Jaurlaritza «mugitzeko prest» dago aurrekontuak aurrera ateratzeko

Gobernuak 371 milioi eurora mugatu du heldu den urterako gastu hazkundea. Azpiazuk zehaztu du borondatea dutela gai guztiei buruz hitz egiteko, baita DSBEarekin pentsio gehiago osatzeaz ere

Ivan Santamaria -

2018ko urriak 24
Eusko Jaurlaritzak badaki zaildu egin zaiola hurrengo urterako aurrekontu proiektua aurrera ateratzea. Orain arte bidelagun izan du PP, baina aukera hori urrunduz doan neurrian, ezinbesteko zaio beste aliaturen bat limurtzea. Hala ulertu behar da aurten inoiz baino lehenago aurrekontuei buruzko elkarrizketak hasi izana oposizioko alderdiekin, eta hala interpretatu behar da Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak atzo aurrekontuen aurkezpenean iragarritakoa. Eusko Jaurlaritza «mugitzeko prest» dago, eta alderdiek aurkeztu dizkioten proposamen guztiei buruz hitz egingo du, baita pentsio txikiak osatzeko aukerari buruz ere.

Negoziazio horien jokalekua zein izango den atzo argitu zuen sailburuak. Gobernuak 11.784 milioi euro izango ditu gastatzeko 2019an. Aurtengo aurrekontuetan baino ia 300 milioi gehiago dira. Haatik, zorpetzean eta AHTaren kredituan egindako jaitsierari esker, sail ezberdinek 371 milioi gehiago izango dituzte eskura politika propioak garatzeko.

Azpiazuk argi utzi du ezingo dela gastu muga hori gainditu. Inolako defizit gabeko aurrekontuak aurkeztu ditu Jaurlaritzak, eta defizit txiki bat izateko baimena badu ere —%0,1 da, baina Espainiako aurrekontu berriak onartzen badira, pare bat hamarren handitu daiteke—, ezingo luke erabili, gastu araua urratuko lukeelako. Administrazio baten gastua urtetik urtera zenbat igo daitekeen arautzen du gastu arauak, eta egonkortasun legearen parte da, defizit eta zorpetze mugarekin batera.

Gastu hazkundearen erdia baino gehiago eramango dute pertsonal eta funtzionamendu gastuek. Aurten baino 205 milioi gehiago bideratuko dira bi atal horietara. Funtsean, langile publikoei eskaini zaien soldata igoera ordaintzeko dirua da. Hain zuzen ere, %2,25 igoko zaie soldata heldu den urtean, eta ordainaren beste %1,5 bideratuko zaie Itzarriko pentsio osagarrira. 90.000 langileri dagokie eguneraketa.

Zalantza juridikoak

Gobernuak prestatu duen aurrekontu esparruak markatuko ditu oposizioko alderdiekin egingo diren negoziazioak. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek aldaketa esanguratsuak eskatu dituzte babesaren truke, eta ehunka milioi mugitzea nahi dituzte, bereziki politika sozialarekin lotutako atalak indartzeko.

Oposizioko alderdi nagusiak, EH Bilduk, 420 milioi euroren erabilera hitzartzea exijitu du, trukean bi abstentzio eman eta heldu den urterako aurrekontuak aurrera ateratzeko. Diru horretatik gehiena, 350 milioi euro, pentsio txikienak DSBEaren bidez handitzeko baliatu nahi du. Gainerako 70 milioi euroak enpleguan plan eta ekintza zehatzak finantzatzeko erabiliko lirateke.

Azpiazuren aburuz, pentsioen inguruko eskaera horrek «gaindituko luke» Jaurlaritzaren eskumen esparrua, eta egokiagoa litzateke Madrilen, Espainiako Kongresuan, tramitatzea. Haatik, dagoeneko pentsio ordain urrienak ari da hilero osatzen gobernua, DSBEaren bidez. Hain zuzen ere, 14.733 pentsiodun ari dira uneotan osagarri hori kobratzen.

Sailburuari «juridikoki konplexua» iruditzen zaio gaia, eta eta uste du «legelariekin» argitu beharrekoa dela ordain horiek gizarte babesaren funtzioa noiz gainditzen duten eta noiz bihurtzen diren pentsio. Edonola ere, ez du itxi gai horri buruz ere negoziatzeko atea: «Eusko Jaurlaritzaren borondatea da ahal diren esparru guztietan mugitzea». EH Bilduk aurretiazko bilera bat egingo du gobernua sostengatzen duten alderdiekin —PSE-EErekin egon zen joan den astean, eta EAJrekin bilera du ostiralean—, eta ondoren berriro bilduko da sailburuarekin.

Datorren urteko aurrekontuetan DSBEa eta etxebizitza osagarria ordaintzeko 470 milioi gorde ditu Jaurlaritzak. Aurtengo aurrekontuetan baino 21 milioi euro gutxiago dira. Onuradunei ordainak %2,25 igoko zaizkie, langile publikoen soldatak adina.

Elkarrekin Podemosek egindako eskaerak ere aztertu ditu gobernuak. Langile publikoen soldatei krisian galdutakoa eguneratzeko 700 milioi jarri beharko liratekeela kalkulatu du, eta, ondorioz, zalantzan jarri du horren bideragarritasuna. Dena den, Azpiazuk jarrera aldaketa sumatu du atzo bertan Lander Martinez Podemoseko idazkariak egindako adierazpenetan: «Iruditu zait norabide aldaketa bat dela akordio bat bideratzeko zentzuan».

Hala EH Bilduk nola Elkarrekin Podemosek idatziz helarazi dizkiote euren helburuak Ogasun Sailari. PPrekin ere batzartu zen sailburua, baina popularrek ez dute agiririk bidali. Sailburuak ez dio uko egin PP erakartzeko aukerari, eta iragarri du haiekin berriro bilduko dela.

Ostiraletik, tramitazioa

Ostiralean eramango du gobernuak aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrera, tramitazio ofiziala abiatzeko. Azpiazuk espero du prozedura horren joanean gai izango dela oposizioa «konbentzitzeko», aurrekontu proiektu «oso ona» delako.

Ehunekotan, hazkunde handiena Ingurumen eta Etxebizitza Sailak du, etxebizitza plan zuzentzaileko 15 milioi euro direla eta. Berritasunen artean, lehen aldiz soldata arrakalaren aurkako neurriak jasoko ditu Lan Sailaren aurrekontuak, eta 4,5 milioi gehiago bideratuko zaizkio Haurreskolak partzuergoari, 18.000 eurotik beherako diru sarrerak dituzten familien eskolatzea doakoa izateko. Dirutan, igoera handienak osasun eta hezkuntza sailetan nabarituko dira, soldatei lotuta. AHTaren lanak aurreratzeko kreditua 161 milioi eurotik 103 milioira jaitsiko da.

Aurreikuspen makroekonomikoei eutsi die gobernuak. Espero. du heldu den urtean BPGa %2,3 handituko dela, aurten baino bost hamarren gutxiago. Hazkunde horri esker espero du 13.500 lanpostu garbi sortzea eta langabezia %10etik behera geratzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: