku itxietan pilatzea eragotziko duten neurriak onak dira. Zergatik ez dira lehenago hartu? Herritar gisa —nik ez baitut erabakirik hartzen—, pentsatzen dut Jaurlaritzak oreka bat bilatu behar duela, osasun egoerari erantzutearen eta ekonomia martxan mantentzearen artean.

Datuei begira, badago transmisio komunitariorik?

Bai, ez dut zalantzarik. Horrek esan nahi du kalean edo lantokian kutsa zaitezkeela, ezagutzen ditugun positiboetatik ez datozen kasuak daudelako.

Eta horrek esan nahi du transmisioa kontrolik gabe dagoela?

Ez nuke halakorik esango. Ideia bat gizarteratu nahi nuke: lehen olatuko eta egungo datuei buruzko grafikoak ikusten ditugunean,eta ohartzen garenean martxoko egun batean 700 kasu izan zirela eta aste honetan 500era iritsi garela, ondoriozta genezake berdin gaudela, baina ez da hala. Lehen, pertsona batek positibo ematen bazuen, harekin bizi zirenei berrogeialdia ezartzen zitzaien, probarik egin gabe, eta gaixotuta ere ez zitzaien proba egiten, sintoma arinak bazituzten. Ez geneukan probak egiteko aukerarik. Orain, aldiz, positibo baten gertuko kontaktu izan direlako etxeratuta daudenak ere diagnostikatzen ditugu. Horiek oraingo grafikoan daude, baina ez zeuden martxokoan. Orain ditugun diagnostiko baliabideekin PCRak egin izan bagenitu orduko egun zailenetan, segur aski 6.000 kasu baino gehiago izango genituen grafikoan, eta ez 700. Beraz, ez gaude martxoan bezala. Ospitaleratzeak dira adierazlerik onenetakoak: ez dauzkagu orduko kopuruak.

Halere, ospitaleratzeak ez al dira gutxitu jende gazteagoa kutsatu delako?

Bai, horrek ere eragina izan du; gazte gehienak gaixo arinak direlako. Baina, gazteek beste adin tarte batzuetakoak kutsatzen badituzte, zaharragoekin martxoko antzekoa gerta daiteke. Halere, egia da badaudela beste diferentzia batzuk: askoz gehiago erabiltzen dugu maskara, eta adinekoek gehiago babesten dute beren burua. Oker naiteke, baina ez dut uste martxoko egoerara itzuliko garenik. Gainera, lehen olatuko kasu errealen grafikoa —kalkuluen arabera, herritarren %5— eta oraingoa marraztuz gero, izugarria da aldea, abiaduran ere bai: martxoko lerroa askoz azkarrago eta gorago igo zen, eta oraingo aldapa leunagoa da. Arakatze sistemak eragin handia du hor: transmisio kateak mozten ari da. Noski, dena ez dago kontrolpean, pandemia baten bigarren olatuan baikaude, baina ez dut uste pandemia kontrolik gabe dagoenik.

Zergatik diozu bigarren olatuan gaudela?

Kasu kopurua gora doalako. Une batez asko murriztu zen, eta gero mailakatuta igo da. Festekin, familia bazkari handiekin eta halakoekin lotuta dago igoera hori. Asko estigmatizatu dira gazteak, eta uste dut birusa transmititzen lagundu dutenen parte bat direla, baina denok jarri dugu gure alea, segurtasun neurriekin erlaxatu garen neurrian. Kontua da itxialdia oso gogorra izan dela, eta gure bizimodua ahalik eta azkarren berreskuratu nahi izan dugu; uste dut astiroago joan beharko dugula. Irakatsi ez diguten gauza bat ikasi behar dugu: birusarekin bizitzen, birusa ia ezdeusa izan arte.

Ez zaude konfinamendua berriz ezartzearen alde. Zergatik?

Konfinamendua muturreko neurri bat da; ikuspegi teknikotik, badakigu eraginkorra dela transmisioa geldiarazteko, baina ondorio oso gogorrak ditu, ekonomian ez ezik, gizartean eta buru osasunean ere: larridura, lana galtzeko arriskuak eragindako ezinegona, lan bikoitza egin behar izan dutenen nekea —osasun langileena—... Inork ez du berriro halakorik nahi.

Halere, erakundeek ez al dituzte kontraesanezko mezuak eman? Batetik, oporretan joan eta turismoa egin daitekeela, eta, bestetik, aisialdia ez dela bateragarria normaltasun berriarekin...

