Brasil. Eskuin muturra Latinoamerikan

Muturrarekin dantzan

Jair Bolsonaro Brasilgo presidentegaiaren arrakastak ultraeskuinaren beldurra haizatu du Latinoamerikan. Eskuinaren eredurik gogorrenek lorratz sakona utzi dute herrialde anitzetan; bertzeak bertze, diktadura militarren bidez.

Muturrarekin dantzan.
mikel rodriguez
2018ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Latinoamerikako herrialde gehien-gehienen ezaugarria izan da eskuinaren eta ezkerraren arteko polarizazioa, eta gatazka horretan azaleratu dira eskuinaren adibiderik muturrekoenak. Gerra Hotzean (1945-1991) AEBen babesarekin gailendu ziren diktadura militarrak dirahorren adibiderik argiena. Azken urteotan, berriz, hainbat herrialdetan gobernu aldaketak gertatu dira ezkerretik eskuinerantz, eta adituek eztabaidagai dute Latinoamerika osoan aro baten bukaera eta bertze baten hasiera adierazten ote duen. Brasilen Jair Bolsonaroren hautagaitzak izan duen arrakasta bizkorrak eskuinaren bertsio muturrekoena lehenbiziko lerrora ekarri du berriz ere.

Bolsonarok presidentetza lortzeko aukera handia izatea fenomeno global baten adierazletzat azaldu da maiz. Hau da, Europan eskuin muturreko alderdiek eta joerek izan duten hazkundearen eta AEBetan Donald Trump presidente errepublikanoaren muturreko mezuen arrakastaren fenomeno berean kokatu da. «Zuhurtzia handia izan behar da konparazioak egitean», zehaztu du Pedro Brieger soziologoak. Nodal webgunearen zuzendaria da, soilik Latinoamerikako eta Karibeko gaiak jorratzen dituen Interneteko lehenbiziko hedabidearena. Briegerrek ezberdintasun erabakigarriak ikusten ditu Latinoamerikako eta Europako testuinguruen artean. Hiru nagusi aipatu ditu: neoliberalismoaren aurkako mugimenduen eragina, muturreko pobrezia eta indarkeria.

«Kontuan hartu behar da Latinoamerikan azken hamabortz urteotan neoliberalismoa kolokan paratu duten herri mugimenduak egon direla, eta Europan ez da inondik ere halakorik gertatu». Pobreziari eta indarkeriari dagokionez, Briegerrek argi du Latinoamerikako egoera ezin dela konparatu Europakoarekin. «Bada jendea ez duena egunero jaten. Eta indarkeria indizeak izugarri handiak dira; ezin dira konparatu, errate baterako, Hungariako, Errumaniako edo Poloniako hirietakoekin».

Magdalena Broquetas historialariaren arabera, eskuin muturra aipatzean normalki «indarkeriarekin zerikusia duten jarrerak aipatzen dira, Europako alderdi faxistekin zerikusia duten mugimenduak». BERRIAri azaldu dionez, Latinoamerikako hainbat herrialdetan halakoak sortu ziren 1930eko hamarkadan, baina gaur egun zalantzak ditu definizio zehatzak egitean. «Zaila da eskuin muturraz homogeneoki mintzatzea. Brasilgo kasuan, Bolsonarok ez du alderdi batekin edo mugimendu batekin zerikusirik. Outsider baten lidergo bat dirudi, nahiz eta egiaz ez den outsider bat, sistemaren barrenetik heldu baita, diputatu bat delako. Diskurtsoa eskuin muturreko elementuz beterik dauka, baina konplexuagoa da».

Diktaduren «birfundazioa»

1990ean, Augusto Pinochet jeneralak boterea utzi zuen Txilen. Aro baten azkena ezarri zuen horrek: Gerra Hotzeko diktadura militarren aroarena. «Historialari latinoamerikanistek erran ohi dugu 1960ko eta 1970eko hamarkadetako diktadurak ez direla cuartelazo soilak», azaldu du Broquetasek —militarrek gustuko ez duten gobernu bat eraistea da cuartelazo-a—. «Birfundazio proiektu bat zuten diktadurak ziren, gizartea berriz ordenatu nahi zutenak». Hego Amerikako sei herrialdetan ezarri zituzten halakoak —Kondor plana erran zitzaiona—, eta Erdialdeko Amerikan ere gobernu militarrak gailendu ziren urte anitzetan. Guztiek ezaugarri komun bat zuten: bat egin zuten AEBek Latinoamerikako ezkerra suntsitzeko sustatu zuten estrategiarekin. Broquetasek dio diktadura horiek «militarren eta zibilen arteko aliantza heterogeneo bat» izan zirela. «Zibilen artean, gehienbat, teknokratak, liberal-kontserbadoreak, katoliko batzuk eta, proportzio txikian, eskuin mutur nazionalistetako kideak zeuden».

