Espainiako Gorteetarako bozak. Maiatzaren 26ari begira

Ekuazioak ebatzi barik dirau

Adituen arabera, joan den asteko bozen emaitzek «joerak» erakusten dituzte, baina oso zaila da maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan zer gertatuko den igartzea emaitza horietan oinarrituta; gehienek nabarmendu dute datu onak lortu dituztenak «posizio hobean» abiatzen direla.

BERRIA.
gotzon hermosilla
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun

Maria Silvestre Deustuko Unibertsitateko Soziologia irakaslea
«Hauteskundeen emaitzek ez dute zertan baldintzatu hurrengoetakoa»



«Zaila da jakitea Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeen emaitzek nolako eragina izango duten maiatzeko bozetan, hauteskunde hauek oso izaera berezikoak izan direlako: Vox agertu da; hiru eskuinen aliantzaren mehatxua ikusirik, boto progresista, abertzalea eta emakumeen botoa mobilizatu egin da, eta abar. Hori guztia lausotu egiten da udal hauteskundeetan, are gehiago Euskadin, kontuan izanda PPk, Voxek eta Ciudadanosek ez dutela emaitza onik izan.

Beharbada, udal hauteskunde hauetan berriro errepika daitezke lehenago ere udal bozetan agertu diren molde eta joera batzuk. Adibidez, begien bistakoa da udal hauteskundeetan hautagaiaren profila oso garrantzitsua dela.

Beste aldetik, kontuan izanda boto nazionalista eta subiranistak arrakasta handia izan duela Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeetan, eta hauteskunde horietan normalean ez dela horrelakorik gertatzen, hautesleak etxean gelditzen direlako edo botoa estatu mailako beste aukera batzuei uzten dietelako, pentsatzekoa da orain izandako emaitzek ez dutela zertan baldintzatu hurrengo hauteskundeetarako botoa.

Horrek balio du udal hauteskundeetarako, baina beste horrenbeste esango nuke foru hauteskundeei dagokienez. Beharbada, Araban eragina izango du PPko Javier Marotok hautatua izatea lortu ez izana. Horrek ekar dezake aldaketa bat diskurtsoan: jadanik ari gara ikusten PPren diskurtsoa aldatzen ari dela Espainian, eta ikusteko dago horrek Araban zer ondorio ekarriko duen.

Azken bolada honetan asko hitz egin da Iñigo Urkullu lehendakariak Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzeko posibilitateaz. Nik uste dut hori arrazoizko aukera izango litzatekeela Eusko Jaurlaritzak, eta EAJk bereziki, bere jarrera indartu nahiko balu hurrengo aurrekontuak onartu ahal izateko, beste indar politiko batzuen erabakiaren menpe egon behar izan gabe.

Oraingo hauteskundeetan lortutako emaitzek horretarako bidea ematen diete, eta hurrengoetan ere emaitza onak lortuko balituzte -eta hala izango dela dirudi, itxura guztien arabera-, aukera logikoa litzateke hauteskundeak aurreratzea.

Oraingoz, Iñigo Urkullu lehendakariak berak baztertu du hauteskundeak aurreratzeko aukera hori, baina ikusiko dugu udazkenean gauzak nola dauden. Nik ez nuke atea guztiz itxiko: aurrekontuekin zer gertatzen den ikusi beharko da». 

Rafael Leonisio EHUko Zientzia Politikoetako irakaslea
«Irabazleek haizea alde edukiko dute, baina ikusi egin beharko da»



«Hautesleek gero eta gehiago erabakitzen dute botoa unean uneko hauteskunde motaren arabera. Hori begien bistakoa izan zen 2016an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak eta Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeak eta Eusko Legebiltzarrerakoak egin zirenean: Ahal Dugu, lehenengo indarra izan ondoren, hirugarren geratu zen.