Herritar gisa, erakundeen mezu guztiz kontraesanezkoak ikusi ditut. Leku batzuetan, adibidez, festarik ez da egin, baina bazkariak sustatu dira... Ez dago normaltasunik, eta normaltasun berrian arriskutsua da festak egitea. Denok dugu erantzukizuna: norbaitek uste badu administrazioak pandemiatik babestuko duela, oker dabil; etxetik ateratzen garenean, egun horretan kalean gertatuko denaren ardura dugu. Erdibideak ere badaude: maskararekin egun osoa eman, baina gero zazpi lankiderekin kafea hartu distantzia gorde gabe; hori ez da arduragabea izatea, baina bai erlaxatzea, eta horrek birusa transmititzea errazten du. Gobernua ezin da leku guztietan egon; gizarte heldua izan behar dugu.

Hortaz, nolako bizitza soziala egin daiteke? Illak gomendatu du ahalik eta gutxien egotea etxe berean bizi ez direnekin.

Hori litzateke eraginkorrena, baina uste dut har dezakezula kafe bat zurekin bizi ez den lagun batekin terraza batean, distantzia gordeta. Arazoa taberna barruan ikusten dut nik, leku itxietan; eta badakit problema handia dela taberna txikientzat. Ondo iruditzen zait lau adiskide landetxe batera joatea, baina ez 25. Pertsona kopurua murrizten saiatu behar dugu, baita familian ere.

Nahasmen hori bideratzeko, kontzientziazio kanpainaren bat egin beharko litzateke?

Komunikazio kanpainak oso garrantzitsuak dira epidemietan: neurriek funtzionatzearen edo ez funtzionatzearen arteko aldea eragin dezakete. Gauzak oso ondo azaldu behar dira, baina oso zaila da komunikatzea ezagutza garatzen ari den gai baten inguruan; eta egun, ez dakizkigu gauza asko.

Nola ari da funtzionatzen arakatze sistema? Ezustekoren bat izan duzue?

Segur aski, herritarrek ez dute gure lanaren inpaktua antzematen, baina gure lanak eragin du—babes neurriekin batera, noski— bigarren olatuan birusaren transmisioa moteltzea eta agerraldiak geldiaraztea. Halere, harritu gaitu bigarren olatua hain goiz iristeak: nik neuk uda lasaia espero nuen.

Kutsatze asko izaten ari dira. Zer kopurutaraino egin dezake jarraipena arakatze sistemak? Gainezka egin dezake?

Ez dago horri erantzuterik, hau ez baita inoiz gertatu. Ez dakigulako nola eusten ari zaizkion inguruko arakatze sistemak. Gogoan ditut ekainean Txagorritxun eta Basurtun izandako agerraldiak: estatuan erietxeetan izandako lehenak izan ziren, eta gu sinetsita geunden beste leku askotan ere bazeudela halakoak baina soilik hemen detektatu zela. Ez dugu autokonplazentzian erori behar, baina pozik gaude gure detekzio sistemarekin, lehen arretako lankideak egiten ari diren lanarekin eta gure osasun sistemarekin: sintomak badituzu, auzoko osasun etxean egin dezakezu PCRa; orain ohikoa da, baina ez da erraza, eta ez da leku guztietan gertatzen. Kutsatuen zifrek larridura eragiten dute, baina adierazten dute kasu asko atzematen ari garela.

Edonola ere, arakatzaile gehiago beharko dira?

Orain 250 pertsona ditugu lanean, gehi sarean dauden beste medikuak; ez dakigu zein den zifra egokiena, gomendioak baino ez daude, eta denok ari gara ikasten. Segur aski arakatzaile gehiago behar dira, bai, abuztuan gaudelako eta jendea oporretan dugulako; baina irailean indartu egingo da sistema, jendea itzultzean.

Arakatzaile batzuek esan dute kutsatu batzuk gezurretan aritzen direla. Orokortua da?

Ez, gehienek badakite gai honek eragina duela denon osasunean eta ez dute arazorik bi astez etxean geratzeko. Dena den, pertsona batzuei bizia doakie lanean; beharrezko dute eguneko soldata hori. Eta badira outsider-ak ere.

Nola kontrola daiteke kutsatuek itxialdia betetzen dutela?

Kontrol tresnarik ohikoena telefono deiak dira; beraz, erraza da saihestea. Hurrengo urratsa da segurtasun indarrei laguntza eskatzea: bakartzea ofizialki jakinaraztea lagungarria izaten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.