GEURE KONTU

Kolosala izan da

JON URBE / @FOKU.
Iker Aranburu.
2020ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Beherakada handia izango zela jakina zen, ikusi gabea gerra garaietatik. Eta handia izan da, «kolosala», presoen aldeko manifestazio baten harira asko zabaldu zen esamoldea erabiliz gero. «Ukabilkada izugarria», Elma Saiz Nafarroako Ekonomia kontseilariak hautatutako metaforaren arabera. Ez da gutxiagorako Nafarroan, %15,6 txikitu baita BPG barne produktu gordina urteko bigarren hiruhilekoan, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, %16,9. Saizek berak onartu du ez zutela hainbesteko kolperik espero.

Kezkatzeko beste motibo bat badago: BPGaren uzkurtzea nabarmen handiagoa izan da hemen beste herrialde batzuetan baino. Eurogunean ekonomia %12,1 txikitu da, %10,2 Alemanian, %12,4 Italian, %13,8 Frantzian, %9,5 AEBetan ... Kontsolamendu eskasa nahi duenak beti du Espainiara begiratzeko aukera, %18,5ekobeherakada izan baitu, orain arte jakinarazitakoetan handiena.

Martxoaren bigarren erdialdean Euskal Herri osoan hasitako konfinamenduak lehen hiruhilekoan ere zenbaki negatiboak eman zituenez, teknikoki atzeraldian gaude, horrela deitzen baitzaio bi hiruhileko segidan hazkunde negatiboa izatea.

Baina agian hobe da atzeraldi teknikoan «geundela» esatea, arau makroekonomikoen paradoxengatik, oso litekeena delako gaur, abuztuaren 2an, jada ez egotea teknikoki atzeraldian, baina bai krisi larri baten erdi-erdian. Ekonomia hazten ari dela pentsatzekoa da; herren, baina hazten. Apirilean ez bezala, fabrikak irekita eta lanean daude, eraikuntza berriro abiatu da, ostalarien kutxetan diru pixka bat sartzen ari da, fisioterapeutek eta dentistek bezeroak dituzte...

Izan ere, azken egunotan jakinarazitako datuek gertatu denaren argazkia ema n dute, gutxi asko espero zena itxialdia erabaki zutenean: shock ekonomiko bat, enplegu galera handi batekin —agian ez kolosala, oraingoz—. Baina benetan garrantzitsuena da zer gertatuko den orain, zer ari den gertatzen, horrek emango baitu krisiaren neurria. Suspertzea handia bada, langile gehienek beren lanpostuei eutsiko diete, enpresa gutxik egingo dute porrot, eta COVID-19ari aurre egiteko gastuen faktura bizpahiru urtean ordaindu ahal izango da. Baina suspertzea txikia bada, panorama gehiago belztuko da:enpresak itoko dira, langileak kalera joango dira, kontsumoa jaitsiko da eta atzeraldiaren sorgin gurpila elikatuko denez, fakturaren zamak hainbat urtez motelduko gaitu.

Ezkortasuna zabaltzen

Zoritxarrez, gaur-gaurkoz bigarren aukera indartzen ari da. Koronabirusaren agerraldiak uxatzen ari dira ekainaren hasieran susma zitekeen baikortasun lotsatia. Debekuek eta mugek kanpoko turisten etorrera eten dute, maskara derrigor jantzi behar izateak tabernetarako eta jatetxeetarako bisitak gutxitu ditu, gaixotasunarekiko beldurra opor planak baliogabetzen ari da, eta, giro ezkorragoak —«noiz dator hurrengo konfinamendua?», askoren ahotan dagoen galdera— kontsumoa uzkurtzen du. Eta, agian tristea izango da, baina gauzen zein zerbitzuen kontsumoa da ekonomiaren motor nagusia, lanpostuen zati handi bati eusten diona.

Egia da mina ez dutela guztiek berdin sentituko. Garai gogorrek jarraituko dute kulturaren langileentzat, ostalarientzat eta jendaurreko beste zerbitzu batzuk ematen dituztenentzat. Industrian gauzek ez dute itxura onik autogintzan eta makina erremintan, baina aeronautikan hondamendia dator gainera. Sektoreak ez du espero 2019ko aire trafikoa berreskuratzerik2024ra arte, eta, hegaldirik gabe, ez dago hegazkin berrien beharrik. Kaleratzeak iragarri dituzte sektoreko euskal enpresa nagusiek —Aernnovak, ITP eta Sener—, eta, oihartzun txikiagoarekin bada ere, txikiagoetan egoera ez da desberdina izango.

Defizit mugak, hitzartuta

Ekonomiaren bilakaera erakusten duten datu txikiei —autoen salmenta, etxeena, industriaren ekoizpena...— adi egongo dira Elma Saiz bera eta Pedro Azpiazu, iragartzeko ea zenbat diru iritsiko den kutxa publikoetara. Aste honetan lotu dute defizit muga Madrilekin: BPGaren %2,3 lehenengoak eta %2,6 bigarrenak. Funtsean, zenbateko zorra hartzeko baimena izango duten. Lorpen gisa saldu nahi izan dute batak zein besteak, baina datuak erlatibizatu beharrekoak dira. Shockari aurre egiteko, behar beste gastatzea aholkatzen ari dira austeritatearen garai bateko defendatzaileak, eta defizit kontuetan barra librea onartu die Bruselak estatukideei. Testuinguru horretan, Espainiako Gobernuari muga hamarren edo puntu batzuk handitzea edo txikitzea ez liok easkorik axola beharko; hala erakutsi du hitzartutako kopuruak alda daitezkeela onartuta. Hurrengo urtean baliteke testuingurua beste bat izatea, baina, oraintxe, 2021a urrun dago, oso urrun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.