Albistea entzun

GEURE KONTU

Errusiatik, maitasun gutxiz

Nord Stream eraiki duten langileak, gasbidea amaitu dutela ospatzen.
Nord Stream eraiki duten langileak, gasbidea amaitu dutela ospatzen. AXEL SCHMIDT Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2021eko irailak 26

Udazkena hasi besterik ez da egin, eta neguari buruzko kezka zabaltzen ari da Europan. Nahiko gas izango al da etxeak berotzeko eta argindarra sortzeko? Noraino iritsiko dira prezioak gas eskasia baldin badago? Galdera horien erantzuna nahi duenak badu eskutitza nori zuzendu: Vladimir Putin, Kremlin jauregia, Mosku, Errusia. Baliteke erantzuna gustukoa ez izatea, Errusiak gasa bidaltzen baitu, baina maitasun handirik ez.

Gasaren prezioak duela urtebete baino %440 handiagoak dira Europan. Horien eskutik garestitu da argindarra udan, eta horien eskutik puztuko dira hemendik aurreragoko gas fakturak ere, berogailuek lozorroa utzi eta lanean hasten direnean.

Gasaren prezioa jaisteko —eta horren ondorioz argindarra ere merkatzeko—, gauza bat ziurtatu behar da lehenik: nahiko gas izango dela. Gaur-gaurkoz, ez dago hain garbi. Europako gas biltegiak ohi baino hutsago daude, 2021eko negua luzea izan zelako, eta udako hilabeteak ez direlako baliatu erreserbak betetzeko. GNL gas natural likidotua erosteko lehia handia da arrazoi bat, baina baita gas hornitzaile nagusiak, Gazprom Errusiako konpainiak, ez duela nahi izan ere. Erabaki horren atzetik Putinen esku beltza ikusten dute askok, eta ikerketa bat eskatu dute Europako Legebiltzarreko 40 bat kidek.

Errusiak, bestalde, EBri berari egotzi dio errua, merkatu liberalizatua bultzatu duelako, epe luzeko kontratuen kaltetan. Merkatu horretan, edozein arazok eragiten du gasaren prezioa bizkor igotzea.

EBk IEA Nazioarteko Energia Agentziaren laguntza jaso du aste honetan: «IEAk uste du Errusiak gehiago egin dezakeela Europari gas gehiago hornitzeko […] Errusiarentzat aukera ona da hornitzaile fidagarria izan daitekeela erakusteko».

Errusia, lehenik

Gazpromeko buruek beren burua defendatu dute esanez luzerako kontratuak bete dituela, eta inork ez dio kontrakorik leporatu. Baina Europako biltegiak betetzea ez den lehentasun bat izan du Gazpromek azken hilabeteetan: Errusiako gas erreserbak betetzea. Neguaren bukaeran, %16 baizik ez zeuden beteta, ohikoa den %35-40 baino nabarmen gutxiago. Urrian ere horretan arituko dela iragarri du, eta azaroan, dena ongi badoa, hasiko dela sobran duen gasa Europara igortzen.

Bere herritarren hornidura hobestea logikotzat jo daiteke, nahiz eta Europara saltzen duen gasarekin etekin handiagoa lortzen duen, are gehiago orain. Baina nahiko arrazoi daude auzitan jartzeko Gazpromen erabakien atzean soilik zerbitzu publikoaren defentsa dagoela. Gazpromek lotura estu-estuak ditu Kremlinekin, gasa joko geopolitikaren parte da, eta Moskurentzat, gasa da Mendebaldearen aurrean bere burua potentzia gisa aldarrikatzeko armarik potenteena. Bereziki, Europako Batasunaren aurrean, haren gas horniduraren %40 datorrelako Errusiatik —ez, ordea, Euskal Herrira, batez ere Aljeriako gasa eta AEBetatik datorren gas natural likidotua erabiltzen baititu—.

Gasaren arma izaera argi erakusten du Nord Stream 2 gasbideak. Errusiak baditu gasa Europa erdira eta mendebaldera eramateko beste bide batzuk —Brotherhood eta Sojuz Ukrainatik, eta Jamal Poloniatik—, baina beste bat egin du, Itsaso Baltikoaren azpian, Alemaniara zuzenean eramateko, eta, batez ere, bere orbita utzi duten herrialdeak zigortzeko. AEBen presioa gainditu ondoren, Nord Stream 2 bukatu berri dute, eta Alemaniako erakundeen oniritzia behar dute gasa zirkulatzen hasteko. Eta zer hoberik prozesua azkartzeko gas eskasiaren beldurra baino?