Briegerren ustez, aro hori erabakigarria izan zen Latinoamerikako eskuinen bilakaera ulertzeko. «Eskuin kontserbadore tradizionalek babestu egin zituzten Guatemalan, Argentinan, Txilen, Uruguain, Brasilen eta bertze toki batzuetan milaka pertsona desagerrarazi, hil eta torturatu zituzten kolpe militarrak». Herrialdez herrialde diktaduren legatua ezberdina dela azaldu du Nodal-eko zuzendariak. «Txilen, eskuin osoa Salvador Allenderen aurka artikulatu zen [1973], eta diktaduran aurkitu zuen bidea. Hori ez da Argentinaren kasua, peronismoa zegoelako, fenomeno berezi bat». Horregatik, Argentinan «zigor eredugarri bat» ezarri zitzaion diktadura zuzendu zuen junta militarrari, eta gaur egun ez dago erregimen horren legatuaren jarraitzailetzat jotzen den alderdirik. Brasilen, ordea, Bolsonarok erregimen militarraren gorazarre argia egin du, eta Briegerrek oroitarazi du Brasilen ez zirela epaitu diktadurako krimenak, eta demokratizazioa ekarri zuen konstituzioak (1988) «aparatu militarraren marka argia» duela.

Aro neoliberala

1990eko hamarkadan, bertze aro batean sartu zen Latinoamerika. «Eskuinak modu neoliberalago batean makilatu ziren», azaldu du Broquetasek. «1960ko hamarkadan ez bezala, oro har, ez zen eskuinaren eta demokraziaren arteko dibortzio hori gertatu. Joko arau ezberdinak zeuden, estatuaren erreforma handiak egin ziren, segurtasun sozialaren eta lanaren erreformak, enpresa publikoak suntsitu... XXI. mendearen hasierako gobernu aurrerakoien olatua eragin zuen horrek». Broquetasen arabera, eskuinik muturrekoenak ez zuen «berea adierazteko espaziorik» eduki aro neoliberal horretan.

Briegerrek, berriz, oroitarazi du 1990eko hamarkadan demokratikoki aukeratutako gobernuen aitzinetik diktadura gehienek politika neoliberalak ezarri zituztela. «Gehienbat, Txilen eta Argentinan, ez horrenbertze Brasilen». Latinoamerikako herrialderik handienean industriaren zati handi bat estatuaren kontrolpean mantendu zuten, «ezker-eskuin pribatizatzen hasi beharrean». Orain, ordea, aldaketa argia ikusten du Bolsonarorekin. «Haren eskuin eskua [Paulo Guedes] muturreko neoliberal bat da; dena pribatizatu nahi du, eta helburua da langile mugimenduak, sindikatuek eta herri mugimenduek hamarkadatan irabazi dituzten eskubideak suntsitzea». Briegerren iritziz, Latinoamerikako eskuin muturrak gaur egun «guztiz neoliberalak» dira. «Ez dago Europan Marine Le Penek eduki lezakeen diskurtso nazionalista horren antzekorik».

1990eko hamarkadako olatu neoliberal hori baino hamarkada batzuk lehenago, bertze fenomeno bat sortu zen Latinoamerikan, izaera erlijiosokoa, eta gaur egun nabaria da hartu duen tamaina handia: eliza protestante ebanjelikoen fenomenoa da. Briegerrek dio «berebiziko» garrantzia dutela muturreko ideia kontserbadoreak zabaltzeko. «Europan ez dagoen fenomeno bat da. Gizartearen sektore pobreenetan zentratzen dira, eta salbazioa norbanakoarena, pertsonala dela zabaltzen dute». Brasilen duten eraginak «alderdiei gain hartzen die», eta Bolsonarok ebanjelikoen babesa bilatu du.

Broquetasen arabera, ebanjelikoen eragina herrialde anitzetan sumatu da «eskubideen agenda erran zaionaren aurka egiteko». Emakumeen eskubideen aldarrikapenen, sexu berekoen ezkontzen, gutxiengoen eskubideak onartzeko legeen, marihuanaren legeztatzearen eta halako neurrien aurka egin dute. Bere herrialdearen adibidea paratu du Broquetasek. «Uruguaik tradizio laiko handia du, baina harrigarria da ikustea azken hamabortz urteotan zenbat garatu diren mugimendu horiek; anitzetan, Brasilgoen eraginez: abortuaren aurkakoak eta familiaren aldekoak omen diren horiek, edo Uruguain Ez zaitez sartu nire seme-alabekin izena hartu duen bertze bat, gobernuak Hezkuntzan sexu heziketarako gidak aldatu izanaren aurka erreakzionatu duena».

Bolsonaroren eragina

Inkesten arabera, Bolsonaro faborito argia da gaur hauteskundeak irabazteko. Briegerren ustez, goiz da errateko haren hazkundea eredu bat izanen ote den Latinoamerikako eskuinentzat. «Ezin da hain argi errepikatu Brasilgo egoera. Lehenbiziko, irabazi egin behar du, eta, gero, gobernuan zer eginen lukeen ikusi beharko litzateke». Baina badauka susmo bat, Bolsonaro ez ote den «Latinoamerikako eskuinek bultzatu duten bertze fase bat, ezin dituztelako herri mugimenduak suntsitu».

Uruguaik muga egiten du Brasilekin, eta Broquetasek jada nabaritu du Bolsonaroren eragina. «Alderdi batzuek beren diskurtsoa eskuinerago mugitzeko baliatu dute, duela bi urte erranen ez lituzketen gauzak errateko, ondoan baitute behin-behinean herritarren %50en baino gehiagoren babesa duen norbait».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.