Irune Lasa.
ASTEKO GAIA

Bat janzteko, bestea biluztea

2022ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Errusiako gasaren mendekotasunetik libratzeko dirutza beharko du Europako Batasunak. Milaka milioi euro berriztagarrietan inbertitzeko; baina baita erregai fosiletarako ere, haientzako azpiegituretarako, eta gas naturala beste nonahi erosi ahal izateko. Eta marka da, diru hori biltzeko, eta besteen artean erregai fosilak sustatzeko, Europak arriskuan jar dezakeela karbono emisioak murrizteko duen tresnarik eraginkorrenetakoa, Europako karbono eskubideen merkatua.

Arazo bat konpontzeko beste baten konponbideari kalte egitea irtenbide egokia ote da?

Europako Batasuneko karbono merkatuan isurketa eskubideak salerosten dira. Eskubide-baimen horiek behar dituzte kontinenteko 10.000 lantegi, findegi eta ustiategi handi inguruk, karbono dioxidoa atmosferaratuko badute. Batzuek eskubideak doan lortzen dituzte, baina gehienek ordaindu egin behar dituzte. Horrela, haiek kutsatzeagatik ordaintzea lortzen da; beraz, emisioak ekonomikoki zamatzen dira, eta murritzarazi.

Jakina, teorian, Errusiako gasaren mendekotasunetik askatzeko planarekin Bruselaren asmoa ez da eskubideen merkatuari kalte egitea. Europako Batzordeak asteazkenean aurkeztutako Repower EU planaren asmoak eta zenbakiak tolesgabeak dira paperean.

Errusiari gasik ez erosteko eta energia trantsiziorako plan berriak 210.000 milioi euroko inbertsioa eskatuko du 2027rako, eta 300.000 milioikoa 2030erako. Diru horren zati bat RRF Berreskurapenerako eta Erresilientziarako Mekanismotik hartuko da, mailegutan (225.000 milioi euro).

Baina 20.000 milioi euro CO2 isurtzeko eskubideen merkatuko erreserbako eskubideak salduta lortu nahi ditu Europak, «betiere eskubideen prezioetan nahasmenik sortu gabe».

Nahasmena ez, baina erreakzioa berehalakoa izan da. Asteazkenean bertan, Europako isurketa eskubideen salneurriak %8 egin zuen behera. Espero zitekeen; ez da harritzekoa prezioa jaistea merkatuak aurreikusten badu aurrez sumatu baino salgai gehiago izango dela eskura.

Gerraren ondoko egoeran, isurketen eskubide garestiek gas natural likidotu eta ikatz kutsatzaileagoen erabilerarentzat dakarten zigorra arintzea ere egongo da, neurri batean, eskubideen salmenta horren atzean. Baina horren ifrentzua da haizea hartzera joan daitezkeela CO2 gutxiago emititzeko pizgarri nagusiak: hain zuzen, eskubide garestiak.

Batzordeko iturriek diote behin-behineko egoera dela, Ukrainako Gerrarekin lotua; ez dagoela arriskuan 2030erako EBko isurketak 1990ekoen %55en azpitik izateko helburua; kalkulu guztiak egin dituztela.

Baina, merkatuaren sinesgarritasuna arriskuan ikusten dute askok, ingurumen gaietan jarduten diren gobernuz kanpoko erakundeek, kasurako. Orain eskubideetan 20.000 milioi saltzen badira, nork ziurtatuko du ez direla beste 10.000 milioi salduko hemendik bi urtera? Erakundeak beldur dira isurketak handitu egingo direla, eskubide gehiago eta merkeagoak izanda.

Haserrea, gainera, handiagoa da kontuan hartzen bada Europako karbono merkatuak urteak behar izan dituela sinesgarritasun hori lortzeko; kutsatzaileek ikusteko hobe zutela ahalik eta karbono gutxien isurtzea.

Erreserbako eskubideen salmentak are ulergaitzagoa dirudi, bezperan, asteartean, Europako Parlamentuko Ingurumen Komitean adostutakoen ostean. Koalizio zabal batek hitzartu zuen zorroztu egin nahi dituela Europako Batzordeak deskarbonizaziorako ezarritako hainbat helburu.

Eta, horien artean, karbono merkatuko erreserba indartzeko neurria dago. Merkatuan eskubideen «gehieneko» kopurua 700 milioi eskubidetan ezarri nahi du komiteak, eta batzordeak 883 milioitan nahi zuen. Eta doako eskubide kopuruaren murrizketa ere lehenago gauzatzea nahi du parlamentuko komiteak.

Ekainean izango da bozketa osoko bilkuran, eta ikusteko dago oraindik zer aterako den aurrera eta zer ez Europako Parlamentuan. Estatuek ere izango dute zeresana erabakietan. Baina zertarako batetik helburuak zorroztu eta bizkortu, bestetik atzerapausoak egingo badira?

Ukrainako gerrak hainbat gabezia biluztu ditu Europan, estali beharrekoak. Baina ezin da ahaztu presazkoa dela klima larrialdiari aurre egitea, isurketak murriztea. Estalkiari hortik tiratzeak benetan utz dezakeelako gizateria larrugorrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.