Bigarren graduan, 50etik gertu

Espainiako Estatuan gaur egun 45 euskal preso dauzkate erregimen arruntean, espetxe onuren bidea jorratzeko aukerekin. Hala ere, oraindik hiru laurden daude lehen graduan

enekoitz esnaola
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Hilabete eta erdi barru urtebete beteko da Espainiako gobernu berriak (PSOE) «bestelako» espetxe politika bat agindu zuela. Egoera ez da bestelakoa, baina egon dira mugimendu jakin batzuk. Adibide bat: orain ia 50 euskal preso daude bigarren graduan, BERRIAk asteon estatuko espetxe iturrien bidez jakin duenez; beraz, onuren bidea modu garrantzitsu batean lantzeko aukera bat zabaldu da. Zehazki, 45 euskal preso daude bigarren graduan —erregimen arruntean—, %20. Iazko ekainean Pedro Sanchez gobernuburu jarri zenean, hogei inguru zeuden egoera horretan. Geroztik, publikoki jakin denez behintzat, Espainiako Espetxe Erakundeek 26 bigarren gradu eman dituzte. Bitartean, erregimen arruntean zeuden edo horretara pasatu izan dituzten dozena erdi bat preso libregeratu dira, zigorra osorik beteta.

Kartzeletako tratamendu batzordeak urri bukaera aldera hasi ziren euskal presoekiko jarrera irekiagoa erakusten, eta, kazeta honek abenduan argitaratu zuenez, EPPK-ko 27-30 kideri azaldu zieten lehen gradutik bigarrenera pasatzeko proposatuko zietela EIIN Espetxe Erakundeetako Idazkaritza Nagusiari. Aurreikus zitekeen hilabete gutxirabigarren graduan 50en bat preso egongo zirela. EPPK-k 2017ko udan zabaldu zituen hausnarketako ondorioak, eta kideek —nahi zutenek— ondoren hasi zuten kartzela legedia jarraitzeko bidea. Hala ere, Madrilek duela urte erdi bat arte sistematikoki ukatzen zien bigarren gradua. Espetxe iturrien esanetan, ETAren bukaera izan da funtsezko aldaketa.

Gradu progresioak EIIN ari da ahalbidetzen, ez epaileak. Udazkena aurretik Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzara iritsitako 70en bat kasuetatik ia den-denetan ezezkoa izan da erantzuna. Badira beste 40-45 kasu ebazteko.

Jesus Loza gobernuaren EAEko ordezkariak azaldu izan du «dagoeneko modu inportantean» ari dela garatzen bigarren gradurako bidea. Espetxeetako Instituzioek erregimen arrunterako pasoa onartu ondoren eman ohi dutelekualdatze —gerturatze— agindua. Azken berria, martxoaren 18koa da: Idoia Martinez, Unai Lopez de Okariz eta Oier Urrutiaren kasuak —Martinez hurbiltzeke dute—. Beste batzuei iragarria diete bigarren gradua, baina oraindik ez dira gauzatu edo publiko egin. Lehen graduan %75 daude.

EIINk urte hasieran zioten ia ehun euskal preso ari zirela legedia jarraitzen: gradu aldaketa eskatzen, kartzelako lanak egiten eta hango programetan parte hartzen. Duela hiru aste El País-ek argitaratu zuen ia 120 zirela jadanik. Espetxe iturrien aste honetako datua da 223 euskal preso daudela egun —ia %95, EPPK-koak dira—. Angel Ortiz EIINko idazkari nagusiak esana du gradu progresiorako aintzat hartzen ari direla presoaren delitu mota, zigorra nolakoa den eta betetze maila, eta jarrera.

Biktimen protesta bakarra

«Albisterik onena da ez dagoela albisterik», dio Ortizek. Ezer egin aurretik, ETAren biktimen elkarteak informatu dituzte. Madrilek iazko azarotik aurrera egindako gradu aldaketek ez dute eragin haien kexarik. Eta lekualdatzeei dagokienez, kasu batek baino ez du sortu haserrea: Sergio Polorenak. Etxerat elkarteak azaroaren amaieran jakinarazi zuen Algecirasko (Andaluzia) kartzelatik Herrerakora (Ciudad Real,Gaztela eta Leon) lekualdatu zutela. AVT elkarteak gerturatze moduan hartu zuen, nahiz eta Herrerako espetxea Euskal Herriko erdigunetik 600 kilometrora dagoen, eta urte hasieran deitoratu zuen biktimen elkarteak abisatu gabe egin zela mugimendua. Gobernuko instantziek zioten eritasun bat duela Polok eta haren datuakbabesteagatik egin zutela lekualdatzea modu hartara, baina Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak azkenerako barkamena eskatu zuen elkarteei aurrez informazioa ez emateagatik.

Bigarren graduko presoetatik, 38 EPPK-koak dira, hiru Langraiz bidekoak eta beste bi kide ez daude inongo taldetan. Espetxe iturrien datuak ikusiz, badira beste bi kide erregimen horretan —Madrilek ez du izenik jakinarazten—; horrela ateratzen da 45eko zifra.

Estatuan hirugarren graduan bi euskal preso baino ez dituzte, aurrenekoan 170 inguru eta dozena erdi bat behin-behinean daude. Euskal gehiengo sindikala eta politikoa lehen graduaren amaiera ari da eskatzen. Presoek, erregimen itxi horretan egonik, ez dute espetxe onuretarako aukerarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.