Normalean [Espainiako] hauteskunde orokorretan estatu mailako alderdiek abantaila dute alderdi abertzaleen aurrean, jendeak kontuan hartzen duelako zer dagoen jokoan: Espainiako gobernua, alegia. Orduan, boto baliagarria estatu mailako alderdientzat izan ohi da. PSOEri, esaterako, onura ekarri ohi dio horrek, eta 2008koa da adibiderik argiena, PPren kontrako boto baliagarria bildu zuenean.

Hauteskunde hauetan, baina, EAJk eta EH Bilduk ere erabili dute hori, eta haiena ere eskuinaren aurrean boto baliagarria dela adierazi dute. 2008an PSOEk boto nazionalista jaso zuen, 2015ean eta 2016an Ahal Dugu-k ere bildu zuen hautesle nazionalisten boto baliagarri hori, baina oraingoan, eta aurrekariak ezagututa, EAJk eta EH Bilduk bestelako mezua eman dute: «Gu ere erabakigarriak gara, gure botoak ere eskuinak geldiarazten du». Horri esker, lortu dute beste abagune batean PSOEren aldera joango zen botoari eustea, eta, gainera, euren boto emaileak mobilizatu dituzte.

Erkidego gehienetan, ezkerraren blokea eta eskuinekoa parean daude boto kopuruan, eta batzuetan eskuinak boto gehiago ditu. Baina hauteskunde autonomikoetan, hautatze sistema proportzionala da, eta, beraz, ezkerrak ez du izango orain izan duen abantaila: eskuineko blokeak boto gehiago ateratzen badu, bera izango da nagusi. Vox parlamentu askotan sartuko da, haien botoa homogeneo samarra delako. Hau da, egoerak antz handiagoa izango du Andaluzian gertatu zenarekin, oraingo emaitzekin baino.

Hipotesi moduan, logikoena da pentsatzea Espainiako hauteskundeen emaitzak eragina izango duela datozen hauteskundeetan. Irabazleek haizea alde izango dute, eta orain mobilizatuta dagoena hilabete barru ere egongo da. Dena dela, ikusi egin behar da, aldagai asko daudelako. Printzipioz, udal eta foru hauteskundeak alderdi abertzaleen aldekoak izaten dira, eta oraingoak are gehiago, aldez aurretiko mobilizazio batetik datozelako».

Carlos Vilches Soziologoa eta NUPeko irakaslea
«Nafarroan, dena airean da; PSNk zer indar hartuko duen, horra hor gakoa»



«Hain denbora laburrean bi hauteskunde deialdi egotea gauza berria da. Dena dela, historikoki ikusi dugu boto emaileen jokabidea desberdina izaten dela hauteskunde motaren arabera. Udal hauteskundeetan, esaterako, hautagaiak pisu handia dauka; foru hauteskundeetan, berriz, alderdiek garrantzi handiagoa dute.

Badago beste fenomeno bat, gero eta nabarmenago agertzen ari dena eta igaro berri diren hauteskundeeetan oso deigarria izan dena: boto emaile batzuek gero eta beranduago erabakitzen dute nori emango dioten botoa, horietako askok hauteskunde egunean ere bai. Jakina, beti hautatzen dute alderdi gutxi batzuen artean, edo bloke berean dauden alderdien artean, baina egia da azken momentura arte atzeratzen dutela erabakia. Kanpainaren eraginaz ere asko hitz egin da: badirudi kanpainak eragin handia izaten duela hautesleen erabakietan, baina Nafarroan hori ez da hain agerikoa.

Aurreko hauteskundeek joera markatzen dute, baina, seguru asko, zenbait alderdi zehatzetan aldaketak egongo dira.

Beste aldetik, ikusteko dago zer eragin izango duen Vox alderdi berriak Nafarroan hain nabariak diren bi blokeetan: aldaketaren alde egin duten indarrak, eta eskuinekoak.

Lehia horretan, aldagai garrantzitsu bat dago: PSNren indarra. PSOEk indar handia hartu du orain, baina, seguru asko, PSN apur bat jaitsiko da, historikoki beti izan duelako joera hori, foru hauteskundeetan Espainiakoetan baino boto gutxiago biltzea, alegia. Sanchezen lidergoak garrantzi handia izan du, eta oraingoan ez da hainbesterako izango.

