Iker Aranburu.
GEURE KONTU

Ukrainaren gari preziatua

2022ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Nori ez zaio gertatu herriko dendara edo auzoko supermerkatura joan eta ikaratzea elikagaien prezioa ikusita. Ez da harritzekoa, Hego Euskal Herrian, INEren arabera, janarien salneurria ia %10 garestitu delako azken urtean, eta are gehiago produktu jakin batzuena: %44 olioa, %27 arrautzak, %14 zerealak, %13 barazkiak ... Arazo handia, batez ere herritar pobreentzat, haien diru sarrera apalen zati handiago bat doalako elikagaiak erostera.

Baina ez gaitezen engaina: Euskal Herria mundu aberatsean dago, eta, arazoak arazo, prezio batekin edo bestearekin, baina nekez faltako dira elikagaiak. Kontsolamendu txikia izango da agian, baina hori esaterik ez dute mundu zabalean. Maiatzaren hasieran Nazio Batuen Elikagaien Munduko Programak ohartarazi zuen 2020tik 2021era 155 milioitik 293 milioira igaro direla elikagai eskasia larria duten munduko biztanleak. Koronabirusaren krisiaren ondorio da, baina hari batzen ari zaio Ukrainako gerrarena.

Errusiaren inbasioak herrialde pobreetan oso ondorio kaltegarriak izango zituelairagarri zuten lehen unetik nazioarteko erakundeek, Errusia eta Ukraina direlako munduko gari, arto eta olio esportatzaile handienetako batzuk, eta Ekialde Erdiko eta Afrikako herrialde askoren hornitzaile nagusiak. Pentsatzekoa zen gerrak batez ere Ukrainaren esportazioei kalte egingo ziela, eta hala gertatzen ari da.

Oharra berriro egin zuen atzo G7ko taldeak. Ez zen txikikeriatan ibili: «Gose krisiaz» hitz egin zuen, eta Errusiari eskatu zion kendu dezala Itsaso Beltzeko portuen blokeoa, Ukrainak handik esporta dezan bere garia. «Munduak zereal horien behar handia dauka; atera daitekeen tona bakoitzak lagun dezake gose krisia arintzen», azaldu zuen Annalena Baerbock Alemaniako Atzerri ministroak. Haren kalkuluen arabera, 25 milioi tona zereal daude blokeatuta Ukrainan, urtebetean Nazio Batuen Erakundeak oso pobretzat jotzen dituen 50 herrialdeek inportatzen dutena adina.

Trenbideen arazoa

Iazko uzta da biltegietan dagoena, eta horren zati oso txiki bat ateratzen ari da, trenez, Errumaniarantz. Arazo bikoitza dago: batetik, tren asko behar direla itsasontzi erraldoiek garraia dezaketena garraiatzeko; bestetik, Ukrainaren eta haren auzoen trenbideen zabalera ez dela bera. Janari eskasia eta prezioen igoera eteteko biderik azkarrena Kieveko gobernuaren esku dauden portu apurrak desblokeatzea izango litzateke, baina Vladimir Putinek ez du horretarako asmorik erakutsi.

Beste arazo bat da zer gertatuko den aurtengo uztarekin. Ukrainako Gobernuak kalkulatu du zazpi milioi hektarea zereal landu ahal izango direla, gerra aurretik baino %25-30 gutxiago. Gari ekoizpenaren zati esanguratsu bat gaur egun Errusiaren menpe dauden hegoaldeko lurretan egiten da, eta beste bat gerraren frontea den ekialdeko probintzietan. Kieveko gobernuak jada salatu du Errusia bildutako uzta atxikitzen ari dela. Gainera, landa daitekeen lurraren uzta ohikoa baino txikiagoa izan daiteke, eskulana eta tresnak falta direlako.

Ukrainak esportatzerik ez duena Indiak hornitu ahal izatea zen itxaropena, han uzta ona izan baitzuten iaz. Baina New Delhiko gobernuak ostiralean iragarri zuen eten egingo dituela esportazioak, lehenik bere buruaren hornidura ziurtatu behar duelako. Hori bai, «herrialde auzoen eta zaurgarrien beharrak» betetzen saiatuko dela agindu du. Ikusteko dago horien artean izango ote den Egipto; hark inportatzen zuen gehien Ukrainatik, eta Indiara jo zuen Kairok bere hornidura bermatzeko.Bigarren zaplaztekoa jasotzekotan egon daiteke.

Kontua da egoera zailtzen ari zaiola Indiari: inflazioa oso handia da, bereziki elikagaiena, eta azken asteetan jasandako beroaldi latz eta luzearen ondorioz eskualde batzuetan uztaren erdia galduko dela kalkulatu du Bloomberg-ek.

Ez da India egoera zailean protekzionismora jotzen duen lehen herrialdea. Indonesiak palma olioaren esportazioa debekatu du, eta Serbiak eta Kazakhstanek zerealen esportazioa mugatu dute. Arazoa nahiko handia ez, eta beste herrialde askotan uzta kaskarrak espero dira, lehorteen ondorioz, hala nola Frantzian —EB esportatzaile handi bat da— eta AEBetan.

Beste batzuk ere bai

Horren guztiaren ondorioa da ia ziurra dela aurten zerealen ekoizpena murriztu egingo dela, eta, ondorioz, zerealen prezioa askorentzat jasanezina den neurrira arte garestituko dela. Aste zaila dator nazioarteko merkatuetan, erosleak Indiatik lortzerik ez dutena beste nonbait bilatzen hasiko direlako, eta egoera horretan espekulazioak goia jotzen duelako.

Zer egin daiteke? G7aren bilera osteko agiriak dio «alde askoko erantzun koordinatua bizkortuko» duela, «herrialde zaurgarrienak laguntzeko». Hitzak ongi daude, baina ekintzak hobeto. Eta G7koek jakin badakite goseak matxinadak eta migrazio handiak ekartzen dituela —hor dago Udaberri Arabiarra—. Arrazoi etikoak eta humanitarioak nahikoak ez balira, haien interesekoa ere bada zerbait egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.