Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

GEURE KONTU

Haizea dator, nuklearretik

Fessenheim herriko zentral nuklearra, Alsazian. Iaz itzali zuten.
Fessenheim herriko zentral nuklearra, Alsazian. Iaz itzali zuten. CHRISTOPHE KARABA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Iker Aranburu -

2021eko urriak 17

Fukushimako istripuak duela hamar urte energia nuklearraren gainean jarri zuen laino beltz toxikoa uxatu nahi duen haize fin bat dabil. Ez da haize sendoa, eta ez du oraingoz inguru guztietan jotzen, baina gero eta gehiago antzematen da, batez ere energia nuklearrarentzat emankorrak izan diren lurretan. Eta horien artean Frantzia da nagusi, ez baita alferrik hango argindarraren %65-70 sortzen atomoaren ondorioz. Kopuru hori pixka bat jaisten ari da berriztagarrien mesedetan, baina erabat ez hondoratu ez dadin ahalegintzen ari da Emmanuel Macron presidentea.

Izan ere, Frantzia 2030 industrializazio planaren aurkezpenean, asteartean, Macronek agindu zuen mila milioi euro inbertituko dituela SMR erreaktore nuklear txiki eta modularrak garatzeko. Argindar gutxiago sortuko lukete, noski, baina txikiagoak dira haien arriskuak, istripu bat edo isuri bat gertatuz gero, eta askoz merkeagoak dira, 20 milioi eurotik behera. Gainera, aste gutxian seriean egin ahal izatea da asmoa.

70etik gora proiektu daude, AEBetan, Errusian eta Txinan batik bat, baina Frantzian ere bada bat, Nuward izenekoa, 170 MWeko potentzia lukeena, eta horretan jarri nahi du dirua Macronek. Hasieran, industriala da asmoa, hau da, EDF konpainia elektriko publikoak nuklearrari buruz duen jakintza erabiltzea halako erreaktoreak beste herrialde batzuetan saltzeko. Baina presidenteak berak onartu du Frantzian halakoak jartzeko aukera dagoela. Eszeptikoak badira, besteak beste, erreaktore txikiek nekez estal ditzaketelako itxiko diren zentralak, haientzat kokapen berriak aurkitu ezean.

EPRen porrota

Berez, Frantziak ez du inoiz lasterketa nuklearra utzi, baina porrot latza jasaten ari da bere proiektu izarrarekin, EPR belaunaldi berriko erreaktore erraldoiarekin. Normandian ari da horietako bat egiten, Flamanvillen, 1.600 MWeko potentziarekin; 2007an hasi zituzten lanak, baina irekiera data 2012tik 2024ra atzeratu dute jada, eta 3.000 milioi euro kostatu behar zuenak 20.000 milioi inguruko prezioa du dagoeneko. Diseinu berarekin Finlandian egiten ari direna ere bide horretatik doa.

EPRek ordezkatu behar zituzten erretiroa hartuko duten erreaktoreak. Agintaldiaren hasieran, Macronek esan zuen hamalau erreaktore itzaliko zituztela eta nuklearraren pisua %75etik %50era jaitsiko zutela. Bi erreaktore baizik ez dituzte itxi, biak Fessenheim zentral zaharrean (Alsazia). Planak betetzen badira, 2028rako beste sei edo zortzi itzaliko dituzte. Azken horietan egon daiteke Le Blayaiskoa, Baionatik 200 kilometrora.

Baina Macron ez da energia nuklearraren haizeak jotako bakarra. Eskuinaldera dituen lehendakarigai guztiek ere energia nuklearraren alde egin dute, eta, inkestak betetzen badira, haien artetik aterako da Macronen lehiakidea. Guztien argudioa bera da: karbono isurien aurkako gerran berriztagarriak ez dira nahikoak, eta emari jarrai bat berma dezakeen iturri bat derrigorrezkoa da. Desabantailei buruz, berriz, gutxiago hitz egiten dute, baina hor jarraitzen dute, temati: arriskutsuak dira pertsonentzat eta ingurunearentzat, eta oraindik ez dago konponbide egokirik hondakin erradioaktiboentzat.