Nord Stream 2ri esker, EBra gas esportazioak handitu ditzakeela azaldu du Errusiak, eta iragarri du keinu gisa aztertzen ari dela Gazpromek esportazioan duen monopolioa hautsi, eta Rosneft konpainiari ere baimena ematea gasa esportatzeko; Nord Streamen bidez, noski. Baina, aldi berean, ia hutsik ditu beste gasbideak: Jamalek eraman dezakeen gasaren heren bat bakarrik garraiatuko du urrian, eta Ukrainakoak erdi hutsik ditu.

Europak badu beste arazo bat: Errusiak gero eta gas gehiago bidaltzen du Turkiara eta Asiako beste herrialde batzuetara, han ere ikatza erretzen duten zentral termikoak bidea egiten ari baitzaizkie gasa erabiltzen dutenei. Txinarako esportazioak hirukoiztu egin dira, eta joera horri jarraituko diote aurrerantzean,

CO2 isurketa eskubideak

Gasaren eta argindarraren garestitzeak urduri jarri ditu Europako Batasuneko gobernuak, eta horren erakusgarri da CO2 isurtzeko eskubideei buruz aste honetan izan den eztabaida. Green Deal-en barruan, Batzordeak proposatu du autoen erregaiari eta etxeetako eta bulegoetako gasari ere karbono eskubideak ordainaraztea. Horren helburua da gasarekiko menpekotasuna gutxitzea, eta energia berriztagarriak erakargarriagoak egitea.

Baina, berriztagarriak eta auto elektrikoak erabat nagusitu bitartean, erregai fosilak ezinbestekoak dira, eta gasaren eta gasolinaren garestitzea arazo sozial eta politiko latza bihur daiteke. Jaka horien matxinada buruan dute agintariek, eta horrek CO2 isurketa eskubideen hedapena tiraderan uztea ekar dezake —edo Batzordearen proposamena urardotzea—. Hori eskatu dutenen artean daude Espainiako eta Frantziako gobernuak. Ez zaizkie aliatuak faltako. Eurostaten 2019ko inkesta baten arabera, EBko herritarren %7k diote ezin dituztela beren etxeak bero mantendu, baina %30 dira Bulgarian, %27 Lituanian, %21 Zipren, %19 Portugalen...

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Ignacio Sanchez Galan Iberdrolako burua Unai Rementeria Bizkaiko diputatu nagusiarekin, aurreko eguneko ekitaldi batean. ©LUIS TEJIDO / EFE

LABek salatu du EAJk «lotsagabeki defendatzen dituela» enpresa elektrikoak

Xabier Martin

Iberdrolaren «xantaia» agerikoa dela uste du sindikatu abertzaleak, «eta baita euskal patronalaren lankidetza ere» estrategia horren alde

EHNEko, harategietako eta Jaurlaritzako ordezkariak, gaur, proiektuaren aurkezpenean. ©EHNE

Ekoizle txikien produktuen banaketa errazteko proiektu pilotu bat hasi dute

Julene Frantzesena - Urola Kostako Hitza

Gipuzkoako EHNEk, Ederto harakinen taldeak eta Gipuzkoako hainbat ekoizlek eta harakinek Azpeitian aurkeztu dute egitasmoa gaur, ostirala. Gaurtik aurrera, Gipuzkoako hamabost saltokitan 11 ekoizleren askotariko produktuak eskuratu ahal izango dira.

Zerbitzuen sektorean hasi da gehien okupazioa. ©Gorka Rubio / Foku

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako langabezia tasa %8,9ra jaitsi da

Irune Lasa

2010. urtera egin behar da atzera horren tasa txikia ikusteko. Hirugarren hiruhilekoan15.900 langabe gutxiago daude bigarrenean baino. Okupatuen kopurua handitu egin da, 9.300 pertsonatan.

Jokin Perona eta Jabier Larrañaga, 2019an, Ticket Bai sistema aurkeztu zutenean. ©Gorka Estrada / Efe

Gipuzkoak beste sei hilabetez atzeratu du Ticket Bai sistema

Iker Aranburu

Derrigorrezkotasuna 2022ko uztailaren 1ean hasiko da, eta ez urtarrilean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.