Navarra Sumari dagokionez, uste dut UPNk ongi jokatu duela, azken bolada honetan botoak galtzen ari zelako, eta Yolanda Barcinak eta Miguel Sanzek izandako lidergo sendoa Javier Esparzak ez daukalako. Hortaz, elkartu egin dira beste indar batzuekin, D'Hondt legeak ematen dituen erraztasunak baliatzeko, nahiz eta jakin boto gutxiago jaso zitzaketela. Eta hala izan da, 20.000 boto inguru galdu dituztelako. Baina indarrak hain parekatuta egonda, hor PSNren rola baitezpadakoa izango da. Oso irekita dago dena.

Elkarrekin Podemosekin zer gertatuko den ere ikusteko dago. Mundu guztiak aurreikusten zuen boto galera handia nozituko zuela, eta azkenean ez da hain handia izan.

EH Bilduk ere eutsi egin dio, eta Geroa Baik, botoak galdu arren, oso lidergo indartsua du Uxue Barkosen hautagaitzarekin, eta nik uste dut horiek berreskuratzeko moduan egon daitekeela. Hori guztia kontuan hartuta, nik uste dut oso zaila dela aldez aurretik ezer jakitea: seguru asko, laster argitaratzen hasiko diren inkestek zantzuren bat emango digute».

Arkaitz Fullaondo Soziologoa EHUko irakaslea
«Oraingo bozetan, boto emaile abertzaleak ere mobilizatu egin dira»



«Ezer baino lehen, nabarmendu behar da hautesle mota desberdinak daudela. Alderdi jakin batzuetan, EAJ eta EH Bildun esaterako, hautesle asko eta asko oso finkoak dira, eta ez dute aintzat hartzen beste inori botoa emateko aukera: gehienez ere, abstentziora jo dezakete. Gero, badago beste multzo aldakorragoa, boto taktikoa egiten duena: hauteskunde motaren arabera erabakitzen du botoa bati edo besteari ematea.

Hala ere, uste dut oraingoan emaitzek eragina izango dutela hurrengoetan, jada esparru bat ezarri delako: garaile atera diren alderdiak posizio hobean doaz.

Horrek ez du esan nahi datuak automatikoki errepikatuko direnik, baina ez da gauza bera PPri gertatu zaion moduan hondamendi batetik abiatzea eta hilabete batean horri buelta eman nahi izatea, edo testuingurua alde edukitzea.

Historikoki, estatu mailako alderdiek emaitza hobeak izan dituzte Espainiako hauteskundeetan, eta bertokoetan, berriz, Euskal Herriko alderdiak hobeto ateratzen dira, euren hautesleak hobeto mobilizatzen dituztelako.

Oraingoan, berezitasun bat egon da: hautesle abertzaleak ere mobilizatu egin direla, alegia. EH Bilduk, esaterako, boto gehiago lortu ditu, baina, horretaz gain, Nafarroan oso boto gutxi falta izan zaizkio diputatua ateratzeko, eta Araban PPren Javier Maroto kanpoan utzi du, kualitatiboki oso garrantzitsua dena. Beraz, badago halako garaile sentimendu bat, are gehiago kontuan hartuta aurreko hauteskundeetan EH Bilduk oso emaitza txarrak izan zituela.

Sentsazioa dut EH Bildu hasi dela bilakatzen teorizatu zen EH Bildu hura: diskurtso askotariko indarra, poliedrikoa baina aparteko kontraesanik gabe, eta gobernatu nahi duen alderdi baten estrategiarekin.

Beste aldetik, EAJ dugu, garaile izan dena, asko igo dena, eta, hortaz, posizio hobean aterako dena.