Energia nuklearraren aldeko haizea nora eta Japoniara iritsi da. Fukushimaren ondoren, bere zentral guztiak itzali zituen Japoniak, baina Fumio Kishida lehen ministro berriak asteon esan du itxitako zentralak berriro irekitzea funtsezkoa dela, eta ezin direla arrautza guztiak eolikoen eta fotovoltaikoen saskian utzi.

Europan, zer?

Frantziaren auzoetan, berriz, denetarik dago. Fukushimak geratutako plan nuklearra bazterretik atera du Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak. «Garbi hitz egin dezagun: herri honetako gobernuek luzaroan ez dituzte hartu nahi izan nuklearrari buruzko erabaki gogorrak. Aurrera egin behar dugu nuklearrarekin», esan zuen urriaren hasieran. Johnsonek badu leku bat begiz jota: Wylfa, Ynys Mon uhartean (Gales). 2015era arte zentral batek funtzionatu zuen han, eta eraiste prozesuan daude.

Gauzak konplikatuak dira Alemanian. 2010ean, Angela Merkelek bizitza luzatu nahi izan zien herrialdean zeuden hamazazpi erreaktoreei, baina Fukushimaren ondoren, ziaboga egin zuen: zentral guztiak 2022rako ixteko agindu zuen. Sei bakarrik geratzen dira lanean, baina horietatik hiru aurten dira ixtekoak, eta beste hirurak, datorren urtean. Edonola ere, aste honetan bertan 25 pertsonalitatek itxierak eteteko eskatu dute, nuklearra uzten ari den lekua ikatza betetzen ari delako, eta harekin Alemaniaren CO2 isuriak %5 handituko omen direlako 1990ekoen aldean, eta zaila izango delako 2035eko helburura iristea —isuriak %65 txikitzea—.

Espainian, berriz, ez dago debekatuta zentral bat irekitzea, baina ez da berririk egin 1988an Trillokoa zabaldu zutenetik, Gaztela-Mantxan. Sor dezakeen oposizioa gorabehera, beste arazo bat dago: ekonomikoa, oso garestia baita erreaktore bat egitea ere. Zentral berririk eraiki ezean, 2027tik 2035era itxiko dira orain irekita dauden zazpi erreaktoreak

Zentral berriak merkatzeko bide bat izan daiteke Europako Batasunak energia nuklearra energia berdetzat jotzea, hartara errazago finantzatuko direlako. Frantziak eta beste bederatzi estatukidek hori egiteko eskatu diote Bruselari; Alemaniak ezetz dio. Berlinen harresia eraitsiko al du haize nuklearrak?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jose Luis Escriva ministroa, Espainiako Kongresuan, gaur, ©RODRIGO JIMENEZ / EFE

EAJk pentsio erreforma babestu du, eta EH Bilduk abstentziora jo du

Xabier Martin

Alderdi jeltzaleak baiezkoa eman dio Belaunaldi arteko Ekitate Tresna jaso duen erreformari, «bidezkoagoa delako». Koalizio abertzaleak «abstentzio kritiko» batera jo du, «bidea egiteko».

LPEEren ikurra, Vienako egoitzan. ©CHRISTIAN BRUNA / Efe

LPEEk eta aliatuek ekoizpena poliki handitzen jarraituko dute

Iker Aranburu

Azken hilean %20 merkatu da Brent upela, gehienbat omikron aldaera agertu zenetik.

Bidesariak N1 errepidean. ©JON URBE / FOKU

Gipuzkoak hirugarren foru araua onartu du kamioientzako bidesariak legezko izan daitezen

Xabier Martin

EAJk eta PSEk aurrera atera dute arau berria A-15 autobidean eta N-1 errepidean bidesariak ezartzeko. Oposizio osoak ezezkoa eman dio proiektuari Batzar Nagusietan.

Lanbideren bulego bat, Barakaldon. ©Luis Jauregialto¡zo / Foku

Azaroan, 1.076 langabe gutxiago Hegoaldean

Iker Aranburu

Gizarte Segurantzak beste 2.614 kotizatzaile irabazi ditu, eta inoizko kopururik handiena du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.