Estatu mailako alderdiei dagokienez, Elkarrekin Podemosen kasuan emaitzak espero baino hobeak izan dira, baina nik uste dut EH Bildurekin partekatzen dituen hautesle horien ehuneko handi bat EH Bildura itzuliko dela udal eta foru hauteskundeetan.

Gakoa da PSE-EErekin zer gertatzen den: orain emaitza onak izan ditu —ez Espainiako Estatuan bezain onak, halere—, eta ikusiko dugu zenbateraino baliatzen duen olatua. EAEn badu arazo bat, alegia, jende askok identifikatzen duela EAJren makulu gisa, eta EAJk hartzaren besarkada egin diola.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskundeak aurreratzeari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak karta hori joka dezake, eta mehatxu gisa erabil dezake, EAJk bereziki.

Izan ere, gobernua gutxiengo batek sostengatzen du eta haren gabeziak agerian geratu dira, baina beharbada hurrengo aurrekontuak onartzerakoan PPren botoa lortzea ez zaie hain zaila izango: bolanteari kolpea eman diote jada, eta agian interesatuko zaie aurrekontuak onartzea; izan ere, ni ziur nago Alfonso Alonsok aurrekontuak onartu nahi zituela, baina Madrildik ez ziotela utzi».

Estitxu Garai EHUko irakaslea eta komunikazioan aditua
«Boto abertzaleen batura maximo historikoetan egon daiteke»



«Nahiz eta hauteskunde zeharo ezberdinak izan, hain tarte laburra egonda batetik bestera, argi dago egin berri diren hauteskundeek eragina izango dutela hurrengoetan. Oro har Espainiako Kongresurako eta Senaturako hauteskundeek Espainiako Estatuko alderdiak indartzen dituzte, eta hori zen beldurra. Oraingoetan, ordea, ezberdina izan da, PPren emaitzak oso txarrak izan dira eta Elkarrekin Podemosek boz asko galdu ditu. PSOE izan da emaitza onak atera dituen alderdi estatala, baina ez alderdi abertzaleen kaltetan, bai EAJk eta baita EH Bilduk ere oso emaitza onak lortu baitituzte.

Joera hori ikusita, uste dut udal eta foru hauteskundeetan alderdi abertzaleen bozken batura maximo historikoetan ibiliko dela, eta baliteke inoizko gehien izatea ere. Europakoetan ere ondo ibiliko dira, EH Bilduk proposamen indartsua du Orain Errepublikak-en baitan ERC eta BNGrekin.

Azkenik, analisi guztiek Nafarroa Garaian gauzak oso estu ibiliko direla dioten arren, Navarra Sumaren baitako alderdiek botoak galdu dituzte; EH Bilduk eta Geroa Baik, berriz, irabazi.

Ziurrenik, Elkarrekin Podemosen galerak ez du etenik izango datozen hauteskundeetan, eta boz horiek PSOE/PSE/PSNra ez ezik alderdi abertzaleetara ere joatea gakoetako bat izango da, bai Nafarroako aldaketaren lauko gobernuari eusteko, baita Hego Euskal Herri osoan ere. EH Bilduk du hor erronka, batik bat.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hauteskundeak aurreratzeko aukeraz, egia da, igaro berri diren hauteskundeen emaitzak ikusita, tentazio hori izan dezakeela EAJk, bai euren alderdiak eta baita gobernu bazkide duten PSOE/PSEk ere oso emaitza onak lortu baitituzte, eta joera hori mantenduko balitz bien artean gehiengo osoa lortzeko aukera izango luketeelako, orain ez bezala.

Era berean, ez dut EAJ ikusten beste aurrekontu batzuen luzapena ematen, eta baliteke ataka horretatik pasatu aurretik hauteskunde aurrerapena nahiago izatea.

Halere, ez nuke baieztatuko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurten izango direnik, legegintzaldian lau urte egin beharrean hiru urte bakarrik egiteak ahultasuna adierazten baitu.

Guztia aztertuta, uste dut aurreratu daitezkeela, baina ez aurten, baizik eta 2020. urtearen hasierara».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.